Nafarroan 15.000 pertsonak ez dute baliabiderik

Herritarren %1o inguru gizarteak baztertzeko arriskuan daudela esan du Pobreziaren Aurkako Nafarroako Sareak

Erredakzioa
Iruñea
2013ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
«Egoera oso larria da. Pobrezia maila duela hamabost-hogei urtekoa da». Salaketa hori egin du Ubaldo Gonzalezek, Pobreziaren Aurkako Nafarroako Sareko kideak. Ohartarazi du, gainera, Nafarroako herritarren %10 inguru gizarteak baztertzeko arriskuan daudela. «Urte beltza izan zen iazkoa: eskubideen galerena eta murrizketena», nabarmendu du Gonzalezek. Zehaztu du Nafarroan 15.000 eta 20.000 pertsona artean daudela baliabiderik gabe.

Iazko balantzea egiteko prentsaurrekoa egin zuen atzo Pobreziaren Aurkako Nafarroako Sareak, Iruñean. Gonzalezekin batera agertu ziren Patricia Ruiz, Myriam Gomez eta Sara Bea sareko kideak. Gonzalezek ohartarazi zuen gizarte mailen arteko aldea handitu egin dela. «Baliabideak dituztenen eta ez dituztenen arteko aldea handitu egin da. Asko okertu da gizarteak baztertuta zeuden pertsonen egoera».

«Oso larria» iruditzen zaio iaz gertatutakoa Gonzalezi: «Eskubideak galdu eta atzerapausoak eman ziren ongizatean. Herritar talde handi bat dago hezkuntzarako, osasunerako eta etxebizitzarako eskubideak bermatu gabe». Gogorarazi du 1980-90eko hamarkadetan ahalegin handia egin zela gizarteratzeko; hogei urte egin da atzera, bere ustez.

Salatu du administrazioek bultzatutako politikarengatik iritsi dela egoera horretara. «Defizita murrizteko eta bankuak onbideratzeko xedea baino ez dute politika horrek. Ez dute ez hazkundea sortzen, ezta berdintasuna ere». Eskari garbi bat egin die Nafarroako erakunde publikoei. «Sustatu politikak herritarren alde eta herritarrentzat. Funtsezkoa da aberastasuna hobeto banatzea. Neurri egokiak hartuz gero, badago nahikoa baliabide egoera iraultzeko».

Elkartasuna,«gora»

Dena ez da hain beltza, ordea, Gonzalezen hitzetan: «Elkartasuna handitu egin da. Herritar askok jo du gizarte taldeetara laguntza eskaintzera. Elkartasuna indartuta atera da. Hori oso albiste ona da». Gizarte mugimendua ere areagotu egin dela uste du. «Batez ere murrizketen aurkako eta berdintasunaren aldekoa. Jendea oso haserre dago, eta kalera atera da azken urtean».

Aurtengo urteari begira, hainbat erronka ditu Pobreziaren Aurkako Nafarroako Sareak. «Gizartearen bazterketa saihesteko plan bat bultzatu nahi dugu». Garai bateko oinarrizko errenta ere berreskuratu nahi du.

Paperik gabeko etorkinen osasun arretaren inguruan ere kezka azaldu du. Nafarroako Gobernuaren jarrera «zentzugabea» dela uste du Patricia Ruizek. «Elkarte guztietara ari zaizkigu etorkinak iristen, osasun arretagatik kobratu egin dietela esanez. Faktura eta guzti etortzen dira. Beraz, Nafarroako Gobernuak nahi duena esango du, baina errealitatea hori da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.