Nafarroan 106 lege onartu dituzte azken agintaldian

2019ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
IRUÑEA. Nafarroako Parlamentuak agintaldi honetan 106 lege onartu ditu, Ainhoa Aznarez parlamentuko mahaiko presidenteak prentsaurreko batean emandako datuen arabera. Halaber, legebiltzarreko taldeek 8.213 ekinbide aurkeztu dituzte, aurreko legealdian baino 2.000 gehiago. «Lan asko egin da», esan du Aznarezek Iruñean, balantzea egitean.

Nafarroako Parlamentuko buruak nabarmendu du lau urte hauetan «desberdinen arteko akordioak» egin direla. Zehazki, balio handia eman dio Geroa Bairen, EH Bilduren, Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren arteko adostasun mailari. «Aldeak alde, elkarrizketarako eta akordiorako gaitasuna eduki dute, herritarren ongizatea eta aurrerabidea bilatu ahal izateko». Lau indar politikoek eutsi diote, beren 26 parlamentariekin, Nafarroan duela lau urteko bozetan gertatutako aldaketari. «Jakin izan dugu ulertzen zer den lehentasuna jendearentzat».

Aznarez Ahal Dugu-ko kideak garrantzia eman die herri eragileek parlamentuan egindako agerraldiei ere. «Konkista sozial bat izan da». Esan du eragile batzuek lehen sekula ez zutela izan halako agerraldiak egiteko aukerarik. Alde horretatik ere, beraz, «aro berri baten hasiera» moduan jo du frankismoaren ondorengo IX. agintaldia. Parlamentuko araudia berritu ez izana da, harentzat, egiteke geratu zaien gauzarik garrantzitsuenetakoa.

Aznarezek uste du azkeneko lau urteek balio izan dutela «Nafarroari beste kolore bat» emateko, «[Yolanda] Barcinaren kolore grisetik» aldenduta. «Uste dut maiatzaren 26ko hauteskundeetan berriro izango dugula azken urteetako kolore hori».

Legealdi hauetan guztietan, mahaiko presidenteak beti kide berriak izan dira, inork ez baitio karguari heldu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.