Nafarroan artxibatu egin dituzte elizgizonen sexu abusuen 30 salaketa

Erlijio ikastetxeetan sexu abusuak jasan dituztenen elkarteko kideak Nafarroako Parlamentuan izan dira, eta salaketen bidez egia bilatu nahi dutela azaldu dute. Elizarekin «konfiantza gutxi» dute

Juan Luis Perez, Jesus Antonio Zudaire, Javi Arakama batzordeko burua, Marcos Leiun eta Francisco Javier Azpilikueta, atzo, batzordean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Ez dute etsiko. «Gure mina ez da preskribatu sekula ere». Urte hasieran, Jose Luis Perezek Garesko erreparazioko aiten ikastetxean haurtzaroan jasandako abusuen berri eman zuen. Geroztik, bederatzi hilabeteotan 30 kasu azaleratu dira Nafarroan. Atzo, Sexu Abusuen Biktimen Elkartea parlamentuan izan zen, eta bertan azaldu zuten epaitegiek artxibatu egin dituztela salaketa guztiak, delituak preskribatu direlako edo abusuen arduradunak hil direlako. Dena den, legebiltzarrean, Jose Luis Azpilikueta elkarteko kideak azpimarratu zuen salaketak jartzen jarraituko dutela, «behingoz inork gaiari hel diezaion». Ziur daude 1950eko hamarkadatik 1990ekora «pederastia kasu kopuru handia» gertatu zela. «Salatzen ez dena ez da ezagutzen. Jendeak dakien hori soilik existitzen da. Salaketarik gabe, ez genuke jakingo zer gertatu den».

Ez da elkarteko kideak parlamentura joan diren lehen aldia. Urrian, beste agerraldi bat izan zuten, ateak itxita, komunikabideen presentziarik gabe. Agerraldi hartako audioa jartzeko asmoa zuen parlamentuak, baina zerbitzu juridikoek ohartarazi zuten halakorik ez egiteko, gertaerak epaituak izan ez zirenez sexu abusuak egindako pertsonen edo erakundeen ohorea auzitan jar zitekeelako. Azaroan, zerbitzu juridikoek azkenik baimena eman zuten audioa jartzeko, baina grabazioan ezabatu egin ziren hirugarren pertsonen edo erakundeen izenak eta aipamenak.

Atzoko agerraldian elkarteko lau kide bertaratu ziren, eta urrian jazotakoari erreferentzia egin zioten. «Gure elkartea audio hori moztearen aurka azaldu zen, eta, hala ere, moztu egin zen. Audioan zuriune ugari daude, eta guretzat hutsune horiek lotsagarriak dira, abusuen egileak eta delitu horiek babestu zituzten ikastetxeak ezkutatzen baitira», salatu zuen Marcos Leiunek, elkarteko kideetako batek. Haren ustez, kaltetuak «bi aldiz biktima» izan dira: «Lehenik, haurtzaroan, sexu abusuak jasan genituelako, eta, bigarrenik, orain, gu isilarazi nahi izan gaituztelako. Kaltegileei eskatu behar zaizkie ardurak, ez biktimei».

Konfiantzarik ez Elizan

Jose Luis Azpilikuetak nabarmendu zuen «konfiantza gutxi» dutela Elizako goi organoetan: «Sexu abusuen gaitzaren aurka Francisco aita santuak asmo onak dituelakoan gaude, baina haren azpitik botere maila gehiegi daude arazoa konpon dadin». Horren adierazle, Nafarroako Elizan topatu dituzten eragozpenen berri eman zuten elkarteko kideek. Lehenik eta behin, iazko maiatzean, lehen bilera eskatu zuten Artzapezpikutzaren idazkariarekin, eta, hark hitzordua eman zienean, ez zen bertaratu. Irailean, Juan Antonio Aznarez gotzain laguntzailearekin bilera egin zuten, baina, Azpilikuetaren hitzetan, ardurarik ez zuen onartu, eta kongregazio erlijiosoen gain utzi zuen erantzukizun oro.

Behin eta berriz eskatu ostean, Francisco Perez Iruñeko eta Tuterako artzapezpikuarekin batzartu ziren. Bilkura «etsigarria bezain adierazgarria» izan zen, elkarteko ordezkarien hitzetan. Abusuak eta haien ondorioak azaldu ostean, barkamen pertsonal eta publikorik egingo ote zuen galdetu zioten Perezi. Azpilikuetaren hitzetan, «ez zuen egin, hori egitea delitu larriak aitortzea litzatekeelako». Eskaera hori Espainiako Elizaren Konferentziari helarazteko eskatu zioten, baina uko egin zion proposamen horri.

Erlijio Kongregazioetako ordezkariekin ere bilera pertsonalak egin dituzte. Erreparazioko aiten agintariak hiru kalteturekin izan zuen jokabidea «asaldagarria» iruditu zitzaion Jesus Antonio Zudaire elkarteko presidenteari. «Bilera amaitu zuen abusuak aitortu gabe, eta gezurrezko salaketa egitea leporatu zien kaltetuei. Abusuak jasandako haur baten profilik ez zutela esaterainoko zinismoa izan zuen». Aita maristen kasuan, hasieran zalantzan jarri zuten kontakizunen egiazkotasuna, baina gero publikoki barkamena eskatu zuten. Azkenik, haurra zelarik erlijio jardueretan abusuak jasandako emakume batek bilera eskatu zuen salestarrekin, eta haiek garai hartako irakasle salestarren argazkiak erakutsi zizkioten. «Erasotzailea identifikatu ahal izan zuen».

Elkartearen ibilbidea

Jose Luis Perez izan zen lehena urratsa egiten. Duela sei urte, egoera jasan ezinik, haren anaiak bere buruaz beste egin zuen, eta hil osteko gutuna irakurrita jakin zuen hark ere abusuak jasan zituela Garesko erreparazioko aiten ikastetxean. Perezek iazko martxoan eman zuen bere lekukotza irratsaio batean, eta, lehen kasuaren ondotik, azken hilabeteetan 30 kasu azaleratu dira. Ziur daude gehiago direla. «Ausartzen gara esatera Nafarroan ehunka direla erlijio ikastetxeetan pederastia kasuak», aipatu zuen Perezek.

Biktimek elkartea sortu zuten elkar babesteko. Perezen ustez, elkartu izanak euren istorioa kontatzeko askatasuna eta arindua eman die. «Ez genuen ezer kontatu abusua jasan genuenean, ez genuelako ulertzen zer gertatu zen. Bortxatutako haur baten xalotasuna dela eta, ezagutzen ez genuen hori ezin genuen azaldu». Frankismo garaia izanik, haurrek «irakasle apaizei aurre egiteko beldurra» zuten, Perezen arabera: «Etxean sinetsiak ez izateko beldurra genuen. Uste genuen gurasoak ez zirela gai izango pederasten aurka salaketa jartzeko, gu ikastetxetik botako ote gintuzten beldur. Elizaren boterea hain zen handia, ezen erreprimitu egiten zen seme-alaben abusuen salaketa».

Zudaireren arabera, garrantzitsua da biktimak «erne entzutea, errespetuzko jarrera proaktibo baten bidez». Salaketen bitartez egia bilatuko du elkarteak, haien sufrimendua aitortua izan dadin. Ikastetxeetan eta, oro har, haurrekin lan egiten duten erakundeetan sentsibilizazio kanpaina egiteko prest agertu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.