Legealdiko azken osoko bilkura. Biktimen legea

Nafarroako Parlamentuak biktima denak parekatzeko urratsa egin du

PSNk, Bilduk, Aralar NaBaik, Ezkerrak eta Geroa Baik babestu dute eskuin muturreko eta polizien indarkeriaren biktimen legea.UPNk eta PPk kritikatu dute «justizia paralelo» bat eratu nahi dela

Mikel Zabalzaren sendiak arretaz jarraitu zuen eztabaida eta emaitza positiboki baloratu zuten. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2015eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Urte luzeetako ahanzturaren ostean, Nafarroako Parlamentuak eskuin muturreko taldeen eta polizien indarkeriaren biktima izan diren nafarrei eta haren senideei aitortza egin die. Bakegintzari begira ez da ia ezer egin legealdi osoan, baina azken hilabeteetan, Ezkerra taldeak aurkeztutako lege proiektuak hutsune hori bete du. Foru legearen tramitazioan, PSNk hainbat aldaketa egin badizkio ere, 1950eko urtarrilaren 1etik indarkeria jasan duten guztiak aitortuko ditu atzo onartutako foru legeak. Berritasunen artean dago Aitortza eta Ordainaren Batzorde baten eraketa: parlamentuak prestigiozko bederatzi pertsona izendatuko ditu gaurdaino ikertu gabeko gertakariak aztertu asmoz. PSNk, Bilduk, Aralar NaBaik, Ezkerrak eta Geroa Baik alde bozkatu zuten, eta UPNk zein PPk kontra. Hala, parlamentuak 2010ean ETAren biktimen foru legetik kanpo utzi zituen polizia indarkeriaren biktimak, eta bost urte beranduago, hutsune hori bete zuen atzo.

Mikel Zabalzaren sendiak gonbidatuen harmailetatik entzun zuten eztabaida. Parlamentuak azkenik euren eta beste biktima askoren kasuak aintzat hartu izana «urrats oso garrantzitsua» dela nabarmendu zuen Idoia Zabalzak, 1985ean zantzu guztien arabera Guardia Zibilak torturapean hildako Mikel Zabalzaren arrebak. «Aitortza berandu badator ere etorri da. Justizia mota asko daude eta instituzionala bat da. Erakundeek esatea biktimak egon direla, argitu gabeko kasuak badirela, zigorrik gabeko kasuak badirela eta ikertu behar dela urrats positiboa da». Idoia Zabalzak onartu zuen ez dakitela zer ondorio izango dituen: «Lehen urrats bat da, eskura jartzen zaigun tresna bat da. Gure anaiaren kasuan, erabiliko dugu, nahiz eta ez jakin noraino helduko den».

Atzoko osoko bilkuran, UPNk eta PPk gogor kritikatu zuten legea. Carlos Garcia Adanerok irakurketa politikoa egin zuen. Haren esanetan, UPNren alternatiba politikoa egituratzeko «EH Bildurengana gerturatzea» nahiago izan dute PSNk eta Ezkerrak UPNrekin adostasuna bilatu baino: «Gure kontrako botoa bilatu duzue», esan eta gaineratu zuen: «Helburua bada EH Bildukoak kontent uztea, hori bada zuen prezioa, zuek ikusiko duzue». Isekari eta oldarkor azaldu zen Aitortza eta Ordainaren Batzordeari buruz. «Prestigio sozial moral handiko pertsonek egingo dute ikerketa. Baina nola neurtzen da prestigio hori? Zein da neurgailua? Eskerrak bi heren beharko direla batzordea izendatzeko, oso zaila izango baita».

Adanerok eta PPko Eloy Velascok gaitzetsi zuten parlamentuak ezin duela Justiziak aurrez ikertutako kasuak aztertu, ezta Justiziak atzeman ez dituen frogak bilatu ere. Villanuevak mehatxutzat jo du legebiltzarrak «justizia paralelo bat» sortu nahi izatea. Dena den, sakonean, UPNk zein Adanerok legeari arazo bera topatu diote. «Maila berean jarri nahi dira Estatuko segurtasun indarrak eta ETA talde terrorista, gatazka bat egon zela azaltzeko», esan zuen Adanerok. «Biktimak parekatzen dira, eta ahaleginhandia egiten da gure sistema juridikoa eta Zuzenbide Estatua gaitzesteko», zioen Villanuevak.

PPk zein UPNk ez dute ulertu zergatik PSNk babestu duen legea. Juan Jose Lizarbek erantzun zien legeak ez diola ezein kasutan inongo gatazkari aipamenik egiten, ezta «ETAko terroristei babesa ematen ez ezer aitortzen ere». Haren esanetan, «babesik gabe geratu direnei laguntza ematea du» helburu legeak, eta zuzenbidera egokituta dago.

Eztabaida ireki da

«Bazen garaia instituzioek urratsak egiteko», nabarmendu zuen Bilduko Bakartxo Ruizek. Bere ustez, urtetan polizia indarkeriaren biktimen errealitatea ezkutatuta gezurrezko kontakizuna egin nahi izan dute talde politiko askok. Haren ikuspuntutik, «errelato horretan estatua erabat demokratiko ageri da eta ez dago ez torturarik ez indarkeriarik, gehienez ere akats txiki batzuk». Aitzitik, estatuaren indarkeriak biktima anitz utzi ditu, eta horiei bizkarra eman diete erakundeek: «Berariaz utzi dira instituzioetatik kanpo, 2010eko legetik kanpo». Haren ustez, legearen eztabaidak tabuak hautsi eta inoiz entzungabeko biktimak entzuteko balio izan du.

Patxi Zabaletaren arabera, lege horrekin «menperaturik eta garailerik gabeko elkarbizitzaren aldeko» urratsa egin da: «Bakearen sustrai nagusia hor dago». Bere ustez, sufrimendua jasan duen biktima ororen aurrean berdintasunez jokatu behar da, eta UPNri eta PPri zilegitasunik eza leporatu die : «Guk aitortzen dugu bi aldetako biktimak badirela, zuek ez, zuek diozue alde batekoak baino ez direla. Ez zabiltzate justizia parametroetan».

Ezkerrak bultzatu zuen legea, eta pozik azaldu zen. Haren ustez, biktimen kontakizunek agerian utzi dute ezein bitartekok ez duela helburua bidezko egiten eta biktima ororen mina berbera dela.«Guztiek dute egia ezagutzeko eskubidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.