Atzo bete ziren 38 urte Joxe Arregi tortura zantzuekin hilda agertu zela Carabanchelgo kartzelako ospitalean (Espainia). Urteurrenaren karietara, Nafarroako Torturatuen Sareak agerraldia egin zuen Iruñeko Gazteluko plazan. Nafarroako torturatu bakoitza sinbolizatzen zuen aulki hutsak parean zituztela —1.000 torturatu zenbatu dituzte plataformakoek—, adierazi zuten bilera sorta bat hasiko dutela maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdiekin, eta Foro Sozialarekin.
«Alderdiei hauteskunde programetan torturaren inguruko ikerketa ofiziala egitearen aldeko konpromiso argia agertu dadila eskatu nahi diegu», adierazi zuten plataformako kideek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin bezala, alor instituzionaletik egingo den ikerketa «serioa» eskatu zuten jakiteko Nafarroan zehazki zenbat torturatu izan diren.
«Modu honetako ikerketa bat egin gabe ezin da beste legealdi bat igaro», nabarmendu zuten plataformako kideek. Adierazi zuten ikerketa bermatuak egiteko nazioartean onartuak diren protokoloak existitzen direla, eta borondate politikoa soilik falta dela. Salatu zuten ezinbestekoa dela Nafarroan torturaren errealitate «gordina» izan dela onartzea: «Espainiar Estatuko segurtasun indarrek torturatu duen sistema bat izan dute, epaileek eta instituzioek beste alde batera begiratzen zutelarik».
Sortu, baliabide eske
Sortuk, berriz, baliabideak eskatu zizkion atzo Nafarroako Gobernuari tortura kasuak ikertzeko eta «torturaren aitortza instituzionalean aurrerapausoak lortu ahal izateko». Torturaren aurkako egunaren harira argitara emandako oharrean, Sortuk dio torturaren errealitatea aitortu behar dela eta garrantzi berezia duela «biktima guztien aitortza integrala» jasoko duen kontakizuna idazteak. «Azken batean, torturapean egindako deklarazioen ondorioz, pertsona ugarik urte luzeak eman dituzte espetxean edo espetxeratuta jarraitzen dute. Tortura gure herriaren aurka erabilitako tresna izan da. Azken batean, 78ko erregimen postfrankistak tortura baliatu du herri honi dagozkion eskubideak gauzatzeko borondatea oztopatzeko eta bortizkeriaren bidez konfrontazioa inposatzeko».
Hori dela eta, Sortuk bat egin zuen atzo iluntzean Gasteizen eta Bilbon torturaren kontrako egunaren harira antolatutako mobilizazioekin, eta igandean Zizurkilen (Gipuzkoa) Joxe Arregi plazan egingo denarekin.
AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, bestalde, elkarretaratzeak egin zituen atzo iluntzean Gasteizen eta Bilbon.
Nafarroako Torturatuen Sareak bilerak egingo ditu alderdi politikoekin eta Foro Sozialarekin
Torturen inguruko ikerketa ofizialak eskatuko dituzte. 1. 000 torturatu zenbatu dituzte Nafarroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu