Nafarroako Parlamentuak trantsizio energetikoaren agentzia eratzeko legea onartu du

Enpresa publikoak bere eginkizunen artean izango du Nafarroako energia plana eta Nafarroako energia azpiegituren plana ontzea. PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin indarrek babesa eman diote legeari.

Artaxoako azpiegitura eoliko bat.
Artaxoako azpiegitura eoliko bat. JESUS DIGES / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko martxoaren 27a
13:48
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Parlamentuak Trantsizio Energetikoaren Agentziaren Legea onartu du gaur, osoko bilkuran. Erakundea Nafarroako Gobernuaren menpeko enpresa publiko bat izango da, eta helburu izango du energia berriztagarriak, argindar ekoizpen banatua eta autokontsumoa sustatzea. PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin indarrek babestu dute legea.

Nafarroako Gobernuari Trantsizio Energetikoaren Agentzia eratzeko agintzen dio 2022an onarturiko Klima Aldaketaren eta Energia Trantsizioaren Nafarroako Legeak. Agindu horri erantzunez, agentzia sortzeko foru legearen proposamena aurkeztu zuen gobernuak urtarrilean, eta proposamen horri onespena eman dio gaur legebiltzarrak. 

Agentziak trantsizio energetikoaren bidea finkatzeko egitekoa izango du. Besteak beste, haren esku egongo dira Nafarroako energia plana ontzea eta plan horrek jasotzen dituen helburuak betetzeko behar diren neurriak proposatzea. Horrez gain, erakunde horrena izango da Nafarroako energia azpiegituren plana egiteko ardura.

Beste funtzio batzuk ere emango dizkio lege onartu berriak: izan dadila energia berriztagarrien ekoizpenerako, autokontsumorako, ekoizpen banaturako, energia biltegiratzeko, ibilgailu elektrikoak kargatzeko eta mugikortasun jasangarrirako sistemen sustatzaile eta kudeatzaile.

Eginkizun horiek bete ahal izateko, zuzeneko inbertsio ekonomikoak egingo ditu, eta zeharkako laguntzak eskainiko, mailegu edo berme modura. Onuradunak erakunde pribatuak direnean, irabazi asmorik gabeko eragileak lehenetsi beharko ditu agentziak, tartean komunitate energetikoak.

Legean, aurreikusi dute agentziak merkataritza sozietateak sortzea edo haietan esku hartzea ere, argindarra merkatu lehiatik kanpo eskaintzeko. Energia sektorean estrategikoak edo aitzindariak izan daitezkeen proiektuen garapenean aritzeko eginkizuna ere izango du, eta bereziki zaindu beharko du sektore publikoaren energia erabilera, Nafarroako administrazioaren kontratazioetan laguntza teknikoa eskainiz, energiaren kontsumoa apaltzeko programak abiaraziz eta energia berriztagarriak aprobetxatzea bultzatuz.

Tokiko erakundeen laguntzaile ere izango da, haietan energia eredu jasangarri bat bultzatzeko. Besteak beste, laguntza teknikoa eskainiko die, plangintzak egin ditzaten energia trantsizioaren eta klima larrialdiaren alorretan, eta plan horien jarraipena egin beharko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.