Nafarroan bi laborari hiltzeaz akusatutako gizona Espainiako justiziaren esku utziko dute

Martxoaren 25ean atxilotu zuten, Beziersen (Frantzia). Katalunian beste laborari bat hiltzea ere egozten diote.

Martxoaren 25ean izan zen atxiloketa. BERRIA
Martxoaren 25ean izan zen atxiloketa. BERRIA
gotzon hermosilla
2025eko apirilaren 9a
12:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakinarazi du Frantziako justiziak erabaki duela martxoaren 25ean Beziersen (Frantzia) atxilotutako gizona Espainiaren esku uztea. Atxilotuari leporatzen diote Nafarroan bi nekazari hiltzea: bat Tuteran, 2023ko azaroaren 22an, eta bestea Ribaforadan, hilabete bat geroago, abenduaren 21ean. Horrez gain, Vilanova de la Barcan (Herrialde Katalanak) beste nekazari bat hil izana ere egozten diote. Hilketa hori 2024ko urtarrilaren 5ean izan zen.

Akusatuak aukera du erabaki horren kontra helegitea jartzeko; beraz, oso litekeena da erabakia egun batzuk atzeratzea. Lehenbizi, Tuterako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 3. Epaitegiaren aurrean deklaratu beharko du, hark baitaramatza Tuteran eta Ribaforadan hildako laborarien auziak. Epaitegi horrek akusatua espetxeratzea erabakiko balu, Herrialde Katalanetako hilketaz arduratzen den Lleidako auzitegiak ere aukera izango luke haren deklarazioa eskatzeko.

Tuteran eta Ribaforadan hildakoak adineko nekazariak ziren, eta, antza denez, lanean ari zirenean egin zieten eraso. Bigarrenari autoa lapurtu zioten; auto hori geroago agertu zen, Vilanova de la Barcako hilketa gertatu zen lekutik kilometro gutxira, eta Poliziak ondorioztatu zuen bazitekeela hiru hilketak lotuta egotea.

Bere garaian, Poliziak zalantzak agertu zituen hilketen arrazoien inguruan, eta baztertu egin zuen lapurretaren hipotesia. Orain, albiste agentziek jihadismoarekin lotu dute akusatua. Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako beste zigor bat betetzen ari zen, eta, ondorioz, eskumuturreko telematikoa zeraman, baina kendu egin zuen lehenengo hilketa gertatu baino bi hilabete lehenago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.