Nafarroan pobrezia jaitsi arren, «gaizki daudenak okerrago» daude

Pobreziaren Aurkako Europako Sarearen arabera, nafarren %13 bazterkeria arriskuan daude, 2014an baino 1,5 puntu gutxiago. Pobrezia larrian direnen kopurua bikoiztu egin da bi urtean

joxerra senar
2017ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
«Ezin gara lokartu». Lydia Almirantearena eta Ruben Pascual Pobreziaren Aurkako Europako Sareko kideek atzo ohartarazi zuten krisiaren ondorio sozialek bere horretan jarraitzen dutela. Zazpi urte daramate Nafarroako pobreziaren eta bazterketa sozialaren bilakaera gertutik aztertzen, eta datu eguneratuak eman zituzten atzo. Iaz, babesik gabe egoteko arriskuan zeuden 83.000 nafar, biztanleriaren %13. 2014an jo zuen goia adierazle horrek, eta geroztik 1,5 puntu egin du behera. Hala ere, sareko ordezkariek argi utzi zuten erakundeak ezin direla inolaz ere lasai geratu. Izan ere, «gaizki direnak okerrago» daude: iaz, herritarren %3,9 zeuden pobrezia larrian, eta portzentaje kezkagarri horren kopurua bikoiztu egin da azken bi urteetan.

Atzoko agerraldian Nafarroako egoerari eta bilakaerari erreparatu bazioten ere, Pobreziaren Aurkako Europako Sareak lan zabalago batetik atera ditu datuok, eta bertan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak ere agertzen dira. Era berean, AROPE adierazlea baliatu dute pobrezia ekonomikoa, pobreziaren intentsitatea, gabezia materiala edo laneratze tasak uztartzen dituen errealitatea islatzeko.

Lan horrek Espainiako esparrua hartu du aintzat, eta, adibidez, bertako errealitatea hartu du erreferentzia gisa pobreziaren muga kalkulatzeko; hau da, hilean 684 eurotik beherako diru sarrerak Nafarroan iaz herritarren %9k zituzten, baina, sareak nabarmendu duenez, datuak desitxuratuak egon daitezke. «Estatuko erreferentzia hartu beharrean Nafarroakoa hartuko bagenu, 917 eurokoa litzateke muga, eta, ondorioz, tarte horren barruan baina datuetatik kanpo lagun gehiago egongo lirateke».

Almirantearenak nabarmendu du egoera txarrean direnen egoerak okerrera egin duela. Adibidez, pobrezia arrakala adierazleak txirotasunaren intentsitatea neurtzen du; hau da, neurgailu horrek esaten du pobrezian den pertsona bati zer portzentaje falta zaion hilean 684 euroko diru sarreretara iristeko: hala, 2013an bere diru sarreren %13,9 falta bazitzaion, 2016an ia erdia (%48,7).

Pobrezia larria gora

Era berean, pobrezia larrian edo hilean 342 euro irabazten dutenen kopuruak %1,8tik %3,9ra egin zuen gora 2014tik 2016ra. Begirada atzerago joz gero, egoera are kezkagarriagoa da, 2008an herritarren %0,9 baitzeuden pobrezia larrian.

Gabezia material larria dutenen kopuruak ere gora egin du. Hilabete amaierara zailtasun handiak dituzten pertsonen kopurua 2014tik 2016ra bitartean %4,6tik %7,9ra igo da. Zehazki zer da gabezia material larria? Bi egunean behin arrain, haragi edo oilaskoz osatutako otordua ezin jatea; etxebizitza tenperatura egokian ezin jartzea; 650 euroko ezusteko gastuari aurre egiteko ezintasuna; hipoteka edo alokairua edo epeka egin beharreko beste ordainketak atzeratu izana...

Pentsioa izatea ez da pobreziatik ateratzeko bermea. Nafarroan, 53.000 pentsio 683 euroko kopuruaren azpitik daude, eta horietatik 9.000 ez dira 342 eurora iristen. Aurten, Nafarroako Gobernuak alargunei pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzeko neurriak hartu ditu, eta beste pentsio apalen kasuan neurri bera hartuko du, baina hiru urteko epean. Gainera, iazko azaroan errenta bermatuaren legea onartu zuen laukoak.

Neurri horiek txalotu arren, sareak azpimarratu du ez dela nahikoa. «Benetan esfortzu handiagoa egin behar da, eta politika publikoetan sakondu aurrekontuen bidez. Gizarte politiketan baliabideak jartzea inbertsio publikoa da, gehien sufritzen dutenen mesedetan». Pascualek eta Almirantearenak azpimarratu dute zeharkako politikak ezarri behar direla, pertsona horien autonomia lortu arte esku hartzeko neurriak hartu behar direla eta euren egoeraren jarraipena egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.