Santiago Cervera. Nafarroako PPko presidente ohia; egun, auzipetua

«Nafarroan espezialista zirenak gainbeheraren erantzuleak dira»

2012ko abenduan Guardia Zibilak atxilotu zuenean «kolpean» bizitza aldatu zitzaion Santiago Cerverari. Iruñeko harresira joatea akatsa izan zela eta tranpa jarri ziotela berretsi du BERRIA egunkariari emandako elkarrizketan. «Askori komeni zaie ni erruduntzat jotzea, beste gauzez hitz egin ez dadin».

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2015eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
2012ko abenduaren 9an, Guardia Zibilak Santiago Cervera PPko orduko diputatua (Iruñea, 1965) atxilotu egin zuen Iruñeko harresietan. Garai batean Mariano Rajoyren gobernuko ministro izateko hautagai zerrendetan egon zen. Kolpean, ustezko xantaia kasu baten erdian ikusi zuen bere burua, komunikabideen fokuen pean. Forudun izaerari uko eginda, dimisioa eman zuen. Nafarroako Kutxako presidente ohi Jose Antonio Asiainek xantaia egin izana egotzi zion, baina Cerverak tranpa bat jarri ziotela esan zuen. Ahozko saioa ekainaren 1etik 3ra izango da, bozen ostean.

Politikaren gailurrean zeunden. Kolpea gogorra izan zen?

Logikoki, gogorra da, egun batetik bestera, kotxe ofiziala izan ondotik, prozedura judizial bati aurre egin behar izatea inongo babes politikorik gabe. Bere garaian berehala dimititzea erabaki nuen, eta ez naiz batere damutzen.

Beste politikari askok ez bezala, zuk nahiago izan zenuen forudun izaerari uko egin. Zergatik?

Batzuetan ikastetxe edo unibertsitateetatik etortzen ziren bisitan Kongresura, eta azaldu ohi nien ideiengatik aukeratutako 350 pertsona esertzen zirela baina gutako bakoitzak ohore bat zuela. Zure ohorea auzitan jartzen dutenean, niretzat automatikoa da berehala dimisioa aurkeztu behar izatea. Ziurrenik, dimititu izan ez banu, gaia Gorenak lau hilabeteren buruan artxibatuko zuen. Ez dut esan nahi Gorena politikariekin onberagoa denik: esan nahi dut ez zuela merezi urte eta erdiko instrukzio bat hemen.

Abendurako espero zen epaiketa, baina azkenik hauteskundeen ostean egingo da.

Konparazio baterako, ASFI auzia oso korapilatsua da. Nirearen ondoren hasi zen, eta jada ikertu eta epaitu da. Ziurta dezaket epaile instruktoreak nahi izan dituen baliabideak izan dituela. Arazoa da instrukzioan tematu dela.

Autoan, epaile instruktoreak zure aurkako hamar zantzu aipatzen zituen. Nahikoa sendoak dira?

Ez, kasu batzuetan ez da ezta zantzu bat ere. Adibidez, egin zidan azken galdeketan eskatu zidan esateko «nor izan zen» tranpa jarri zidana. Eta nik erantzun nion: «Zuk esan beharko didazu, zu baitzara bitartekoak dituena». Hain da zitala, errugabetasun printzipioa urratzen baitu. Prozedura honek zuzenbide sistema galbideratzen du. Errugabea naizela frogatzera behartzen nau, kontrakoa beharko lukeenean. Hala ere, hor dago fiskalak dioena: Epailearen zantzu bakoitza banan-banan desegin zituen. Horregatik eskatu du auzia artxibatzeko. Iruñeko abokatuek baieztatu didate ez dutela ezagutzen kasu bakar bat zigor arloan auzitara joan eta fiskalak artxiboa eskatzen duenik.

Tira, Egunkaria auzia, adibidez.

A, bueno. Fiskalak beste txosten batean azaldu du Asiainek salatutako ustezko xantaia ez dela mehatxu.

Oharkabean pasatu da hori: CANeko kontseilari ohiaren semeak Nafarroako Kutxarentzat hipoteken exekuzio espedienteak egiten zituela.

Fiskalak dioenez, eta nik bat egiten dut harekin, Asiainen seme den abokatu horren jarduera nahikoa gardena bazen ez dago mehatxurik, zeren eta: nola mehatxatuko duzu inor aski ezaguna den gai baten inguruan? Beraz, epaiketan ikusi beharko dugu zer jarduera ziren horiek, nortzuek zuten haien berri, CANeko zaintza organoei jakinarazi al zitzaien. Hala, aintzat harrarazi ahalko dut Asiainek jasotako mezua benetan mehatxua ote den. Fiskalaren arabera, ez da mehatxua, ez da delitu eta nire defentsa lerroa da.

Berriki, eskuineko konfidentzial batean artikulu bat idatzi duzu: Ya vale Cordovilla (Aski da Cordovilla). Diario de Navarra-ren eta kutxaren arteko loturei buruz. Zergatik?

Nik nire ohorea defendituko dut. Ez dut onartuko egin ez dudan delitu bat egotzi nahi izatea inork. Diario de Navarra-ren artikuluak bere hartan jaso zituen Asiainen akusazio guztiak, baina ez zuen duintasunik izan gertaeren nire bertsioa jasotzeko. Gainera, amaitu dira epelkeriaz jokatzeko garaiak. Diario de Navarra partaide zen Nafarroako Kutxa galbidera eraman duen interes sarean: zuzendariak eta negozioak partekatu dituzte. Kontua jada ez da aurrezki kutxa batek komunikabide bati publizitatea jarri diola edo faboreren bat egin diola. Enpresa bakoitzak egin dezala nahi duena, baina CANen galera espoliazio sozial bat izan da, eta, niretzat, gogorrena da ikustea espoliazioa ez zela posible izango lurraldeko lehen egunkariak ikuspuntu kritiko bat izan balu eta nafarren interesen alde egin izan balu. Alderantziz, erabaki zoro batzuen propaganda egin dute, eta gure autogobernuaren erreminta garrantzitsu bat galarazi digu.

Asiainen akusazioak eta Diario de Navarra-ren jarrerak aditzera ematen dute zu harrapatzeko gogoa dutela?

Interes batzuk dituzte, eta horiek babestu behar dituzte. Azken hamarkadetako foru erkidego honetako eskandalu eta laido handiena da, eta orain niri egokitzen zait ordaintzea, askori komeni zaielako ustezko xantaia baten erruduntzat jotzea, beste gauza batzuei buruz hitz egin ez dadin.

Urte guztiotan, autoaren aurkako erasoak, ordenagailuaren lapurreta eta jarraipen mugimenduak salatu dituzu.

Jarraipenak egin zirela egiaztatuta dago. Epailearen eskuetan utzi nituen matrikula zenbaki batzuk, eta estatuaren segurtasun zerbitzuetarako erabiltzen zirela frogatu zen.

Tranpa nork jarri zizun ezin izan duzu frogatu, baina bai hitz egin duzu zirkunstantziez. Zein?

Ni deserosoa nintzen gai honen inguruan. Barcinak esan izan du Nafarroako Kutxa kritikatu zutenek ez zutela sinesten Nafarroan. Baina ikuspuntu horretan ni disonantea nintzen. Ez naiz abertzalea, eta, hala ere, pentsatzen nuena plazaratzen nuen, Barcinak aipatu Nafarroaren ustezko arerio horiekin bat eginez. Nik erreferente izateari uztea oso interesgarria zen batzuentzat; gero, nabarmendu da 2012an PPrekin loturiko zirkunstantzia politikoak zeudela.

PPko Eloy Villanueva hatzarekin seinalatu duzu. Zergatik?

Bai, ez nuen ezagutzen PPn sartu aurretik. Alderdiaren alde lan egiteko zegoela esan zidan aurkeztu nindutenean. Orduan ez zidan esan 2002an Sanchez de Muniain eta Maribel Beriainen aurka kartelak jartzeagatik kondenatua izan zela. Gutxienez, nik horren berri izateko eta azalpen gehigarri bat jasotzeko moduko kontuak ziren. Lehen minututik hain gai larrian informazioa ezkutatu zidan pertsona batek zer ez zuen egingo atzetik? Gero jakin nuen Nafarroan Espainiako Poliziaren buruzagi nagusi izateko pertsona jakin bat izendatzearen alde egin zuela. Nik gerarazi nuen izendapen hura [Jorge Fernandez Diaz] ministroarekin zuzenean hitz egin ostean. Jabetzen nintzen deserosoa nintzela, Madrilen egonda ere.

PP barruko pertsonek kale egin dizute?

Batzuek bai, eta besteek ez. Merezi duten pertsonek maitasuna eta animoa ematen jarraitu dute, eta beste kontu bat da Cospedal [PPko idazkari nagusia] zein haren inguruabar guztia. PPren alde mespretxagarriena da hori.

PP barruan, makina bat inputatu daude, baina Cospedal ez da atera, zure aurka atera zen bezala. Zergatik?

Ja, testuinguru batean ikusi behar dugu: zer erlazio zuen Maria Dolores Cospedalek Barcinarekin. Duela hiru urte pasa, PPren eta UPNren arteko koalizioaren aurka nengoen erabat. Barcinarentzat salbamendua zen hura, Nafarroan oso egoera zailari aurre egin behar baitzion politikoki. Nire apustua UPNrekin lehiatzea zen, ez UPNren osagarria izatea. Horrek berak ekarri zidan parlamentutik ateratzea, Madrilgo zerrenda osatzea eta Kongresuko Mahaian amaitzea, ondo jakin gabe zer espero zuten niregandik. Cospedalekin ez dut ez harreman onik, ez irizpide bateraturik.

Egoera horretan, kritiko azaldu zinen Nafarroako Kutxaren galerarekin. Estu hartu zintuzten PPn horregatik?

Bai, noizbait bai. Zapateroren azken legealdian, banku erreformari buruz asko eztabaidatu zen, eta nik ere parlamentu taldeko arduradunekin hitz egin nuen horri buruz. Horien artean zeuden egungo gobernuaren politika ekonomikoko arduradunak. Nire iritzia eman nien, eta egia da Nafarroako Kutxak irudi ona eman nahi ziela. Ez da kasualitatea Enrique Goñik Luis de Guindos Savialogos jardunaldietara gonbidatzea. Ez da kasualitatea erlazioak egotea Banca Civicaren eta PPko elementuen artean.

Zure ustez, PPk aukera galdu du aurrera egiteko Nafarroan?

Nafarroan PPren buru diren pertsonek nire errespetua merezi dute. Ondo egin nahi duen jendea da; ez dute UPNrekin tratuetan sartu nahi. Baina Nafarroarentzat eredurik ez duen UPNren alternatiba izateko aukera bai, aukera hori galdu du. UPNk ez du proiekturik; Nafarroari ekarpenik egiterik ez dauka jada, eta gauzak ondo egin izan balira, epe ertainera PP aukera liberal eta alternatibo gisa aurkez zitekeen. Noiz galdu zen aukera? Barcinak Rajoyri hauteskunde ituna egitea proposatu zionean 2011ko bozetan.

Azkenean, PSOEk eta PPk abertzaleen mehatxuagatik nahiago dute UPN ez higatzea?

Barcinak badaki erlazio publiko onak egiten Madrilen nahi duena lortzeko. PPren oso gainetik, zentro-eskuineko aukera moduan aurkezten da, eta gero, betiereko istorioa kontatzen du: gotorleku bakarra dela Nafarroa hutsaldu eta Espainia amaituko duten aukeren aurka. Bere interesen alde egin du. Orain kontatzen didate hautagai izateari uko egin zioenetik ez diotela hainbeste deitzen eta kasu egiten.

PPn ez dira nekatzen UPNko buruekin beti Pello artzainaren modura otsoa datorrela oihuka?

Hori baino gehiago da. Madrilen oso interpretazio azalekoa egiten dute. Ez dago komunikabideak irakurri besterik: abertzaleak etorriko dira, Nafarroa amaituko dute eta gero Espainia, eta hor hautsiko da Espainiaren batasuna. «Ni babesten ez banauzue, Espainia hautsiko da» hain da gordina, Nafarroa beste termino batzuetan azaltzea asko zaildu du.

Itzuliko zinateke politikara?

Ez, inoiz ere ez dut karnetik izango. Gainera, orain politika egin daiteke alderdien bitartekaritzarik gabe. Bestetik, ondo etorri zitzaidan politika uztea, nahiz eta modua traumatikoa izan. Gaizki pasatuko nukeen Kongresuan legealdi hau justifikatu beharko banu, izugarria izan baita. Nire hutsegiteak izan ditut, baina kontzientzia lasai dut. Hutsegite nagusia izan zen zuhurtziarik gabe harresira joan nintzela, eta ondo ordaindu dut horregatik. Baina beti zintzo jokatzen saiatu naiz.

CANi gertatutakoa Nafarroari gertatutakoaren paradigma da?

Orain politika aktiboan banengo, orain etengabe leitmotiv gisa erabiliko nuke kanpainan. Nafarroan espezialista gisa aurkezten zirenak bere historia garaikidean Nafarroak izandako gainbehera handieneko garaiaren erantzule nagusiak dira. Ez da soilik Nafarroako Kutxa. Hor dago Osasuna ere, hor dago Itun Ekonomikoarekin gertatu dena. Nafarroan espezialista zirenek, azkenean, hondamendira eraman dute. Ez da soilik kontuen hondamendi ekonomiko hutsa, baizik eta izaera berarena.

Egur handiena Barcinak jaso du, baina non da Miguel Sanz?

Bi Miguel Sanz ezagutu ditut. Bata, 1996koa, gutxiengoan zegoen gobernu batekoa. Gauzak nahiko ondo egiteko gauza izan ginen. Bere azken legealdian, Sanzek gehiago begiratu dio nola geratuko ote zen bere ondarea eta bera, proiektu politiko bat eratu ordez. Horregatik, proiektua desagertu da, eta arlo ekonomikoko interes horiek agertu dira.

@ Santiago Cerveraren elkarrizketaren bertsio luzea irakurri nahi izanez gero, bisitatu BERRIAren ataria:

www.berria.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.