Nafarroaren historia ezkutatu nahi izana salatu dute Kongresuaren atarian

Nafarroa Bizirik babestu dute Amaiur, Geroa Bai, BNG, CC eta Compromiseko diputatuek

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Espainiako Diputatuen Kongresuan Nafarroaren konkistari buruz Nafarroa Bizirik plataformak eman behar zuen hitzaldia, prentsaurreko bilakatu zen, atzo, Kongresuaren atarian, bi lehoien aurrean. Nafarroa Bizirik-eko Patxi Abasolok hartu zuen hitza, baina Kongresuko hainbat ordezkariren babesa izan zuen. Denek salatu zuten Kongresuko Mahaiak, PPk gehiengoa duen foroak, azkenean Nafarroa Bizirik-i debekatu izana aldez aurretik mahai horrek berak baimendutako hitzaldia ematea, eta duela bost mendeko Nafarroaren konkistari buruz bertsio bakarra bultzatzea eta eztabaida eragoztea leporatu zioten PPri.

Abasolok deitoratu egin zuen Kongresuko Mahaiak azkenean debekatu izana atzo goizean Nafarroa Bizirik-ek ematekoa zuen hitzaldia, Amaiurrek eta Geroa Baik gonbidatuta «ilusio handiz eta denboraz» prestatu zutelako. «Argudiorik ez dutenez, mehatxua, xantaia eta debekua erabili dituzte berriro ere», salatu zuen.

Abasolok irakurritako agirian, gogoeta eskatu zuen Gaztelako eta Aragoiko tropek duela bostehun urte Nafarroa konkistatu zutenean iraganean zein gaur egun eragindako ondorioei buruz.

Abasolok gogorarazi zuen Nafarroa Bizirik alor askotariko milaka lagunez eta Euskal Herriko ehun udalez osatutako mugimendu soziala dela. Era berean, konkista ukatzen dutenen edota konkistaren onurak goraipatzen dituztenen aurrean, plataforma horrek ospatzeko ezer ez dagoela defendatzen duela esan zuen. Abasolok gaineratu zuen, testuinguru horretan, Kongresuan ematekoa zuten hitzaldia Nafarroaren konkistaren bosgarren mendeurrenaren inguruan eztabaida bermatzeko zela, eta hainbat jenderen aburuak helarazteko, «ebatsitako subiranotasuna» aldarrikatzen dutenak ere badirelako.

Abasolorekin egon ziren Amaiurreko diputatu Xabier Mikel Errekondo, Maite Aristegi eta Sabino Cuadra, talde horretako senatari Amalur Mendizabal, Geroa Baiko diputatu Uxue Barkos, BNGkoFrancisco Jorquera, CCko Pedro Quevedo eta Compromis-eko Joan Baldovi.

Agerraldi horren aurretik, Errekondok PPren «totalitarismoa» salatu zuen Legebiltzarreko Bozeramaileen Batzordean. «Nafarroako benetako historia ezkutatzen saiatu da PP; jarrera totaliltarioa izan du», salatu zuen.

EAJko ordezkaririk ez zen agertu Nafarroa Bizirik-en prentsaurrekora, Abasolok esan zuenez leku eta ordu aldaketak eraginda. ERCkoak ere agertzekoak ziren, baina arrazoi berarengatik ez zuten joaterik izan. Bozeramaileen Batzordean, dena den, Josu Erkoreka jelkideak mahaiaren debekua salatu zuen, erabakiarekin «erabat desados» zegoela adierazi zuen, eta debekuaren arrazoia bera ere auzitan jarri zuen: «Nafarroa Bizirik-i Kongresuko ateak ixteko emandako arrazoiek ez dute funtsik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.