Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen kontseilariaren esanetan, «COVID-19 osteko egoera oso gogorra» izango da, batez ere aurretik jada egoera gaitzean bizi ziren kolektibo zaurgarrienen artean. «Jada pizten ari dira alarma batzuk», ohartarazi zuen Maeztuk atzo. Aurreko asteetan, gobernuak hainbat neurri hartu zituen, eta, atzo, norabide horretan pauso bat gehiago emanez, 7,95 milioi euroko laguntza sorta onartu zuen. Besteak beste, udalen eta gizarte erakundeen artean 6,6 milioi euroko bi deialdi antolatu dituzte larri diren pertsonen kontratazioa sustatzeko.
COVID-19aren hedapenaren ondorioz, epeak, metodologia eta edukiak aldatu ditu gobernuak, eta diru gehiago bideratuko du. Deialdiak jada kaleratu dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Lehenik, oinarrizko gizarte zerbitzuak bere gain dituzten udalentzat, 5,2 milioi euroko deialdia antolatu du gobernuak. Iaz, kasurako, 45 udalek parte hartu zuten, eta 692 lagun kontratatu zituzten, horietatik %62 emakumezkoak. Aurten, udalek lehentasuna izango dute lanpostu normalizatu bat izateko arazoak dituzten errenta bermatuaren onuradunak kontratatzeko, batez ere COVID-19ak eragindako jardueretarako.
Beste deialdi nagusiak 1,4 milioi euroko finantzaketa du, eta gizarte arloko erakundeei zuzenduta dago. Lehenik eta behin, 700.000 euro inguru bideratuko dira lanean trebatzeko zailtasunak eta gabeziak dituzten pertsonentzat, enplegua lortzeko bidean erraztasunak bilatzeko. Bestetik, errenta bermatua jasotzen duten langabeen eta 30 urtetik beherako gazteen kontratazioa bultzatuko du gobernuak, 700.000 euroko finantzaketaren bidez.
Horrekin batera, 798.000 euroko beste neurri sorta berezi bat onartu du gobernuak gizarte bazterketa jasaten duten gizarte taldeentzat. Horrez gain, etxebizitzarako eskubidea bermatzeko hainbat neurri jaso dituzte. Adibidez, orotara 200.000 euroren laguntzak onartu dira logelak alokatzen dituzten familientzat.
Beste 51 hildako
Espainiako Osasun Ministerioaren atzoko datuen eguneraketak joerak baieztatu zituen Euskal Herrian. Koronabirusak utzitako albiste txarrena hildakoena izan zen: herenegun 20:00etako azken datuen arabera, 51 lagun zendu ziren COVID-19aren ondorioz, aurreko egunetan baino gehiago, eta guztira 1.578 dira gaixotasunakhildakoak.
Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, ordea, gainontzeko datuak azpimarratu zituen: «Hildakoen datua izan ezik, beste aldagai guztien garapena ona da; itxaropenarekin baina zuhurtziarekin jaso behar ditugu datuok». Sintomak sentitzen dituzten pertsonei ere zuzendu zitzaien, eta eskatu zien euren kabuz bi asteko berrogeialdia egiteko, eta ahalik eta azkarren jartzeko harremanetan osasun zentro batekin.
Murgak atzo baieztatu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jada badirela COVID-19a duten gaixorik gabeko zentro batzuk. Murgak Arrasatekoa (Gipuzkoa), Lezokoa (Araba) eta Zaldibarkoa (Bizkaia) aipatu zituen. Haren esanetan, osasun zentroetako egoera «etengabe eta modu deigarrian» ari da hobetzen. Atzo, 1.115 pertsona zeuden ospitaleratuta koronabirusa dela eta.
Halaber, 502 positibo berri antzeman zituzten Hego Euskal Herrian, eta denera 18.524 dira baieztatutako kasuak. Sendagiria 255 gaixok jaso zuten.
Koronabirusa
Nafarroan zortzi milioi euroko gizarte laguntzak onartu dituzte
Nafarroako Gobernuak bi deialdi antolatu ditu udalentzat eta gizarte erakundeentzat egoera zailean direnen kontratazioa sustatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu