Politika

Nafarroako Polizien Legea aurrera atera da, bigarrenean

UPNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k alde bozkatu dute; PSN, PP eta Ezkerra abstenitu egin dira, eta Orain Bai-k aurka egin du.

Osoko bilkuran egindako emaitza. PARLAMENTUA
joxerra senar
2018ko azaroaren 15a
16:49
Entzun

Azken txanpan, legealdi osoan eztabaida handia piztu duen Polizien Legea onartu du Nafarroako Parlamentuak, gehiengo handiz. Iazko urriaren 19an, Maria Jose Beaumont Barne kontseilariak bultzatutako lege proiektua atzera bota zuen legebiltzar berak, urtebete geroago eta edukia moldatu ostean, aurrera atera du.

Urtebetean gauza ugari aldatu dira. Batetik, Foruzaingoko sindikatu korporatiboen zein Iruñeko Udaltzaingoko SPMP sindikatuek begi onez ikusi dute EH Bilduk eta Geroa Baik bultzatutako lege proposamena. Bestetik, iragan abenduaren 17an, batzar bat egin zen Foruzaingoan eta foruzainen %80k parte hartzeaz gain, %80ko babesa jaso zuen proposamenak. Modu horretan, eztabaidaren hasieratik Ezkerrak zein Ahal Dugu-k sindikatuen gehiengoaren babesa lortzeko baldintza gainditutzat eman zuten Geroa Baik eta EH bilduk. Azkenik,  irailean, Parlamentuan eztabaida hasi zenetik,  115 zuzenketa aurkeztu dituzte taldeek eta horietatik 48 onartu dira (52, baldin eta gaur gehitutako lau zuzenketak gehituz gero).

Itzulinguru ugari eman ostean, gaur azken urratsa egin du legeak, eta batzordean onartutako edukiari beste lau zuzenketa in voce gehitu zaizkio. Bozketan legeak 35 baiezko izan ditu (UPN, EH Bildu, Geroa Bai eta Ahal Dugu), 11 abstentzio (PSN, PP eta Ezkerra) eta lau ezezko (Orain Bai). Hartara, taldeek bozketan finkatu duten posizioaz harago, hitzaldietan bakoitzak dialektikoki argudiatu behar izan du legealdian (zein aurretik ere) eztabaidak izandako bilakaera eta horren aurrean talde bakoitza non kokatu den.

Taldeen argudioak

Iazko legea atzera bota zenean, Sergio Sayasek Beaumonten dimisioa eman ezean UPNk ez zuela posiziorik aldatuko esan zuen. Nahiz eta kargugabetzea ez dela bete ziurtatu, UPNk posizioa aldatu du: "Negoziazioan hainbeste aurrera ateratzea lortu dugu, baiezkoa emango diogula". Pozik agertu da, aurreko legealdian, UPN gobernuan zela, orduko oposizioak "UPN zigortzeko asmoz" onartutako Polizien Legea "indargabetu delako", eta eredu bat ere indargabetu dela deritzo. Legea lasai aski UPNk bultzatu zezakeela aitortu du.

Geroa Baiko Patxi Leuzaren arabera, "ahalik eta kontsentsu handiena" bildu du legeak, eta Foruzaingoak trafiko eskumena hartzen duenerako legea "egokituta" egongo dela argudiatu du. Bere ustez, helburua izan behar du eskumen guztiak hartzeko gai izango den polizia oso baten ereduaren alde apustu egitea, eta errealitate horretara heltzeko urratsak egiten dituen lege aldaketa dela deritzo.

EH Bilduko Adolfo Araizen irudiko, Foruzaingoari zein udal poliziei esparru "argi eta egonkor" bat emango die legeak, 2007an UPNk ezarritako aldaketa geroztik, "gorabeherak izan direlako". Legearen xedapenean, UPNk eta PSNk bultzatu zuten trafiko eskumenak hartuz gero, bi gobernuen arteko negoziazioetan trafikoko guardia zibilak foruzain egiteko aukera. Araizen ustez, xedapen horrek ez du baliorik eta "nonbaiten piztu ziren alarmaren ondorio" dela deritzo. Argi utzi du Guardia Zibila Foruzaingoan sartzearen aurka dagoela EH Bildu.

Orain Bai lege proposamenaren aurka azaldu da. Poliziak gainerako funtzionarioengatik bereiztu nahi izatea leporatu die EH Bildu eta Geroa Bairi. "Lege hori tono epiko bat eman nahi izan diote, baina filma aspergarria izan da. UPN, PSN, Ezkerra eta guk, Orain Baikook, zuzenketen bidez, koherentzia apur bat eman diogu gidoi honi". Bere alderdiari, Ahal Duguri, kritika gogorra egin dio: "Ahal Duguk, honetan, ez du inongo zeresanik izan".

PSNko Inma Jurioren arabera, legea hobea izan zitekeen, "baina baita okerragoa ere". UPNri "EH BIldurekin bat egitea" leporatu dio. "Gero ez etorri alderdi konstituzionalekin Madrilen bilera egin nahi duzuela esanez". Bere ustez, "urrezko aukera galdu du UPNk", eta gobernuak "zutoinartetik gol puska sartu dio".

PPk Beaumonti 2015eko legeak utzitako anabasa konpontzeko "ezgai" izatea leporatu dio.

Azkenik, Ezkerraren ustez, Parlamentuak legealdi honetan ez dio gai politikoari heldu, eta legean "lan arloko kontuez" aritu dira eztabaidatzen. Jose Miguel Nuinek aipatu duenez, 4 milioi euro inguruko kostua dute aldaketek, eta espero du "orain edo hurrengo legealdian" polizien ereduari gaiari helduko diola Parlamentuak. "Espero dezagun balioko duela Foruzaingoan izandako gatazkei amaiera bateko. Bestela, emaitza kaskarra lortuko genuke".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.