Nafarroako Parlamentuko mahaiak eta bozeramaileen batzordeak tramitera onartu du eskuin muturreko taldeen eta polizien biktimen foru legea aldatzea. Horrenbestez, PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k egindako proposamena aurrera ateratzen bada, eskuin muturreko taldeen biktimei ETAren biktimei adinako kalte ordaina emango diete. Ez da arazorik egongo aldaketa onartzeko, EH Bilduk ere iragarri baitu baiezkoa bozkatuko duela.
Batasun irudia, baina bakoitzak bere argudioak. PSNren izenean, Ramon Alzorrizek esan du ados daudela kalte ordainetan egin asmo duten aldaketarekin: «Aurreko legealdian onartutako legea —babestu ez genuena— garatzen dugu, eta ados gaude garatzearekin eta biktimatzat onartutako pertsonei kalte ordainak ematearekin». Alderdiaren jarrera goretsi du: «Askotan ez da baloratzen PSNk gobernu honen hainbat neurritan ematen duen aurrerapausoa, beti zalantzan jartzen da sistematikoki». Geroa Bairen bozeramaile Uxue Barkosen esanetan, legeak «zuzenketa batzuk» behar ditu. Ahal Dugu-ren bozeramaile Mikel Buili ere aldaketa beharrezkoa iruditzen zaio, «arrazoi politikoengatik indarkeria jasan duten pertsonen aldeko prestazioak finkatzeko», baita biktimei «segurtasun juridikoa» emateko ere. Azaldu duenez, hainbat arrazoirengatik jasoko dute kalte ordaina: kalte psikikoengatik eta psikologikoengatik, lesio iraunkorrengatik, menpekotasun egoerengatik eta aldi baterako ezintasunagatik.
Proposamena gainerako indar politikoekin aurkeztu ez badu ere, baiezkoa emango dio EH Bilduk. Izan ere, Bakartxo Ruiz parlamentariaren aburuz, «aurrerapauso bat» da, «beharrezkoa», baina beste eremu batzuetan ere aurrera egin beharra ikusten du, esaterako, torturaren errekonozimenduan.
Navarra Sumak bestelako jarrera du, koalizioaren bozeramaile Javier Esparzaren esanetan, ez baita beren legea. Legeari berari ere ezezkoa eman zioten: «Ez dugu uste bidea hau denik». Esparzak onartu du «aldaketa txikia» dela, eta orduan zergatik kontra egingo duen galdetu diotenean, ez du argitu arrazoia: ezezkoa ematearen arrazoia parlamentuko aldizkari ofizialean dagoela eta bertan kontsultatzeko eskatu die kazetariei.