Nafarroan gutxienez 1.068 tortura kasu izan direla ondorioztatu dute

Kriminologiaren Euskal Institutuak egin du ikerketa, Nafarroako Gobernuak diruz lagunduta. 1960tik 2015era bitarte izandako 5.181 tortura kasu erregistratu ditu institutuak Hego Euskal Herrian

Nafarroan gutxienez 1.068 tortura kasu izan direla ondorioztatu dute.
Julen Aperribai - Iosu Alberdi
2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun

Nafarroan 1979tik 2015era arte izandako tortura kasuak jasotzen dituen txostena eman dio Kriminologiaren Euskal Institutuak Nafarroako Gobernuari. Torturak eta tratu txarrak salatu dituzten 676 pertsona identifikatu dituzte ikerketaren egileek aldi horretan, eta uste dute gutxienez 825 kasu izan direla. Jada aztertuak eta datu basean txertatuak dituzten espedienteetan oinarrituz atera dute datua: 434 pertsonak jasandako 532 tortura kasu daude erregistratuta, eta proportzio horren arabera (%22) egin dute kalkulua. Aurrez egindako lanak kontuan hartuta, gutxienez 5.181 tortura eta tratu txarren kasu zenbatu ditu institutu horrek 1960-2015 epean Hego Euskal Herrian; horietatik 1.068 Nafarroan. Halere, nabarmendu dute egindako ikerketa amaitu gabea dela.

Ikusi gehiago:Kriminologiaren Euskal Institutoaren txostena

Ikertutako lehen urteetan antzeman dituzte tortura kasu gehien. 1979tik 1984ra bitartean, esaterako, 180 izan ziren, eta 1980an, 46. Ondoko urteetan apaltze bat izan zen, baina, atzera ere, nabarmen egin zuten gora 1990eko hamarkadan. 1991tik 1996ra bitartean, 102 kasu izan ziren. Mende berriarekin batera, tortura kasuen kurbak behera egin zuen. Hala ere, 2000tik aurrerakoak dira 132 kasu; lautik bat. 2010etik aurrera zenbatutako kasuak hemezortzi dira. Baieztatutako kasurik berriena 2015. urtekoa da.

Aztertutako kasuen artean, 33 laguni aplikatu diete NBE Nazio Batuen Erakundearen Istanbulgo Protokoloa. Hamahiru kasutan, propio egin dute ikertzaileek, eta beste hogeitan, aurrez egindako ikerketa batzuk baliatu dituzte; besteak beste, institutu berak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tortura kasuez egindako azterketa. Hala, ikertzaileek azaldu dute tresna hori erabili izanak «sinesgarritasun osoa» ematen diola ikerketari.

Oraingoz argitara atera dena txostenaren laburpena da, eta hark ez du azaltzen zein polizia erakunde izan diren torturen egileak. Horiek jasandako herritarren inguruko xehetasunak ematen ditu, ordea. Bi herenek 18 eta 29 urte artean zituzten atxilotu zituztenean, bosten bat zaharragoak ziren, eta %2,5, berriz, adin txikikoak. Era berean, ikertzaileen datuen arabera, torturak jasan zituztenen %18,2 emakumeak dira.

Non atxilotu zituzten ere jakin ahal izan dute ikerketaren egileek, hiru kasutan ez beste guztietan. Nafarroan izan ziren %81,6; Gipuzkoan %9,2; Bizkaian %4,7; Espainian %3; eta handik kanpo %0,9. Gehienak (%43,1) lau eta hamar egun artean eduki zituzten atxilotuta, eta hiru edo gutxiago beste asko: %37,8. Era berean, atxilotuen %0,8k hamar egun baino gehiago egin zituzten giltzapean.

Frankismoan eta trantsizio garaian Nafarroan izandako tortura ikertua zuen Kriminologiaren Euskal Institutuak berak aurrez. Horiei orain argitaratutakoak gehituta, 1.068 dira, denera, identifikatutako tortura kasuak; kaltetuak, berriz, 891 lagun. Horietako 621en espedienteak aztertuak dituztela jakinarazi du ikerlari taldeak, eta 254renak falta zaizkiela. Uste dute 310 tortura kasu atzemango direla horietan.

Ikusi gehiago:Torturatuen Sareak dei egin dio Nafarroako Gobernuari ikerketa osorik amaitzera

«Salatutako kasuen kopurua ikusita, eskala handiko abusuez hitz egin dezakegu: testuinguru jakin batean egin baziren ere —borroka antiterroristan, nagusiki—, hurbileko garaietara arte iraun dute, nahiz eta azken urteetan neurri txikiagoan egin diren», azaldu dute ikerlariek txostenean. Torturatuek jasandako indarkeria «ukatua» izan dela salatu dute, gainera, eta, ondorioz, ez dutela ikertu, ezta zigortu ere. Azaldu dute biktimek instituzioekiko eta justizia sistemarekiko «konfiantzarik ez» izatea eragin duela horrek.

Izan ere, txostenean adierazi dute Espainiak zenbait zigor jaso dituela tortura kasuak ez ikertzeagatik. Nabarmendu dute inkomunikazio aldian egindako torturei dagokionez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 11 aldiz zigortu duela estatua, salaketak ez ikertzeagatik; bost kasutan, biktimak nafarrak ziren. Besteak beste, Iñigo Gonzalez Etaioren kasua azaldu dute: Estrasburgoko auzitegiak 2021eko urtarrilean zigortu zuen Espainia, hamar urte lehenago hark salatutako torturak ez ikertzeagatik.

Laura Pego ikertzailearen gidaritzapean egin dute ikerketa, eta hark eta Paco Etxeberria eta Jeannette Ruiz Kriminologiaren Euskal Institutuko kideek eman diete txostena gobernuko ordezkariei: Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari, Martin Zabalza Bake eta Bizikidetza zuzendariari eta Txema Gonzalez Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuko zuzendariari. Izan ere, giza eskubideen urraketak aztertzeko diru laguntzen deialdi baten bidez egin dute ikerketa.

Ikerketaren emaitzak argitaratuta, beraz, Nafarroako Gobernuak aitortza ofiziala egin die 1960tik gaurdaino Nafarroan izandako tortura kasuei, eta, halaber, Hego Euskal Herrian izandako tortura kasuen argazkia egin da. Izan ere, duela sei urte argitaratu zituen Kriminologiaren Euskal Institutuak —orduan, Etxeberriak gidatuta— Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagozkion datuak, Eusko Jaurlaritzak eskatuta.

Ikerketa haren arabera, 4.113 tortura kasu izan dira 1960tik 2014ra bitartean: Espainiako Poliziak egindakoak, 1.792; Guardia Zibilak egindakoak, 1.785; eta Ertzaintzak egindakoak, 336. Orain argitara emandakoak ordukoei gehituta, 5.181 kasu dira guztira. Halere, ikertzaileek azaldu dute gomendagarria litzatekeela ikerketarekin jarraitzea, torturek izandako «dimentsio erreala» modu egokiagoan aztertzeko.

Biktimen Legearen aurretik

Kriminologiaren Euskal Institutuak ondutako lanaren balioa goretsi du Ollok, «goi kualifikazioa duen ikerlari talde batek» egina delako eta azken hamarkadetan Nafarroan izandako «giza eskubideen urraketa handi bat ikusarazten» duelako. Kontseilariak gogoratu du «noizbehinkako» praktika bat baino gehiago dela tortura, eta kezka hori nazioarteko erakundeek ere adierazi dutela.

Halaber, adierazi du eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek egindako urraketen biktimak aitortzeko «tresna» izango dela Poliziaren Biktimen Legearen Balorazio eta Erreparazio Batzordearentzat. «Ezinbestekoa da iraganera modu kritikoan begiratzea, ahanzturarik eta desmemoriarik gabe, giza eskubideez ari garenean ezin baititugu ahaztu pertsona batzuen eskubideak», azaldu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.