ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

Nafarroan beste bi parke eoliko egiteko asmoa du Madrilgo enpresa batek

Zelena Renovable SM enpresak Bortzirietan eta Malerrekan egin nahi ditu bi parkeak, eta 50 megawatt ekoizteko gaitasuna izango du bakoitzak

Nafarroako parke eoliko bateko haizerrota bat. JAGOBA MANTEROLA/FOKU
jone arruabarrena
2023ko martxoaren 16a
13:04
Entzun

Bortzirietan eta Malerrekan (Nafarroa) «makropoligono eolikoak» jartzeko asmoa du egoitza fiskala Madrilen duen Zelena Renovable SM enpresak. Sustrai Erakuntza fundazioak atera du argitara berria, eta esan duenez, parke horietako bakoitzak 50 megawatt ekoiztuko lituzke.

Inguruko hainbat herriri eragingo liekete proiektuek; Bortzirikoa Etxalar, Igantzi, Sunbilla eta Arantzako lurretan eraikiko litzateke, eta Malerrekakoa Ezkurran, Eratsunen, Saldiasen eta Beintza Labaienen. Enpresak proiektua aurkeztu du jada, eta orain dagozkion tramiteak egiten ari da sare elektrikora konektatzeko baimena lortzeko.

Sustrai Erakuntza fundazioak, Espainiako enpresaren asmoen berri ematearekin batera, Nafarroan energia berriztagarriak ezartzen ari diren modua gaitzetsi du; azpimarratu du «enpresa elektriko handien eskutik» egiten ari dela trantsizio energetikoa, «haien interes espekulatiboen erritmoan» eta «Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin»: «Nafarroako erakundeek dinamika horretan parte hartzen dute. Bai Gobernua eta bai alderdi politikoak araudiak, planak eta dekretuak onartzen ari dira, eta, energiaren eta materialen alferrikako kontsumoa murrizteko plangintza arrazionaletik urrun, sustatzaileen anbizioa bultzatzen ari dira, makropoligono berriztagarriak kontrolik gabe hedatzen jarraitzeko».

Horrez gain, ohartarazi dute parke eoliko horiek Bortzirietako eta Malerrekako biodibertsitatea suntsitu eta laborantza lurren «galera» ekarriko dutela. Salatu dute 2030erako Nafarroako Energia Planean aurreikusia zegoela berotegi gas kutsatzaile gutxiago isurtzea energia berriztagarriak hedatuz, baina ez dela horrelakorik gertatu, eta, gainera, gobernuak ez duela sortu «garapenerako dinamika alternatiborik». Horren adibidetzat jarri dute «AHTa, makroetxaldeak, ibilgailu pribatuen sustapena eta Erdizko Mina Muga eta Magna enpresen proiektuak ahalbidetzea».

Eolikoak Nafarroan, geroz eta gehiago

Urtarrilaren amaieran eman zien Nafarroako Gobernuak beste lau parke eolikori ingurumen baimena. Sei eskaera tramitatu zituen orduko hartan: Cascante II eta Murchanteko parke eolikoak —lehenari baimena eman zioten, baina bigarrenari ez—, eta Castejongo Cierzo IV, Tuterako Ebro I eta La Nava, eta Cascanteko El Salsillo eguzki parkeak. Horien artean, Cierzo IV eta Ebro I parkeei baiezkoa eman zien, eta La Nava parkeari emandakoa «partzialki aldekoa» izan zen.

Baimen horiek kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuak 69 eskaera tramitatu ditu legegintzaldi honetan, eta 35 proiekturi eman diete ingurumen baimena —1.400 megawatt ekoiztuko dituzte guztira—. Ikusteko dago oraindik Bortzirietako eta Malerrekako parkeei baimena emango dien.

Mendi martxa, mendiak askatzeko

Arabako Mendiak Aske plataformak, mendi martxak antolatu ditu Babestu maite duzun mendia lelopean, «enpresek suntsitu nahi dituzten eremu naturalak ezagutarazteko». Izan ere, azaldu dute ezinbestekoa dela biodibertsitatearen babesa kontuan hartzea berriztagarrien hedapenean.

Arabako leku ezberdinetan egingo dituzte martxak, martxoa eta uztaila bitartean. Era berean, maiatzaren 20an lurraren defentsan Gasteizen egingo den manifestaziorako deia ere egin dute, Euskal Herria bizirik! lelopean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.