Beste espetxe politika bat behar dela adierazi dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k, Ezkerrak eta PSNk. Nafarroako Gobernua babesten duten lau alderdiek aurkeztu dute legez besteko egitasmoa, parlamentuaren bozeramaileen batzordean, eta onartu egin dute. Bi puntu ditu adierazpenak, eta bietan edukiak antzekoak izan arren —presoen urruntzea amaitzea, baina formula ezberdinak erabiliz—, sozialistek soilik bigarrena babestu dute. Dena den, lehen aldia da legealdi honetan PSNk bat egiten duena urruntzearen aurkako adierazpen batekin. Iazko azaroan gauza bera egin zuen gaixo diren presoak baldintzapean aske uzteko eskaerarekin.
Aurreneko puntuan, parlamentuak —gobernuko lau alderdien babesarekin— «desadostasuna» agertu du presoen urruntzea oinarri duen espetxe politikarekin eta presoak bakartzeko salbuespen neurriekin. Sozialistek aurka bozkatu dute—UPN eta PPNrekin batera—, argudiatuta iraganean neurri horren alde egin zutela. Baina bigarren puntua babestu dute, «baldintzak aldatu direlako». Pasarte horrek dio, hitzez hitz, Nafarroako Parlamentuak ulertzen duela beharrezkoa dela beste espetxe politika bat, galaraziko duena presoek zigorra bete behar izatea beren erro sozial eta afektiboak dituzten tokitik urrun, eta familiarekiko harremanak erraztuko dituena.
Egitasmoaren sustatzaileek PSNren jarrera eskertu dute, babesa neurtua eta ez-osoa izan arren. EH Bilduko Adolfo Araizen arabera, horrek agerian uzten du egunen batean alderdi denak ados egongo direla urrunketaren eta sakabanaketaren aurka. «Orain, PP mugiarazteko momentua da», esan du. Geroa Baiko Koldo Martinezek salatu du presoen urruntzea «krudeltasun plus bat» dela eta ez duela «inolako oinarri demokratikorik». Ahal Dugu-ko Carlos Cousok azpimarratu du Espainiako Estatua bere legedia urratzen ari dela. Eta Ezkerrako Jose Miguel Nuinek adierazi du bere alderdiak inoiz ez duela neurri hori babestu, eta egun ez duela «inolako justifikaziorik» indarrean egoteak.
UPNk eta PPk ez diote heldu eztabaidagai zen gaiari. UPNko Javier Esparzaren arabera, garrantzitsuena da ziurtatzea ez dela egiten preso ohien aldeko omenaldirik,eta ETAren historia «zuritzeko saioak» galaraztea. PPNko Ana Beltranek esan du «benetako biktimengan» jarri behar dela arreta: «ETAk hildako poliziak, Hipercorreko atentatuan hildako haurrak, Viceko polizia etxekoak...».
PSNren jarrera aldaketa
Urtarrilaren 25ean, antzeko testu bat aurkeztu zuten gobernuko kideek, eta onartu egin zuen parlamentuak. Baina, orduan, PSNk erabaki zuen ez babestea. Maria Txibitek argudiatu zuen egun horretan haiek TRW enpresan izandako kaleratzeei buruzko mozio bat aurkeztu zutela eta horrekin erakusten zutela haien interesak beste batzuk zirela. «Guretzat enpleguak du lehentasuna; zuentzat, sakabanaketak». Egun batzuk lehenago Olga Comes presoaren lagun batek espetxera eginiko bidaian izandako istripua gogoratu zuten egitasmoa aurkeztu zuten lau alderdiek —gobernua babesten dutenek, atzoko berberek—, eta «elkartasuna» helarazi zieten familiari eta lagunei.
Atzoko testuan ez da aipamen zuzenik egiten aurreko astean Puerto IIIko kartzelako ziegan (Espainia) hilda aurkitu zuten Xabier Rey Urmenetari buruz. EH Bilduko bozeramailea kexu azaldu da gobernuak familiari doluminak azaldu ez dizkiolako; Geroa Baikoak erantzun dio ez dela «ohikoa» hori egitea.
Nafarroako Parlamentuak beste espetxe politika bat galdegin du
PSNk lehen aldiz babestu du eskaera. Presoak urruntzearen aurka azaldu dira UPN eta PP ez beste denak. Gobernuak Reyren senideei doluminak ez ematea salatu du EH Bilduk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu