COVID ziurtagiriaren erabilera ez da Nafarroako zahar etxeetara hedatuko, oraingoz; hala ebatzi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Zehazki, egoitzetara sartu ahal izateko ziurtagiria eskatzeko ahalmena nahi du gobernuak. Ordea, epaileek ez diote babesik azaldu eskeari. Auzitegiak argudiatu duenez, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak ez du «eskumen nahikorik» ziurtagiriaren erabilera esparru horietara zabaltzeko.
Epaileek apenas eman duten erabakiaren gainerako azalpenik. Dena dela, adierazi dute sakonki aztertu behar direla zahar etxeetan ziurtagiria eskatzeko neurriaren «proportzionaltasuna» eta «oinarrizko eskubideetan izan dezakeen eragina». Horregatik, nabarmendu dute neurriaren ezarpena soilik Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak ebatz dezakeela. Hala eta guztiz ere, gobernuak zabalik du ate bat oraindik ere: helegitea aurkez dezake Nafarroako Auzitegi Gorenean.