Nafarroan, 15 urte edo gehiagokoen %27,9k dute euskararen ezagutza

15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean %40ra igo da euskaraz zerbait dakitenen kopurua. Estatistika Institutuaren datuen arabera, euskaraz dakiten gazteek atzerriko hizkuntzen ezagutza handiagoa dute

Nafarroan, 15 urte edo gehiagokoen %27,9k dute euskararen ezagutza.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Nafarroako Estatistika Institutuak atzo aurkeztu zituen 2018ko Gizarte Inkestaren eta Bizi Baldintzei buruzko datuak. Ondorio argi bat utzi du inkestak: «Nafarroako gizartea gero eta eleaniztunagoa da». Datuek diotenaren arabera, Nafarroako 15 urte edo goragoko biztanleen %27,9k dakite zerbait euskaraz, denera 152.400 pertsonak. Kopuru horretan, inkestak batu egin ditu euskara menperatzen duten hiztunak eta euskara menperatu ez baina egunerokoan erabiltzeko esaldi arruntak euskaraz egiteko gai direnak. Euskara «ongi» menperatzen dutenak, berriz, 78.100 pertsona direla zehaztu du inkestak. Euskararen ezagutza progresiboki gorantz doala baieztatzen du inkestak.



Adin tarte ezberdinak aztertuz gero, nabarmena da euskaraz zerbait dakiten belaunaldi ezberdinen arteko aldea. 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean %40k dakite zerbait euskaraz. Adina igo ahala, ordea, proportzio hori ere txikituz doa. Proportzio txikiena 60 urtetik gorako populazioak du. Adin tarte horretako biztanleriaren %16,4k du euskararen gutxieneko ezagutza.

Hizkuntzaren ezagutza aztertzeko orduan, lau gaitasun ezberdin aztertu dituzte inkestan: irakurtzekoa, mintzatzekoa, idaztekoa eta ulertzekoa. Azken gaitasun horretan sentitzen da erosoen Nafarroako biztanle gehien. Hala, euskara ondo ulertzen dute gazteen %22,5ek, 30 eta 44 urte artekoen %13,7k, 45 eta 59 urte artekoen %10,5ek, eta 60 urte edo gehiagoko biztanleen %8,6k.

Etxeko lehen hizkuntza eta etxean gehien mintzatzen den hizkuntzaren inguruko datuak ere azaleratu ditu inkestak. Nafarroan bizi diren 15 urtetik gorakoen %5,9ren etxeko lehen hizkuntza da euskara. Biztanleriaren %3,4ren etxeko hizkuntza dira, berriz, gaztelania eta euskara, biak batera. Beraz, euskara biztanleriaren ia %10entzat da etxeko hizkuntza; 2011ko datuekin alderatuta, bi puntu igo da etxeko hizkuntza euskara eta gaztelania dituzten gazteen kopurua.

Etxean gehien mintzatzen den hizkuntzari dagokionez, berriz, euskara da etxean gehien erabiltzen den hizkuntza biztanleriaren %4,2rentzat. Etxean euskaraz eta gaztelaniaz mintzo dira, berriz, biztanleen %3,8.

Ikasketa mailak ere berebiziko garrantzia du hizkuntzaren ezagutzan; izan ere, ikasketa maila altuagoarekin handitu egiten da euskarazko hizkuntza gaitasuna. Euskarazko hedabideen kontsumoaren inguruko datuak ere jaso ditu inkestak. Hori horrela, euskararen ezagutza dutenen artean erdiek baino gehiagok euskarazko irrati, podcast edo telebista saioren bat entzun zuten inkesta egin aitzineko astean. Hamar euskaradunetik hiruk, berriz, egunkari edo aldizkariren bat irakurri zuten, paperean zein sarean. Hizkuntzaren ezagutza gero eta handiagoa izan, orduan eta gehiago kontsumitzen dira euskarazko hedabideak. Gainera, euskarazko ezagutzaren bat duen biztanleriaren %42k dauka euskaraz B1 mailatik gorako titulu ofizialen bat.

Euskaldunak, eleaniztunago

Bertze datu argigarri bat utzi du mahai gainean atzo zabalduriko inkestak: atzerriko hizkuntzen ezagutza «nabarmen handiagoa»dutela euskaraz dakiten gazteek, ez dakitenek baino. Euskararen ezagutza dutenen ia %62k dakite ingelesez, eta %37,5ek frantsesez. Euskaraz ez dakitenen kasuan, hamar puntu jaisten da ingelesaren ezagutza, eta zazpi puntu frantsesarena.

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarren Harremanetarako kontseilaria pozik azaldu zen atzo inkestak adierazi dituen datuekin: «1991ko inkestarekin alderatuta, bikoiztu egin da euskaldun kopurua». Bertze datu bat ere nabarmendu zuen Ollo kontseilariak: «Atzerriko hizkuntzen ezagutzak nabarmen gora egiten du euskaraz dakitenen nafarren artean, euskararik ez dakitenekin alderatuta. Berebiziko garrantzia du horrek euskara eta atzerriko hizkuntzen eredua aurrez aurre jarri nahi dituztenen aurrean, eta are gehiago orain, aurrematrikulazio aroan gaudelarik». Datozen egunetan datuen azterketa sakonagoa eginen dutela aurreratu zuen kontseilariak.

Nafarroako hizkuntza propioez harago, inkestak adierazi du migratzaileek ekarritako hizkuntzek ere pisua dutela, bai etxeko hizkuntza gisa, baita etxean gehien mintzo den hizkuntza gisa ere. Biztanleriaren %6rentzat da lehen hizkuntza Afrikako edo Europako bertze hizkuntzaren bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.