Koronabirusa

Nafarroan iazko urritik izaniko datu txarrena izan dute: 655 positibo

Nafarroako ospitaleetan COVID-19a duten 124 eri daude. Baionako ospitalean aukera izango dute larriak ez diren ebakuntzak atzeratzeko

Osasun langile bat probak egiten, Lesakan, artxiboko irudian. J.M. / FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat - Irati Urdalleta Lete
2021eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Birusa hanpatuta dabil. Atzo Nafarroako Gobernuak eman zituen datuen arabera, beste 655 herritarrek eman dute positibo. Zenbakia ez da nolanahikoa: pandemian behin bakarrik gainditu zen atzoko positibo kopurua, iazko urriaren 25ean. Egun hartan 698 positibo berri jakinarazi zituzten. Halere, kontuan hartu behar da pandemiaren lehen oldarraldian, 2020ko martxoan-eta, askoz proba gutxiago egiten zituztela; beraz, ia segurua da garai hartanjende gehiagok izango zuela gaitza.

Positiboen ehunekoak ere argi uzten du birusa kontrolatzeko ezina: herenegun Nafarroan egindako 4.090 probetatik %16k positibo eman dute.

Eta gero eta herritar gehiagok positibo eman ahala, ospitaleak ere betetzen ari dira, aurreko goraldietan baino motelago bada ere. Osasunbideko ospitaleetan COVID-19a duten 124 eri artatzen ari dira , eta horietako hamazortzi ZIUetan larri daude. Hori horrela, duela astebete baino %41 pertsona gehiago daude erietxeratuta, eta duela bi aste baino %85 gehiago. ZIUetan ere goranzko joera ikusten da: duela astebete baino lau gaixok gehiagok behar dute arta mota hori, eta orain dela bi aste baino bost gehiagok.

Itxitako ikasgelen berri ere eman du Nafarroako Gobernuak: jaiegunak tartean izanik ere, beste 11 ikasgela itxi behar izan dituzte egun bakarrean. Guztira, 66 gela daude itxita, eta 1.159 ikasle konfinatuta daude.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datu zehatzik ez zuten eman atzo, baina joera goranzkoa da azken asteetan. Birusa hesitu nahian, joan den larunbatetik indarrean da COVID ziurtagiria hainbat establezimendutan. Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak Radio Euskadin esan du orokorrean «normaltasunez» ezarri dutela, baina onartu du «kasu puntual batzuetan» gertatu dela ziurtagiria eskatzeagatik bezeroek establezimendu horietara ez joatea gomendatuz mezuak idaztea.

Baionan, Plan Zuria

Baionako ospitaleko zuzendaritzak atzo arratsaldean iragarri zuen Plan Zuria ezarri duela berriz ere osasun egoitzan. Koronabirusa duten pazienteen kopurua «azkarki emendatu» da azken egunetan, baita suspertze zerbitzuan ere. 25 paziente daude COVID-19 zerbitzuan, eta bederatzi, larri, ZIUetan.

Larrialdikoak ez diren ebakuntzak gibelatzeko aukera ematen die planak; suspertze zerbitzuko ohe kopurua emendatzeko, eta oporretan dauden osasun langileak lanera deitzeko aukera izanen dute.

Bide beretik, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik erran zuen «aparteko larritasunik ez duten» lehen arretako kontsultak atzeratuko dituztela. Bada, ESK sindikatuak erabakia gaitzetsi du, eritasun kronikoak dituzten pazienteengan izanen duen eragina gogora ekarriz. «Osasun arrakala» handitu dezakeela ere salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.