Torturatuen erreparazio batzordeak aztertuko dituzte azaroaren 22an, Iruñean

Nafarroako Torturatuen Sareak hirugarren nazioarteko konferentzia aurkeztu du. 22an izango da, Planetarioan. Besteak beste, Txileko Valech batzordearen esperientzia kontatuko dute.

Ainara Gorostiaga eta Mikel Soto, Torturatuen sareko kidea. IÑIGO URIZ / FOKU
Ainara Gorostiaga eta Mikel Soto, Torturatuen sareko kidea. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2024ko azaroaren 12a
12:40
Entzun

Aurten ere torturaren nazioarteko konferentzia antolatu du Nafarroako Torturatuen Sareak. Azaroaren 22an egingo dute, Iruñeko Planetarioan, Giza Eskubideen batzordeak, oztopoak, lorpenak eta erronkak izenburupean. Horren berri emateko agerraldia egin dute, eta bertan azaldu dute euren datuen arabera gaur-gaurkoz Nafarroako Gobernuak motibazio politikoko 32 biktima aitortu dituela, horietariko hamabost torturatuak. Euren datuen arabera, 126 kasu aurkeztu dira orain arte.

Hain zuzen ere, azaroaren 22ko konferentzian aitortza ofizialen prozesua aztertuko dute. Apirilean onartu ziren lehen hamabi biktimak eta maiatzean haien aldeko ekitaldi ofiziala egin zen, eskuin muturreko taldeen eta poliziaren indarkeriaren biktimen legean oinarrituta. Horien artean tortura kasuak daudenez, aurten Sareak erabaki du nazioarteko antzeko prozesuei erreparatzea.

Lehen zatian, Txileko adibidea aztertuko dute. Rita Peña txiletarrak bere kasuaren berri emango du. Augusto Pinochet diktadorearen garaian atxilotu eta torturatu zuten. 2003an espetxe politikari eta torturari buruzko Valech batzordean parte hartu zuen, eta bere esperientziaren inguruan mintzatuko da.

Bigarren zatirako, mahai inguru bat antolatu dute. Giza eskubideen inguruko hiru aditu izango dira hizketan: Iratxe Urizar Giza Eskubideen Behatokiko kidea, Gemma Ubasart Kataluniako Generalitateko Justizia, Eskubide eta Memoria kontseilari ohia, eta Jon Mirena Landa Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari izandakoa eta estatuen biktimen aitortzarako batzordeko kidea.

Batzordeen berezitasunaz

Ainara Gorostiaga eta Mikel Soto Sareko kideen arabera, batzordeak «erakunde ofizialak eta ez-judizialak dira». Nafarroan, eskaerak egiteko epea lau urtekoa da, eta, tarte zabala izanik ere, «iraupen mugatua» dutela deritzote, denbora aurrera baitoa. «Batzordeok biktimen testigantzei arreta berezia eskaintzen dietenez, haien aitortza ziurtatzen dute, kasu gehienetan ukazio eta estigmatizazio aldi luzeen ondoren».

Gogora ekarri dute urte luzez Nafarroan torturatuak izan diren mila pertsona inguruk egoera hori jasan dutela. «Berandu eta poliki bada ere, errealitate hori aldatzen hasia da, eta, horregatik, uste dugu batzorde horien lorpenei, oztopoei eta erronkei buruz hausnartzea dela egin dezakegun ekarpenik handiena». Gorostiagak azpimarratu du biktimei kostatu egiten zaiela urrats hori egitea: «Kostatzen da erabakia hartzea. Behin hori eginda, oso prozesu luzea da, urtebete eta lau hilabete iragaten baitira aurkezten duzunetik aitortua izan arte». 

Sotok hausnartu du batzorde horiek ez-judizialak ez izateak tentsio moduko bat eragiten duela, «ezin direlako legetik harago joan». Motibazio politikoko legeak ezarritako mandatuari erantzuten dio aitortza prozesuak. «Balio du lehen aitortza baterako, baina balio beharko luke erreparazio integralago baten bila abiatzeko. Bestela arriskuan dago berriro ez gertatzeko bermea».

Nafarroako Torturatuen Sarea
Nafarroako Torturatuen Sarea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.