Osasuna

Nafarroan itxaron zerrendak %29 handitu dira bost urtean, Kontu Ganberaren arabera

«Osasunbidea ez da betetzen ari pazienteak artatzeko epeak», ebatzi du Kontu Ganberak. Arreta unitateetako langileen «lan zamaz» ohartarazi du

Iruñeko osasun zentro bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz - Mikel Elkoroberezibar Beloki
2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Azken bost urteotan, %29 handitu dira itxaron zerrendak Nafarroan. Horri buruzko txostena argitaratu du Nafarroako Kontu Ganberak, eta azaldu du itxaron zerrendak handitzeko arrazoiak, besteak beste, hiru izan direla: %2 areagotu dela Osasunbideko pazienteen kopurua, 64 urtetik gorakoak 2018an baino %7 gehiago direla, eta COVID-19aren pandemiak osasun larrialdia eragin zuela. Faktore horiez gain, «okerrak» antzeman ditu Osasunbideak eginiko kudeaketan: «Ez dira betetzen ari pazienteak artatzeko epeak». Nabarmendu du «adierazgarria» dela azterketa kontsulten itxaron zerrenda, eta horrek zuzenean eragiten duela beste jarduera batzuen itxaron zerrendetan.

2018tik 2022ra itxaron zerrendek izandako bilakaera eta kudeaketa aztertu ditu Kontu Ganberak, eta, horrez gain, zerrendak laburtzeko neurriei eta horiek kudeatzeko informazio sistemari ere erreparatu die. Txostenaren arabera, 240.000 erregistro zeuden itxaron zerrendetan iazko urte amaieran. Hala ere, zehaztu dute zenbateko hori ez dagokiola paziente kopuruari, «paziente asko itxaron zerrenda batean baino gehiagotan baitaude». 240.000 erregistro horietatik, %64 berrikuspen kontsultak dira; %25, lehen kontsultak; %8, diagnostikoak; eta %3, ebakuntzak.

Horien artean, lehen kontsulten itxaron zerrendak areagotu egin direla nabarmendu du ganberak: 2018an 33.000 erregistro zeuden; 2022ko amaieran, berriz, ia 60.000. Berrikuspen kontsulten itxaron zerrenda ere handitu egin da, baina ez hainbeste: 136.000tik 156.000ra. Diagnostiko probak 12.000tik 18.000ra igo dira. Ebakuntzen kasuan, itxaron zerrendak ez dira handitu: iazko urte amaieran, 8.200 erregistro zeuden.

Datu zehatzagoei erreparatuta, Kontu Ganberak neurtu ahal izan du Nafarroako osasun eremu bakoitzean —Iruñea, Lizarra eta Tutera— zenbat egunez itxaron behar izan zuten pazienteek batez beste iaz. Iruñean 133 egunez itxaron behar izan zuten kardiologo batekin lehen kontsulta izateko, eta Lizarran, 244 egun dermatologoarekin lehen kontsulta izateko. Tuteran, 209 egun itxaron behar zuten iaz errehabilitazio saileko pazienteek.

Inbertsioa

Azken bost urteotan, Osasunbideak 21,3 milioi euro baliatu ditu itxaron zerrendak gutxitzeko. Horietatik %39, langileak kontratatzen (8,5 milioi 700 kontratutan); %31, aparteko orduetan; eta gainerako %30a (sei milioi) Opus Deiren Nafarroako Unibertsitate Klinikara bideratu dute.

Hala ere, Kontu Ganberak ohartarazi du horiek soilik «puntualki» murriztea lortu duela lehen arretako itxaron zerrendak laburtzeko egindako inbertsio ekonomikoak; eta, are, espezialitateetako arretaren itxaron zerrendak handitzea ere eragin duela.

Erantsi du arreta unitateetako langileek «lan zama handia» dutela, «zerrendak kudeatzeko prozedura ez betetzeak baldintzatua». Izan ere, adierazi du pazienteen eta osasun eremuen arteko ekitatea ez dela betetzen ari, itxaron zerrenden iraupena desberdina delako eremu batetik bestera: «Era independentean jarduten duten hiru osasun eremu daude; haien kudeaketa eta baliabideak ez daude koordinatuta».

Nabarmendu du pazienteen arteko berdintasun printzipioa ere ez dela errespetatzen batzuetan: «Itxaron zerrendak kudeatzen dituzten sistema informatikoek baimentzen dute pazienteei deitzean antzinatasun eta lehentasun printzipioak bete gabe txandak ematea, horiek arrazoitu gabe». Txanda horiek arrazoi klinikoengatik justifikatuta egon daitezkeen arren, horiek ez argudiatzeak ez du errespetatzen pazienteen arteko berdintasun printzipioa, ganberaren ustez.

Nafarroako fiskalizazio erakundeak ondorioztatu duenez, Osasunbidea «ez da betetzen ari pazienteak artatzeko epeak, batez ere kontsultetan». Horren ondorioa da kexa kopuru handia: «Iaz, Osasunbideak 35.000 kexa baino gehiago jaso zituen. Horietatik %51 azterketa kontsultei dagozkie; %9, diagnostiko probei; eta %5, ebakuntzei».

Txostenak gomendio batzuk ere eman ditu itxaron zerrenden kudeaketa hobetzeko. «Hasteko, zerrendak handitzearen atzean dauden arrazoiak ongi aztertu behar dira; eta, gero, dauden baliabideak kontuan hartuz, planifikazioa eta kudeaketa hobetu. Hiru osasun eremuen arteko koordinazioa bultzatzea ere eskatzen du, baliabideak modu integratuan kudeatzeko. Helburua da eremuetan eta espezialitateetan dagoen itxaron denboraren arteko aldea gutxitzea. Bestalde, antzinatasun eta lehentasun printzipioak betetzen ez direnean, informazio sistemak jasota utzi beharko luke horren arrazoia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.