Nafarroako Gobernua osatzen duten hiru alderdiek —PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak— ez dute gehiengo politikorik legebiltzarrean, baina «gehiengoak batzeko» gai direla azpimarratu du Maria Txibite gobernuko lehendakariak, urte berriko mezuan. Haren ustez, aurrekontuak hitzartzeko gai izatea eta, oro har, egonkortasun politikoa eta instituzionala izatea «aktibo bat» da gaur egungo testuinguruan.
Bi minutuko bideo batean, Txibite gaztelaniaz mintzatu zaie nafarrei. Urte berri on eta zorionak opa die herritarrei euskaraz. Nafarroako Jauregiko bere bulegoan grabatutako mintzaldian, aipatu du ildo kontrajarriak daudela urte berriak dakartzan erronkei, aukerei eta zailtasunei heltzeko. «Badakigu kontraesanak izan ohi ditugula hala arlo publikoan nola bizitzan».
Hala, haren irudiko, Nafarroak arlo ekonomikoan eta sozialean adierazle onak baditu ere, nazioarteko egoera geopolitikoak baldintzatuko du ekonomikoaren jarduna. «Ez gaude mundu globalizatu honek dakartzan haizeteetatik libre». Horren adibide jarri ditu Alemaniaren egoera eta autogintzaren sektorean Volkswagen taldeak iragarritako lantokien itxierak eta kaleratzeak; Donald Trumpen garaipenak eta urtarrilaren 20tik aurrera munduan horrek izango dituen ondorioak; eta Txinak hainbat sektore ekonomikotan egiten duen lehia —hala nola autogintzan eta energia berriztagarrietan—.
BSHko langileak gogoan
Mundu osoko egoera horretan, «bizitzeko erkidego hoberena» izatea da Nafarroako Gobernuaren helburu nagusia eta tinkoa. Hala, Txibitek gogoan izan ditu egun «egoera bereziki zaila dutenak, batik bat BSHko langileak». Konponbide bila Nafarroako Gobernua aliatu izango dutela azaldu die.
Dena den, Nafarroak adierazle onak izatea goraipatu du Txibitek. Haren esanetan, «Inoiz baino langile gehiago dituela amaituko du Nafarroak urtea, eta Espainian bizi kalitate handieneko lurraldea izanda». Horri gehitu dio lanbide heziketan ikasle guztiek enplegua topatzea.
Horregatik uste du gizartearentzat baliagarria dela gehiengoak osatzeko gai izatea eta egonkortasun politiko eta instituzionala lortzea gutxiengo politikoan izanik. «Egonkortasun hori aktibo bat da, eta komunitatearen zerbitzura jartzen dugu, bere ekarpena egin dezan eskualdeari sendotasuna eman ahal izateko». Azpimarratu du helburu hori elkarrekin egindako «lan kolektibo bat» dela.
Urte berria «indartsu» hasiko dutela deritzo. Aurrerabidearekiko, berdintasunarekiko eta elkarbizitzarekiko konpromiso politikoan oinarriturik jardun nahi dute «bizimodu jasangarriago bat eraikitzeko, aukerak sortzeko eta arrakalak estutzeko». Txibitek amaitu du esanez helburu hori lortzeko «gizartearen eskutik» jardun nahi dutela eta «bide orri argi bat» dutela.
Ibarrolaren kritika
Behin diskurtsoa entzunda, Cristina Ibarrola UPNko presidenteak Txibiteri aurpegiratu dio «errealitate paralelo batean» bizitzea eta nafarren bi kezka nagusiak aipatu gabe uztea: etxebizitza eta itxarote zerrendak. Hala, esan dio autokritikarik ez duela egin: «Kezkagarria da nafarrek egunero duten egoerari bizkarra ematea». Etxebizitzaren gaian, adierazi du babes ofizialeko etxeak falta direla, eta osasungintzan, berriz, itxarote zerrendak markak hautsi dituela. Era berean, UPNk ez du uste nazioartean daudenik Nafarroak dituen arazoak: «Txibitek barrura begiratu beharko luke. Gure arazoen arrazoi nagusi ez dira Alemania, Txina eta Trump, EH Bildu baizik». Haren irudiko, EH Bilduren «menpeko izatea» da, egiazki, Txibitek aipatutako egonkortasuna.
Iragan larunbatean urte bat bete zen Iruñeko Udaleko zentsura mozioa aurrera atera zenetik. Joseba Asiron alkateak eta Laura Aznal EH Bilduko eledunak bideo bat grabatu dute urteurren horren harira. Asironek gogora ekarri du 2015eko udalaren proiektua «ilusionagarria» zela, eta iaz gertatutakoa «bigarren aukera» izan dela, duela hamar urteko ilusioari orain esperientzia gehitzeko. «Beti esan genuen 2015etik aurrera benetan inportanteena ez zela zer egiten genuen, baizik eta jendeari zer erakusten genion, eta erakutsi dugu gauzak egiteko beste modu bat badagoela». Aznalek esandako horri gehitu dio eskuinak hamar urte daramatzala Nafarroako instituzio nagusietako lema izan gabe: «Horri balioa eman behar zaio». Dena den, biek azpimarratu dute gauza ugari daudela egiteko. «Egiteko geratzen den guztiak jartzen dizkigu oinak lurrean. Zenbat gauza dauden oraindik egiteko. Adibidez, orain etxebizitza bat erosteko eta ordaintzeko irabazitako errentaren %45 ordaindu behar da. Nola egon ase errealitate horren aurrean?», esan du Asironek.Iruñeko zentsura mozioak, urtebete