Bortzirietan eta Malerrekan (Nafarroa) «makropoligono eolikoak» jartzeko asmoa du egoitza fiskala Madrilen duen Zelena Renovable SM enpresak. Sustrai Erakuntza fundazioak atera du argitara berria, eta, esan duenez, parke horietako bakoitzak 50 megawatt ekoiztuko lituzke.
Inguruko hainbat herriri eragingo liekete proiektuek; Bortzirietakoa Etxalarko, Igantziko, Arantzako eta Sunbillako (Malerreka) lurretan eraikiko litzateke, eta Malerrekakoa, berriz, Ezkurran, Eratsunen, Saldiasen eta Beintza-Labaienen. Enpresak proiektua aurkeztu du jada, eta orain dagozkion tramiteak egiten ari da sare elektrikora konektatzeko baimena lortzeko.
Sustrai Erakuntza fundazioak, Espainiako enpresaren asmoen berri ematearekin batera, Nafarroan energia berriztagarriak ezartzen ari diren modua gaitzetsi du; azpimarratu du «enpresa elektriko handien eskutik» egiten ari dela trantsizio energetikoa, «haien interes espekulatiboen erritmoan» eta «Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin»: «Nafarroako erakundeek dinamika horretan parte hartzen dute. Bai gobernua eta bai alderdi politikoak araudiak, planak eta dekretuak onartzen ari dira, eta, energiaren eta materialen alferrikako kontsumoa murrizteko plangintza arrazionaletik urrun, sustatzaileen anbizioa bultzatzen ari dira, makropoligono berriztagarriak kontrolik gabe hedatzen jarraitzeko».
Horrekin batera, ohartarazi dute parke eoliko horiek Bortzirietako eta Malerrekako bioaniztasuna suntsituko dutela, eta laborantza lurrak galtzea eragin. Salatu dute, gainera, 2030erako Nafarroako Energia Planean aurreikusia zegoela berotegi gas kutsatzaile gutxiago isurtzea energia berriztagarrietarako trantsizioa egitearekin batera, baina ez dela horrelakorik gertatu, eta gobernuak ez duela sortu «garapenerako dinamika alternatiborik».
Urtarrilaren amaieran eman zien Nafarroako Gobernuak ingurumen baimena beste lau parke eolikori. Horiek kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuak 69 eskaera tramitatu ditu legegintzaldi honetan, eta 35 proiekturi eman die ingurumen baimena —1.400 megawatt ekoiztuko dituzte guztira—.
Nafarroan bi parke eoliko egiteko asmoa du Madrilgo enpresa batek
Zelena Renovable SM enpresak Bortzirietan eta Malerrekan egin nahi ditu bi parkeak. 50 megawatt ekoizteko gaitasuna izango dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu