Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboak landutako txostenak Nafarroan jarri du fokua: ondorioztatu du bertan hasi zela Santos Cerdanen eta Koldo Garciaren arteko harremana, eta lotura dutela legez kanpoko komisioen ordainketan inplikatutako enpresa batzuekin —Acciona eta Servinabar—. Txostena argitara atera baino lehen, Servinabar eraikuntza enpresaren egoitza miatu zuen Guardia Zibilak joan den astean —Belateko tunelen obra esleitu zitzaion—. Esleipen hori aztertzeko, Nafarroako Parlamentuan ikerketa batzordea osa dadila eskatu zuen UPNk, baita PPk ere. Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak, baina, irailera atzeratu du ikerketa batzordea osatzeko erabakia.
Ikusi gehiago
Ramon Alzorriz sozialistak esan duenez, iraileko lehen osoko bilkuran ekingo diote eztabaidari: «Uste dugu orduan datu gehiago eta baldintza hobeak izango ditugula ikerketa batzordea onartzeko edo hedatzeko». Aitortu du «kolpe gogorra» dela, baina ez dituztela «inola ere» ikerketa judizialak oztopatuko.
Era berean, EH Bilduko Laura Aznalek azaldu du goizegi dela horrelako eztabaida bat abiatzeko. «Gardentasunaren eta guztia azkeneraino ikertzearen izenean, zorrotz jokatu behar da, eta ez presaka; ez gatoz bat eskuinaren antsietatearekin». Are, esan du UCOren txostena ikusi eta gero «ustezko ustelkeria kasu guztiak gardentasun osoz eta zintzotasun politikoz» jorratu behar direla.
Zurekin Nafarroako Daniel Lopezek ere esan du «gardentasuna eta argitasuna» ezinbestekoak direla horrelako gai bat lantzeko. Ikerketa batzordea sortzearen alde agertu da Geroa Baiko Pablo Azkona, eta esan du informazio gehiago lortuko dutela Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak iragarritako neurriei esker.
Bestalde, ikerketa batzordea sortzeko eztabaida atzeratu izana kritikatu du UPNko bozeramaile Javier Esparzak. Haren ustez, «Txibiteren gobernua susmopean» dago, eta eztabaida irailera arte atzeratzeak «zalantza gehiago sortzen» lagunduko du. Uztailean eta abuztuan batzordean lan egiteko aukera izatearen alde agertu da PPko Javier Garcia, eta esan du gaur ez zela «egun egokia ikerketa batzordeari buruzko eztabaidari oztopoak jartzeko, gardentasunaren alde lan egiteko baizik». Voxeko Emilio Jimenezek ere adierazi du batzordeak udan lan egin beharko lukeela.
Zalantzak argitzeko prest
Txostena irakurri eta gero, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak adierazi du bertan ez dela aipatzen «delitu zantzurik Nafarroako Gobernuaren esleipenei dagokienez». Hala ere, iragarri du lan egingo dutela kontratu horien inguruan dagoen «edozein zalantza argitzeko»: «Txostena irakurri dut, eta ez dago delitu zantzurik foru administrazioak egindako esleipenei dagokienez». Eta zera erantsi du: «Gobernuarekin harremana izan duten enpresa batzuk aipatzen dira, eta herri lan bat aipatzen da zehazki: Nafarroa Arena. Geoalcali enpresaren kontu pribatuak ere aipatzen ditu; kasu horretan, izapide administratiboak egin ditu gobernuak, eta ez kontratu publikoak, bi kontu diferente dira».
Herritarrei «gardentasuna» eskaintzeko, «urrats batzuk» ematea erabaki du Nafarroako Gobernuak. Txostenean aipatzen diren enpresekin izandako kontratuak aztertzeko eskatu diote Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoari. Horrez gain, kontratu horien kanpoko auditoria bat egitea erabaki dute, eta esleipenak aztertzeko eskatu diote Kontuen Ganberari.
Txibitek azaldu duenez, bost lan aztertzeko eskatu dute: Nafarroa Arena pabiloiaren atal bat eraikitzeko eta atontzeko obra, Nafarroako Artxiboa birgaitzeko obra, babes ofizialeko etxebizitzen arloko bi esleipen eta Belateko tunelak zabaltzeko obra. Presidenteak jakinarazi du azken horri buruzko eskaera ez diotela egingo Kontuen Ganberari, egin zutelako jada. Jardunbide Egokien Bulegoari eskatuko diote hura aztertzeko. Kanpoko auditoria nola egin aztertzen ari dira orain: «Aste honetan argituko dugu zerbait gehiago horri buruz».