Nafarroan sexu erasotzaile gehienak emakumearen hurbilekoak direla ondorioztatu dute azterlan batean

Nafarroako Berdintasun Institutuaren txosten batek dioenez, gora egin dute salaketek; iaz, 30 urtetik beherako emakume gazteek jarri zituzten %70. Politika publikoek emakumeen eta gizonezkoen arteko botere harremana auzitan jarri beharko luketela diote.

Emakume gazteen aurkako sexu indarkeriari buruzko txostena
Emakume gazteen aurkako sexu indarkeriari buruzko txostena aurkeztu dute Patricia Abadek, Felix Tabernak, Rut Iturbidek eta Sara San Julianek. MIGUEL OSES
joxerra senar
2025eko urtarrilaren 27a
12:27
Entzun

NABI Nafarroako Berdintasun Institutuak emakume gazteen aurkako sexu indarkeriari buruzko lehen azterketa kaleratu berri du. Iaz, esaterako, Nafarroan 369 salaketa aurkeztu ziren, eta horietatik %70 30 urtetik beherako emakumeek jarri zituzten. Salaketa kopuruak gora egin du azken urteetan: 134 kasu izan ziren 2018an, eta 369 iaz.

Txostenaren arabera, eraso gehienak bikotekideek edo hurbileko gizonek egiten dituzte —senide, lagun eta lankideek—. Erasotzaileen %39 30 eta 49 urte arteko gizonak dira, 2018 eta 2022 aldiko salaketak aintzat hartuta. Erasoak eremu guztietan gertatzen dira, baina batik bat emakumeen gertuko eta konfiantzako esparruetan izan ohi dira: familian eta aisialdian, alegia.

«Ezin dugu jarraitu gauez bat-batean erasotzen digun ezezagunaren kontua zabaltzen, eta eremu horretara soilik mugatzen esku hartze publikoa»

PATRICIA ABADNafarroako Berdintasun Institutuko zuzendari nagusia

Patricia Abad NABI institutuko zuzendariaren arabera, errealitate hori aintzat hartu beharko litzateke: «Elementu horrek oso presente egon behar du politika publikoak zehazterakoan. Ezin dugu jarraitu gauez bat-batean erasotzen digun ezezagunaren kontua zabaltzen, eta eremu horretara soilik mugatzen esku hartze publikoa. Hori ere behar da, baina eraso gehienak beste testuinguru batean gertatzen badira, prebentzio politikak horri heldu behar diote».

Abadek prentsaurrekoa eman du Rut Iturbide Nafarroako Unibertsitate Publikoko soziologia irakasle eta txostenaren egilearekin eta Felix Taberna Nafarroako Gobernuko presidenteorde lehenarekin batera. Jakinarazi dute txostenaren eduki osoa «datozen egunetan» argitaratuko dutela.

Biktimei ahotsa eman

Hitzaurrean, Tabernak aipatu du emakume gazteen aurkako indarkeriaren lehen txostenak balio kualitatiboa ere baduela, «biktimei ahotsa ematen dielako». Tabernaren esanetan, garrantzitsua da erantzukizun komunitarioa aktibatzea, ingurune hurbilean gertatzen den indarkeria hori salatzeko eta biktimen artean orokortzen den erru sentipen hori gainetik kentzeko.

Iturbideren esanetan, 14 eta 29 urte arteko emakumeak elkarrizketatu dituzte, baita baliabide espezializatuetan lan egiten duten teknikariak eta bestelako profesionalak ere —poliziak eta osasun arloko langileak—.

Iturbideren arabera, errealitatea «konplexua eta anbibalentea» da. Alde batetik, «kontzientzia handiagoa» dago, esku hartzeko legeak badaude, eta lehen baino gehiago ikusarazten da arazoa. Alta, bestetik, errealitate hori auzitan jartzeko eta mugimendu feministaren aurka jotzeko kontraeraso matxista bat dago, «egituratua». Tradizionalismo diskurtso hori indarra hartzen ari dela uste du, eta fenomeno horrekin lotu ditu sare sozialak (Tiktok, Youtubeko bideo motzak eta Instagram) eta mainstream pornografia.

«Gizonezkoekin lan egitean pribilegio posizioak auzitan jartzen ez badira, jokabideak ez dira aldatuko».RUT ITURBIDENUPeko irakaslea

Iturbideren arabera, emakumeen aurkako sexu indarkeria «oso naturalizatua» dago, eta, aldi berean, «tabua» da, «isildua eta zigorgabea». Azterketan, lehentasunezkotzat jo dute sexu indarkeriaren kontrako «gizonezkoen inplikazioa» eta, horri loturik, egiturazko botere harremana auzitan jartzea. «Gizonezkoekin lan egitean pribilegio posizio horiek auzitan jartzen ez badira, jokabideak ez dira aldatuko». Emakumeei dagokienez, berriz, beharrezko ikusten dute ahalduntze prozesuak egitea.

Abaden irudiko, politika publikoek emakumea hartu behar dute ardatz, eta eragotzi egin behar dute erasoa jasan duenak errudun sentitzea. «Administrazio publikoek berrikusi egin behar dugu emakume gazteen sexu indarkeriaren inguruko auzia, baita gizarteak bere osotasunean ere: komunitateak, komunikabideek, profesionalek. Ikuspegi patriarkalaren ondorioz, nagusitzen diren estereotipoak aldatu behar dira. Arreta nagusia emakumearengan jarri ohi da, eta hori aldatu behar da. Ikusi behar da zer rol duten gizonek, mutilek, nerabeek sexu indarkeria dakarten prozesuak sortzeko orduan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.