Nafarroa osoan euskara ofizial egingo duen arkitektura juridiko bat eskatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Nafarroako eragileek euskara indartzeko urgentziazko neurrien zerrenda aurkeztu dute gaur Iruñean egindako agerraldi batean; dekalogo batean jaso dituzte Nafarroako Gobernuari egindako eskari guztiak.

Euskalgintzaren Kontseiluko kideak Iruñean egin duten prentsaurrekoan. IÑIGO URIZ / FOKU
Euskalgintzaren Kontseiluko kideak Iruñean egin duten prentsaurrekoan. IÑIGO URIZ / FOKU
Ane Etxandi.
2024ko abenduaren 12a
15:00
Entzun

Euskara indartzeko urgentziazko neurrien dekalogoa aurkeztu dute Euskalgintzaren Kontseiluak eta berau osatzen duten Nafarroako eragileek. Bide horretan, zonifikazioa gaindituko duen eta Nafarroa osora euskararen ofizialtasuna hedatuko duen arkitektura juridiko berri bat eskatu dute. Bide beretik, 2025a «larrialditik indarraldira» bidea egiteko urtea izanen dela gogoratu dute, eta datorren urteko abenduan, oro har, Euskal Herri osoan euskararen normalizazioan aurrera egiteko mobilizazio sozial handi bat eginen dela. Nafarroan ere oihartzun handia izatea espero dute. Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek hartu du hitza agerraldian. Iruñean izan da.

Iragan azaroaren 30ean, Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian,Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak. Azaldu zuten euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren azken hamarkadetako susperraldia moteldu egin dela. Euskal Herri osoan badira atzentze horren zantzuak: Nafarroan, adibidez, hamar ikasletik seik ez du inolako harremanik euskararekin bere ikasketa prozesu guztian. Datu demolinguistikoak aztertuta, kezka orokorra da, ez da Nafarroara mugatzen. Oro har, erabilera sozialaren murrizketa «gaitasun ezarekin» eta «euskaraz aritzeko kideak topatzeko zailtasunarekin» lotu dute aditu askok. Halaber, eremu euskaldunenetan, euskarak arnasgune dituen horietan, urritzen ari da erabilera.

Baina Nafarroan propio hainbat arazo daude bertan euskarak duen egoera juridiko zatikatuak larriagotuta. «Bidegabekeria asko dago oraindik Nafarroan. Are gehiago, oraindik herritarrei hizkuntza eskubideak bizi diren tokiaren arabera aitortzen zaizkie. Datorren abenduaren 15ean Euskararen Foru Legearen 38. urteurrena izanen da, nafar guztiondako zorigaitzeko data», adierazi dute gaur zabaldu duten mezuan.

Hain zuzen ere, Nafarroako Euskararen Legearen 38. urteurrenaren atarian egin dute agerraldia. Abenduaren 15ean 38 urte beteko dira legea indarrean sartu zenetik. Araudi horrek zonifikazioa ezarri zuen, eta gaur gogora ekarri nahi izan dute euskararen zatikatze hori bete-betean dagoela lotuta larrialdi linguistikoarekin

«Larrialdi hau ez da zerbait naturala, ez da berez etorri den zerbait; hainbat erabaki eta praktika soziopolitikoren ondorioa da, eta Nafarroara zehazki etorrita, erabat lotzen da estatusaren auziarekin. Nafarroan euskara lurralde txiki batean baino ez da ofiziala, eta hori traba izugarri bat da minorizazio egoeran dagoen hizkuntza baten aldeko normalizazio politikak behar bezala egiteko», nabarmendu du Eskisabelek.

Urte luzez gertatutako inertziei amaiera eman behar zaiela uste dute. Horretarako, Nafarroako Gobernuari zuzenduriko eskari sorta plazaratu dute.

hamar eskariak

  1. Arkitektura juridikoa aldatu behar da, eta lege berri bat egin behar da euskararen sustapena ahalbidetzeko.

  2. Administrazioa euskaldundu behar da.

  3. Euskararen sustapenerako aurrekontua handitu behar da.

  4. Hezkuntza sistemak belaunaldi berriak euskalduntzeko sistema jarri behar du abian.

  5. Helduen euskalduntzearen sektorea egonkortu eta indartu eginen da.
  6. Arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko neurriak bideratuko dira.
  7. Euskarazko hedabideak babestuko dira.
  8. Aisialdiaren euskalduntzea sustatuko da.
  9. Arnasguneak babestuko dira.
  10. Erabilera soziala eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ekinbideak sustatuko dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.