Nafarroako Sindikatu Medikoak greba eten du, soldata igoera lortuta

Neurri sorta bat adostu dute gobernuarekin: hilean 400 euro gehiago eta esklusibotasunari eustea. Lau batzordetan bozkatuko dute eskaintza

Sindikatu Medikoaren agerraldi bat, grebaren hasieran. AITOR KARASATORRE / FOKU.
Ion Orzaiz.
2023ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Sindikatu Medikoak bertan behera utzi du greba. Nafarroako zenbait sendagile otsailaren 1etik ari ziren lanuztea egiten lan baldintza hobeak exijitzeko; alta, akordioa lortu dute Nafarroako Gobernuarekin, eta sindikatuko arduradunek erabaki dute greba «behin-behinean» etetea, afiliatuek akordioa berretsi arte. Astelehenean izanen da hori.

Osasun Departamentuak eman zuen akordioaren berri, funtzio publikoko mahai orokorraren atzoko bilera bukatu berritan. Hala ere, mahai horretan ordezkaritza duten sindikatuek —LABek, CCOOk, ELAk, UGTk eta Afapnak— salatu dute gobernuak ez dizkiela akordio horren xehetasunak eman, eta ezin izan dituztela mahaian eztabaidatu. Hori zen, hain zuzen, Sindikatu Medikoaren eskaera nagusietako bat: medikuei eragiten dieten akordioak ez zitezela mahai orokorrean eztabaidatu —sindikatu horrek ez baitu ordezkaririk mahai horretan—. Gobernuak esana zuen lan kontuekin zerikusia duen afera oro mahai orokorrera eramanen zuela baina, azkenerako, Sindikatu Medikoaren nahiari men egin dio, zeharka.

Akordioaren mamia, berriz, Nafarroako Gobernuak grebaren hasieran aurkeztutako bera da: soldata igoera fakultatibo guztientzat; lehen arretan lan karga arintzeko neurriak eta esklusibotasunari eustea.

Diru kontuei dagokienez, medikuen oinarrizko soldata igotzeko konpromisoa hartu du Osasunbideak: ospitaleetakoentzat, igoera hori 406 eurokoa izanen da hilean. Lehen arretakoentzat, berriz, 389 eurokoa. Guardiak ere hobeto pagatuko dituzte, %10eko igoera ezarriko baitiete.

Lan gainkarga arintze aldera, gehienezko paziente kopurua apalduko dute lehen arretan: egunean 32 gehienez, eta paziente bakoitzari 12 minutuko kontsulta bermatuta.

Esklusibotasunari eutsita

Sindikatu Medikoaren eskaera nagusietako bat, ordea, esklusibotasuna kentzea zen, sare pribatuan ere jardun ahal izateko —baina soldata osagarriari uko egin gabe—. Halakorik ez du onartu Nafarroako Gobernuak. Orain sindikatuko afiliatuei dagokie erabakitzea proposamena ontzat ematen duten. Heldu den astelehenean hartuko dute erabakia, lau erietxetan eginen dituzten batzarretan: Iruñean, Lizarran, Tuteran eta Ubarmin klinikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.