Nafarroan hizkuntza eskubideak bermatzeko eskatu du Kontseiluak

Zuzeneko deia egin die Nafarroako Gobernua osatzen dabiltzan alderdiei, ez daitezen «hizkuntza politikaren garai ilunetara itzul»

Kontseiluaren proposamenen aurkezpena, maiatzean. IÑIGO URIZ/ FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak gutun bat helarazi die Nafarroako gobernu berria negoziatzen ari diren lau alderdiei, akordioek hizkuntza politikan eta herritarren eskubideetan izan dezaketen eraginaz ohartarazteko. Kontseiluak dei egin die alderdi horiei neurri eraginkorrak har ditzaten euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko. Paul Bilbao idazkari nagusiak adierazi duenez, «euskalgintzak ere ez du hizkuntza politikaren garai ilunetara itzuli nahi», eta gehitu du ulergaitza litzatekeela «gobernu aurrerakoi batek kohesioa, berdintasuna eta bizikidetza albo batean utziko balitu, nola eta euskaldunak alboratuz».

Gutun horretan, Kontseiluak maiatzaren 11n aurkeztutako proposamenen dokumentua ere helarazi die alderdiei. Hizkuntza politika garatzeko 15 proposamen izeneko dokumentuan, hurrengo lau urteetan hizkuntza politikan hartu beharreko neurriak zehaztu zituzten. Neurri horien artean daude honako hauek: euskara ezin baloratzea beste hizkuntzak baino gutxiago; D ereduko ikastetxeei PAI programa jartzeko derrigortasuna kentzea; irakaskuntzan zerrenda bakarra abian jartzea; eta euskarazko lanpostua duten langileei beste lanpostuetara lekualdatzeko eskubidea bermatzea.

Gobernuaren esku

Kontseiluak berretsi du arbuiagarria litzatekeela Nafarroako gobernu berriak atzera egitea hizkuntza eskubideen bermean, eta herritarren eskubideen alde egiteko eskatu du. «Eman diezaiotela gobernu aurrerakoiari ezaugarri hori».

Izan ere, egunotan biltzen ari dira Geroa Bai, PSN, Ahal Dugu eta Ezkerra, Nafarroarako gobernu aurrerakoi bat osatzeko asmoz. Kontseiluak adierazi du alderdi horien arteko akordio «pragmatiko» batek erakutsiko lukeela posible dela Nafarroan «lehengo garaietara ez iristea». Alderdi horiek, ordea, oraindik ez dute zehaztu zer adostasun lantzen ari diren hizkuntza politikaren arloan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.