Nafarroan bozak aurreratzeko aukera baztertu du Rubalcabak

PSNk aliantzak egiteko ahalmena duela dio, baina alderdi abertzale «batzuekin» ituna egiteari uko egin dio

Erredakzioa
Iruñea
2013ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia Iruñean izan zen atzo, eta mezua bezain esanguratsua izan zen eszenifikazioa. Alde batetik,Nafarroako Ospitaleen Guneko sukaldeen ardura bere gain duen eta herritarren artean kexa ugari pilatu dituen enpresak finantzatu du foroa: Mediterranea de Cateringek.Bestetik, entzuleen artean, UPNko agintari nagusiak ziren: Yolanda Barcina Nafarroako lehendakaria, Alberto Catalan Parlamentuko presidentea eta Miguel Sanz lehendakari ohia. Haien aurrean, Rubalcabak adierazi zuen hauteskundeak aurreratzea ez dela konponbide ona. «Zenbait hilabetetan ezegonkortasuna eragiten du, eta egoera horretara iritsi aurretik, beste gauza batzuk saiatu behar dira».

Rubalcabak esan zuen PSNk beste alderdiekin aliantzak egiteko ahalmena duela. «Dena den, egia da gure batzorde federalak baiezkoa eman behar diola», zehaztu zuen. Rubalcabak argi utzi zuen ez duela begi onez ikusten alderdi abertzale batzuekin aliantza egitea. «Zeharkatuko ez ditugun marra gorri batzuk badaude, sozialistak baikara eta ez abertzaleak. Diskurtso abertzalearen elementu batzuekin ez gatoz bat».

UPNren eta PSNren arteko gobernu akordioaz eta hausturaz hitz egin zuen. Haren esanetan, akordio hura ez zen erraza izan, baina «Nafarroaren hobe beharrez» egin zuten, eta gauzak «are zailago» jarri ziren UPNk PPrekin ituna egin ostean. «Gobernu hura ez zen ondo atera, eta handik atera ginen. Baina gobernu egonkortasunaren kezka gure gogoeten artean dago». Dena den, UPNri adierazi zion egonkortasunaren alde saiatzea gobernuan den alderdiari dagokiola: «Guk proiektu bat dugu, eta ez gara mugituko proiektu horretatik, baina nahiago genuke egonkortasunaren alde egitea».

Barcinari Rubalcabaren hitzak «oso arduratsuak» iruditu zaizkio. «Esan du gobernu ardura dugunok egonkortasuna egon dadin akordioak erdiesten esfortzu berezia egin behar dugula». Barcinari ere ondo iruditu zaio alderdi abertzaleen aurkako mezua. «Gogoeta guztiok oso ona dira, eta alderdi sozialistaren betiko ildotik doaz». PSNrekin akordioaklortzeko ahalegina egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.