Lorena Perez Osorio eta Juana Luisa Lloret de Fernandez psikologoak hartu zituen atzo Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek; torturatu ondoren bizirik atera direnei arreta ematen adituak dira biak ala biak. Txileko eta Peruko profesional horiek biak Nafarroako Torturatuen Sareak antolatutako topaketan ariko dira gaur, Iruñeko Planetarioan (16:30), beste hainbat aditurekin batera, esaterako Pako Etxeberria auzitegiko medikuarekin batera.
Topaketen helburua da Txilen, Perun eta baita Nafarroan ere hasitako aitortza eta erreparazio prozesuen inguruko errealitateen esperientzien eta iritzien berri jasotzea. Nafarroako Torturatuen Sareak uste du «funtsezkoa» dela eduki horietan sakontzea, «baliabideak izan daitezen Nafarroako gizartean torturaren praktikak izan duen eragina, tamaina eta intentsitatea ezagutzeko».
Nafarroako Torturatuen Sarearen arabera, «erabakigarria» da erakundeek duten zeregina «eta memoriaren arloan errekonozimendua eta erreparazioa lortzeko jokatu beharreko rola». Sareak dio oraindik asko dagoela egiteko esparru horretan, eta, alde horretatik, «ezinbestekoa» da, elkartearen irudiko, erakundeek Torturatuen Sareak eta Kriminologiaren Euskal Institutuak garatzen duen ikerketaren moduko ekinbideak bultzatzen laguntzea.
Eman diren pausoak
Iruñeko Planetarioan izango dira Nafarroako Torturatuen Sareak antolatutako topaketak, 16:30ean hasita. Txileko eta Peruko aditu horietaz gain, beste hainbat profesional ariko dira hitzaldietan; besteak beste, Pako Etxeberria auzitegiko mediku eta Olatz Barrenetxea psikologoa.
Unai Hualdek azpimarratu zuen Nafarroako Parlamentuak eman dituela pausoak tortura kasuak azaleratzeko. 2016. urtean, ganberak Nafarroako Gobernuari eskatu zion tortura kasuak argitzeko lanari ekiteko. Gaur egun kasu horietan lanean jarraitzen du gobernuak, Hualdek azaldu zuenez.
Parlamentuko presidenteak nabarmendu zuen 1960tik 1978rako epeko ikerketa plazaratu zuela erakundeak 2020. urtean, Nafarroako Parlamentuan bertan. «Urrats gehiago egiten ari dira, IVACen txostenaren gomendioei jarrakiz, proiektu zabalago bat aurkeztu ahal izateko», erantsi zuen Hualdek.