Nafarroan gehiengo berri bat ari dela sortzen azaldu du Morenok

Estatuaren estrategiari eta krisi ekonomikoari aurre egiteko herri mobilizazioaren beharra azpimarratu du

Txelui Moreno eta Juan Kruz Aldasoro, atzoko agerraldian. J. MANTEROLA / ARP.
joxerra senar
Iruñea
2011ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Azken 12 hilabeteetako azterketa egin du ezker abertzaleak. Txelui Moreno eta Juan Kruz Aldasoro ezker abertzaleko ordezkariek atzo Iruñean nabarmendu zuten aurten urrats nabariak egin badira ere Espainiako eta Frantziako gobernuek «bere indarkeriazko estrategiari» eutsi diotela, eta horri aurre egiteko, giltzarritzat jo dute herri mobilizazioa. Adibidez, legeztatzearen aldeko atxikimendu uholdea lortzeko ezinbestekoa izan dela deritzote. Era berean, aurten bi hauteskunde izan dira, eta emaitzak aztertuta, ezker abertzaleak nabarmendu du Nafarroan «gehiengo berri bat» sortzen ari dela. «Gehiengo hori eraginkor izan dadin harmonizatzen saiatu beharko dugu».

Txelui Moreno eta Juan Kruz Aldasororen arabera, Espainiako estatuak urte hasieratik nahi izan du Euskal Herrian irekitako prozesua baldintzatzea, baina «ez du lortu halakorik». «Estatuaren estrategia ahultze eta biluzteko bidean», garrantzitsutzat jo dute Aieteko Adierazpena, ETAk jardun armatua behin betiko uzteko erabakia, nazioarteko atxikimendua eta herri mobilizazioa eta berriki Gernikako Akordioak biktimen gainean egin adierazpena.

Hauteskundeen emaitzek, berriz, frogatu dute «zabaltzen ari den indar bat» dagoela, eta etorkizuneko eremu politikoa osatzen dutela deritzote ezker abertzaleko ordezkariek. Azaroaren 20ko bozetan, kasu, Amaiurrek Hego Euskal Herriko lehen indarra izatea lortu du.

Era berean, UPN eta PSNren kudeaketa ekonomikoa «etengabeko porrota» da. Horregatik, garrantzitsutzat jo dute aurrekontuen aurka eta Hezkuntza zein Osasunbideko murrizketen aurka egindako mobilizazioak, eta Bilduko, NaBaiko eta Ezkerreko parlamentarien protesta irudiak, «argi erakusten baitu parlamentu barruan eta kanpoan ere indar garrantzitsu bat dagoela». Indar horrek gero eta eremu zabalagoa duela deritzo ezker abertzaleak.

UPNk «PSNren zati baten babesa» baino ez duela iritzi dio ezker abertzaleak, eta «hori babes gutxi da» murrizketez betetako legealdi honetan. Premiazkotzat jo dute PSNk 180 graduko bira ematea, eta «sinesgarria izan dadin», beharrezkotzat jo dute prozesu demokratikoari eta krisi ekonomikoari begira norabidez aldatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.