«Buruko osasuneko arazoak izango dira desgaitasunen kausa nagusia». Hala uste du Osasunaren Mundu Erakundeak, eta hala gogorarazi du gaur Marcos Resanok, Nafarroako Parlamentuan. Elkarkide gizarte erakundeko zuzendari gerentea da. Buru nahasmendu larriak dituztenei laneratzen laguntzen die Elkarkidek. Nafarroan 6.700 pertsonari baino gehiagori diagnostikatu diete %33ko desgaitasuna buru nahasmendu larriagatik.
Kopuruak handituz joango dira, Resanoren arabera: «Uste da 2030erako lau pertsonatik batek buruko nahasmenduren bat izango duela bere bizitzan, eta %1-3k buru nahasmendu larria izango dute». Buru nahasmenduak dira osasun arazoen %12,5, «minbizia eta arazo kardiobaskularrak baino gehiago».
Lana lortzeko arazo handiak dituzte buru nahasmendu larriak dituztenek. «Lana lortzeko aukera gutxien ditugunak gara», esan die Resanok parlamentariei. «Lotuta dago buru nahasmendu larria dutenen estigma sozialarekin». Estigma hori bizirik dagoela salatu du.
Erantzukizun mugatuko sozietatea da Elkarkide. Fundazio bihurtu nahi dute, proiektuari iraunkortasun eta jarraitutasun handiagoa emateko modua dela uste dutelako. Bost bazkidek sortu zuten, duela 33 urte.
«Aukera berriak» bilatzen ari dira proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa eta iraunkortasuna bermatzeko, aintzat hartu behar baita, Resanoren iritziz, «produktibitate oso gutxiko lana dela». Ez dute galerarik izan azkeneko bost urteetan, baina ez dute behar besteko dirurik proiektu eta negozio berriei ekiteko: «Ez daukagu finantza giharrik; ezin dugu ezer egin».
Parlamentariei esan die Elkarkide beharrezkoa eta ezinbestekoa dela Nafarroan, guztiz buruko nahasmendu larriak dituztenekin aritzen den bakarra delako haien ingurunean. «Nafarroan Elkarkide existituko ez balitz, zulo handi samarra egongo litzateke», ohartarazi die. Horregatik, Resanok babesa eskatu die parlamentariei.
Parlamentariek, aldeko hitzak
Parlamentariek, hitzez behintzat, babestu dute. PSNko Olga Chuecak esan dio gobernuak ahal duen babes guztia ematen diola, eta laguntzeko hainbat modu daudela. Udalek eta mankomunitateek ere proiektuarekin bat egin dezaketela uste du. EH Bilduko Javier Arzak nabarmendu du Elkarkide erakunde historikoa dela, eta buruko nahasmenduak ikuspegi alternatibo eta osagarri batekin lantzen dituela, «ez botiken edo terapien ikuspegitik, ikuspegi soziohezitzaile eta komunitario batetik baizik».
Geroa Baiko Isabel Aranburuk agindu dio beti babestuko dutela Elkarkide. Zurekin Nafarroako Miguel Garridok eskerrak eman dizkio, besteak beste, «balio nitxoak» bilatzen saiatzeagatik, «ez soilik pentsatzeagatik pertsona horiek nola edo hala zerbaitetan aritu behar dutela».
UPNko Javier Esparzak pena sentitzen du, halako proiektuek zailtasunak dituztelako. Nafarroako Gobernuari egotzi dio ez dizkiela beharrezko baliabideak ematen.