Nafarroako sare publikoko irakasleak beste greba batera deitu dituzte urriaren 29an

Steilas, ANPE, Afapna, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek salatu dute Hezkuntza Departamentuak ez diela erantzunik eman: «Gobernuak ezin du ez ikusiarena egin».

Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatuetako ordezkariak, grebara deitzeko agerraldian. BERRIA
Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatuetako ordezkariak, gaur, Iruñean, grebara deitzeko agerraldian. BERRIA
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko urriaren 2a
11:55
Entzun

Iragan osteguneko grebaren ondotik, Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatuek ez dute jarrera aldaketarik sumatu Hezkuntza Departamentuan. Salatu dutenez, Carlos Gimeno kontseilariak ez du urratsik egin langileen beharrak asetzeko, eta konponbide baten zain segitzen dute: «Irakasleak gainezka daude, eta soluzioak nahi dituzte», adierazi du LABeko Josu Arraizek, sindikatu guztien izenean. Hori dela eta, beste greba egun batera deitu dituzte Nafarroako sare publikoko irakasleak: urriaren 29an izanen da.

Aurreko asteko lanuztea bezala, Hezkuntzako mahai sektorialean ordezkaritza duten sindikatu guztiek babestu dute hilaren 29ko greba ere. «Ia astebete joan da mobilizazioak egin genituenetik, eta gobernuaren aldetik ez dugu erantzunik jaso. Gobernuak ezin du ez ikusiarena egin, eta beste behin ere sindikatuekin negoziatzeko eskatzen diogu», esan du Arraizek, Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusiaren aurrean eginiko agerraldian.

LABeko kideak esan du, lanuztearen bitartez, konponbidea eman nahi dietela irakaskuntza publikoaren arazoei, eta prest direla negoziatzen hasteko: «Gimeno kontseilariak negoziazio mahaira deitzen bagaitu, han izanen gara, hitz egiten hasteko prest. Greba ez da helburu bat berez, gure aldarrikapenak lortzeko bide bat baizik». Aurreko deialdian bezala, hezkuntzako sindikatuek lau aldarrikapen nagusi egin dizkiote departamentuari: ratioak murriztea, soldatak igotzea, behin-behineko kontratuak egonkortzea eta lan gainkarga arintzea.

Helburu horiek lortze aldera, 2025eko aurrekontuetan hezkuntza publikoari dagokion inbertsioa handitzea galdegin diote Nafarroako Gobernuari. Iragan astean, baina, Gimeno kontseilariak esan zuen ratioak jaisteak 131 milioi euroren kostua izanen lukeela, eta gobernuak ezin duela kopuru hori ziurtatu. Erantzun hori dela eta, uzkur agertu dira sindikatuak: «Ez gara inozoak», esan du Arraizek. «Badakigu gure aldarrikapenak ezin direla bete egun batetik bestera. Gimenori eskatzen diogu konpromisoak har ditzala eta, besteak beste, egutegi bat ezar dezala, inbertsioak egiten hasi eta neurri horiek pixkanaka betetzeko». Izan ere, sindikatuen arabera, gobernuaren esku dago «eskola publikoari lehentasuna ematea».

Horrez gain, dei egin diete Nafarroako Parlamentuko taldeei ere, «ahaleginak egin ditzaten, irakasleen aldarrikapenek beharrezko duten inbertsioa lortze aldera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.