Nafarroako Parlamentuko Lurralde Kohesio Batzordeak atzera bota du euskal Y-a eta Nafarroako AHTa lotuko dituen tartean alternatibak aztertzea eskatzen zuen mozioa. UPNk, Geroa Baik, PPk eta Voxek aurkako botoa eman dute, eta PSNk abstentziora jo du. EH Bilduk eta Zurekin taldeek alde bozkatu dute.
Mozioaren alde egin duten bi taldeek aurkeztu dute adierazpena, Iza-Gulina Bizirik elkarteak sustatuta. Adierazpenean jasotzen zen Espainiako Garraio Ministerioarekin elkarrizketak abiatzea, azterketa txostenetan aurreikusitako Iruñea eta Gasteiz arteko zatirako ordezko proposamen bat adosteko, «ahal den guztian» egungo azpiegiturak erabiltzeko.
Horixe defendatu du Adolfo Araizek mozioa aurkezterakoan, hain zuzen ere. EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du mozioaren xedea ez zela euskal Y-aren eta Nafarroaren arteko loturari buruz eztabaidatzea, baizik eta azpiegiturak berak Iruñea ipar-mendebaldean eta Sakanan eragingo lituzkeen ingurumen kalteez hitz egitea: «Eztabaida ez da Ezkiotik edo Gasteiztik egingo den; hori bigarren mailako afera da une honetan guretzat. Garrantzitsuena da Iruñerriko eta Sakanako paisaiak defendatzea».
Izan ere, adierazi du orain mahai gainean dauden aukerek «kezka» eragin dutela inguru horietako bizilagunengan, besteak beste, ingurumen kalteak handiak izan daitezkeelako. Hala ohartarazi zuten joan den abenduan Iza-Gulina Bizirik elkarteko kideek, parlamentuan bertan egin zuten agerraldian. Proposamen bat ere aurkeztu zuten orduan, eta haren karietara aurkeztu dute mozioa gaur.
Ezkioren defentsa
Eztabaida, ordea, saihetsezina izan da. Alderdiek une oro nabarmendu baitute eztabaidaren oinarria euskal Y-arekiko lotura dela. Pablo Azkona Geroa Baiko legebiltzarkideak azpimarratu du ezinbestekoa dela proiektua osorik aztertzea, zatiez eztabaidatu aurretik. Zuzenketa bat aurkeztu dio adierazpenari, baina hura ere atzera bota dute. Zuzenketa horretan jasotzen zen, besteak beste, Espainiarekin hasi beharreko elkarrizketan EAEko eta Nafarroako gobernuek parte hartuko zutela ziurtatzea —mozioak ez zion aipamenik egiten Jaurlaritzari—.
Ezkioko loturaren aldeko defentsa sutsua egin du Azkonak, «mapari begiratuz gero» hori delakoan aukerarik onena. Baina aitortu du informazio eta azterketa guztiak eskura izan arte itxaron behar dela erabaki bat hartzeko. Hain justu, kritiko azaldu da Oscar Puente Garraio ministroarekin, udan Iruñean egin zituen adierazpenengatik. Gasteiztik lotzeko modua «egingarriagoa» zela esan zuen ministroak orduan.
Nafarroako tren lasterra Europarekin lotzeko bidea Gipuzkoatik egitearen aldeko azaldu dira UPN eta PP ere. Lanak azkartzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Zurekin taldeak, berriz, defendatu du eztabaida Nafarroan bertan egin behar dela lehenengo.
Aldiz, eztabaida «nahastea» egotzi die Javier Lekunberri PSNko legebiltzarkideak gainerako ordezkariei; horregatik jo du abstentziora. Baina nabarmendu du sozialistak prest daudela Iruñerriko zatiaren bideaz eta alternatiba posibleez eztabaidatzeko, betiere proiektua bera zalantzan jartzen ez bada.