Nafarroaren eta Espainiaren arteko «hitzarmen politiko» berri bat proposatu du Urrutiak

Iñigo Urrutiak Foru Hobekuntza berritzeko ikerketa lantaldearen aurrean aurkeztu du «eskumenak blindatzeko» bere proposamena. Alderdiek bat egin dute haren diagnostikoarekin, baina denek ez dute proposamena babesten.

Iñigo Urrutia, gaur goizean, Nafarroako Parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU
Iñigo Urrutia, gaur goizean, Nafarroako Parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko irailaren 6a
12:50
Entzun

Iñigo Urrutia Zuzenbideko doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak Nafarroako Foru Hobekuntza berritzeko ikerketa lantaldearen aurrean aurkeztu du Nafarroaren eta Espainiako Estatuaren arteko eskumen banaketa arautzeko bere proposamena; hain zuzen, «eskumenak blindatzea» eta horretarako «hitzarmen politiko bat» ezartzea xede hartuta.

Urrutiaren esanetan, beharrezkoa da estatuarekiko harreman eredu berri bat ezartzea, eta egungo egoeraren diagnostiko bat egin du behar hori argudiatzeko. Izan ere, adierazi du Espainiako Estatua erkidegoen eskumenetan esku hartuz joan dela etengabe, eta «higadura nabarmena» eragin duela: «Ez da eskumen kopuruari lotutako arazo bat, horiek egikaritzeko autonomiaren kalitatearen gainekoa baizik». EHUko irakasleak salatu du estatuko botere legegilea «oso hedakorra» izan dela estatuari dagozkion eskumenak interpretatzerakoan, eta Auzitegi Konstituzionalaren babesa izan ohi duela horretarako: «Egungo sisteman, estatuak praktikoki ez du mugarik esku hartzeko».

Hori Foru Hobekuntzak Nafarroaren eskumenekotzat jotzen dituen arlo ugaritan ─hezkuntza, etxebizitza, nekazaritza, ingurumena, merkataritza...─ gertatu da, Urrutiaren esanetan, eta lurraldeko eredu ekonomikoa ere «baldintzatu» du. Hala, irakasleak uste du «desagerrarazten» ari direla erkidegoen eskumen esklusiboak, politika propioak garatzea eragotziz: «Hala, autonomia politikoaren oinarrizko nukleoa kaltetzen da, zeinak politika propioak garatzeko gaitasuna baitu oinarri». Horren ordez, eskumen arloaren «harmonizazio bat» gertatzen ari dela salatu du, kontuan hartu gabe bakoitzaren finantza eta zerga gaitasunak.

Hori ikusita, autogobernuaren kalitatea hobetzearen alde egin du Urrutiak, kontuan hartuz «galdu den esparrua handia» dela. Uste du egungo eskumen sistema «birdefinitu» behar dela, bi aldeko harremana oinarri izango duen berme sistema baten bidez: «Berdinen arteko negoziazio gaitasunarekin, harremanetarako marko juridiko berri baten bidez». Horrek eskatzen du «aldaketa kualitatiboak» egitea Nafarroaren eta estatuaren arteko harremanetan.

Urrutiaren esanetan, harreman eredu berri horrek hiru ardatz izan beharko lituzke. Batetik, adierazi du harremanen oinarrian «autogobernuaren kultura berri bat» izan behar dela, «berezitasun forala» ardatz hartuta eta «kooperazioa» oinarri izango duen eskumenen banaketa berri batekin. Ondorengo printzipio hauek izan beharko lituzke mekanismo horrek: elkarrekiko aitortza, aldebikotasuna, eskumenak, subsidiariotasuna, kooperazioa eta prozesu arautzaileetan parte hartzea.

Bigarren urratsa litzateke eskumenen tipologiaren definizio bat ezartzea, egun Foru Hobekuntzan jasotako eskumen kopurua areagotuz eta zehaztuz, eta haren Foru Hobekuntzaren 40. artikulua berrituz, zehazteko eskumen bakoitzaren kasuan zein ahalmen luketen Nafarroako erakundeek.

Azkenik, aldebiko izaera hori «indartzeko» berme sistema berri bat diseinatzearen alde egin du. Hark bi fasetan lan egin beharko lukeela zehaztu du, legeak tramitatu aurrekoa eta horiek jada prest diren unetik harago doana. Lehenari dagokionez, Urrutiak lege aurreproiektu batek erkidegoen eskumenak urratu ditzakeen zehaztera bideratutako talde baten alde egin du: «Helburua da proiektua hitzarmen politikoarekin uztargarria ote den zehaztea». Bigarrena, berriz, gatazka bat dagoenean jarriko litzateke martxan, hura kooperazio batzorde batean aztertuz, eta, akordiorik ezean, halako aferetarako epaile lanak egingo lituzkeen aldebiko batzorde batean landuz.

«Kimera»

Lantaldeko kideek atentzioz erreparatu diote Urrutiaren hitzartzeari, eta denek bat egin dute hark plazaratutako diagnostikoarekin, edo, gutxienez, haren zati batekin. UPNko parlamentari Marta Alvarez, baina, ez dator bat irakaslearen proposamenarekin, besteak beste UPNk ez duelako «lehentasuntzat» Nafarroak eskumen gehiago izatea. Gainera, Alvarezek eta PSNko Maria Juriok Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak errespetatu beharra azaldu dute, eta gogoratu Nafarroako Parlamentutik harago doazen aldaketak eskatzen dituela horrek. «Kimera bat da, mugitu beharreko makineria kontuan izanda», adierazi du Juriok. «Ia platonikoa» izan da PPko Irene Royok erabilitako formula. Hark autogobernua defendatu bai, baina Espainiako Konstituzioa ere errespetatu behar dela esan du.

EH Bilduko eledun Adolfo Araizek, berriz, txarretsi egin du proposamena «kimeratzat» jotzea, eta Espainiako Gorteetan ireki den «aukera leihoa» baliatzeko beharra azaldu du. Hala, «berritzailetzat» jo du «eskumenen higadurari» aurre egiteko proposamena: «Politikoki burutu daiteke. Soilik faltako litzateke EAEk berea blindatzea, eta Nafarroak ezin ahal izatea». Bide beretik, Geroa Baiko Pablo Azkonak ere adierazi du denek ikusi dutela «higadura» hori, eta beharrezkoa dela horri aurre egiteko negoziazioei heltzea. Eta Zurekin taldeko Carlos Guzmanek proposamen «anbiziotsu eta ausart» gisa definitu du Urrutiarena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.