Hobietatik gorpuzkinak ateratzeko protokoloa onartu du Nafarroako Gobernuak, «posible diren berme guztiak emateko halako prozesuei». Gobernuak nabarmendu du ezingo direla hobiak «kontrolik gabe» hustu aurrerantzean, 36ko gerrarekin zerikusirik duten hobiak husteko prozesu guztia gobernuak kudeatuko baitu, atzo erabakitakoaren arabera.
Aurrez egin beharreko ikerketak, hobia irekitzea, auzi medikuen ikerketa, eta gorpuzkinak nora eraman, prozesu osoa arautzen du protokoloak. Ustez hobian lurperatura daudenen senideek, memoria historikoa berreskuratzeko antolatutako taldeek eta hobia dagoen herriko udalek eskatu ahal izango dute hobi komunak irekitzea.
Nafarroako Gobernuko Presidentzia, Administrazio Publiko eta Barne kontseilariaren kabinetea izango da eskaerak jasotzeaz eta hortik aurrerako zereginetaz arduratuko dena. Teknikarien koordinaziorako batzorde bat ere eratuko du gobernuak, aholkularitza emateko.
Bost urrats zehazten ditu protokoloak: aurrez ikertzea, hobia irekitzen egindako lana, laborategian egindako ikerlana, azken txostena idaztea, eta gorpuzkinak nora eraman erabakitzea.
Hobia zabaltzea erabaki aurretik, ikerketa bat egingo dute, hildakoari buruzko informazio ahalik eta osoena jasotzeko, eta garaiko testuinguruan kokatzeko.
Hobia irekitzea erabakiz gero, azterketa tekniko zorrotza idatzi beharko dute, metodologia eta bitartekoak zehaztuz. Beharrezko baimen guztiak ere eskuratu beharko dituzte: hildakoaren ondorengoenak, lurren jabeenak, eta abar. Hortik aurrerako lanak ere xehe azaltzen ditu protokoloak; besteak beste, zehazten du hobi hustuketan beharrezko izango dela arkeologoak, auzitegi antropologian adituak, mediku tanatologikoak eta historialariak egotea. Egindako lanak marrazki, argazki, bideo eta testu bidez jaso beharko dituzte, eguneroko batean. Hobiak husteko lana, laborategira eramateko modua, eta ikerlariek egin beharreko txostenak zeintzuk eta nolakoak izango diren ere zehazten du.
Behin ikerketa eta hustuketa bukatuta, gorpuzkinekin zer egin erabakitzeko, hildakoaren senideekin hitz egingo dute —gorpua identifikatzea lortuz gero—, eta senideen nahia errespetatuko du gobernuak. Identifikatu gabeko gorpuzkinak, berriz, hobia dagoen herriko hilerrian —edo dagokion administrazioak zehazturiko lekuan— lurperatuko dira.
Hobien mapa osatzen
1936ko gerrako hobi komunen mapa egiten jarraitzen du Nafarroako Gobernuak. Bitarteko berri bat sortu duela jakinarazi zuen atzo, hobi komunen informaziorik duten herritarrek informazio hori administrazioari eman diezaioten. www.navarra.es webgunean formulario bat jarri dute;haren bidez, hobia non dagoen jakinarazi ahal izango dute herritarrek.
Nafarroan gobernuak kudeatuko ditu 36ko gerrako hobi hustuketak
Hobi komunei buruzko informazioa eman nahi dutenentzat, formulario bat jarri dute gobernuaren web orrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu