Azken urteetan Nafarroan 435 ikur frankista kendu dituztela jakinarazi du Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Memoria, Elkarbizitza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak. Erdiak baino gehiago diktadura garaian eraikitako etxebizitzetan jarritako plakak dira, eta lautik bat, frankismo garaian ohoratutako pertsonei jarritako kaleak edo udal akordioak.
Datuen berri eman du Ollok Nafarroako Parlamentuko Memoria Batzordean, nabarmenduta herrialdea «aitzindaria» izan dela «frankismoaren ikurrak identifikatzeko eta kentzeko araudian eta ekinbidean». Ollok gogorarazi du Nafarroa «bereziki» zigortu zutela 1936ko gerran eta frankismoan, 3.000 lagun baino gehiago hil zituztela 1936ko kolpearen ondorengo lehen hilabeteetan: «Milaka lagun erbesteratu ziren, eta hamarkadetan hemen gertatutakoaren memoria ezkutatu zen, espazio publikoak garaileen memoria jasotzen zuen bitartean».
Hortaz, nabarmendu du Nafarroako Gobernuak 2016ko azaroaren 30ean osatu zuela ikur frankisten zerrenda bat, orduan 224 elementu zituena, eta erantsi du dokumentu hori «tresna bizia» dela oraindik ere, eguneratzen ari direla eta sarean gaurkotu daitekeela, «edozein pertsonak edo kolektibok bere salaketa helarazteko aukera izan dezan ikurrak identifikatzeko eta kentzeko». Ollok «eremu publikoaren demokratizazioa» defendatu du.
Ollok EH Bilduren eskariz egin du agerraldia. Indar subiranistako parlamentari Arantza Izurdiagak aurrerapausoak txalotu ditu, baina ohartarazi oraindik lana egiteko dagoela, bereziki hilerrietan. Aldiz, Iñaki Iriarte UPNko parlamentariak uste du eremu publikoaren «demokratizazioak» ez lukeela «eztabaida piztu behar gizarte sano batean», baina gaineratu du ikur frankistak erretiratu daitezkeela «etorkizunari iraganeko arrastoak lapurtzeko basakerian erori gabe».
Inma Juriok (PSN), berriz, azaldu du «memoria demokratikoari buruzko jardueretan» ez dagoela etenik, eta lan horretan beharrezkotzat jo ditu «elkarlana, enpatia eta proportzionaltasuna». Alabaina, Mikel Asiainek (Geroa Bai) esan du indarrean dagoenak izan behar duela «frankismotik geratzen diren arrastoak amaiarazteko» legealdia.