Nafarroako Parlamentuak atzera bota ditu UPNren, PPren eta Voxen osoko zuzenketak

PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin-ek eskuinaren jarrera salatu dute, eta gehiengo aurrerakoia defendatu. Eskuinak gobernuari egotzi dio EH Bilduren babesa bilatzea.

Javier Esparza, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Javier Esparza, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2024ko azaroaren 21a
13:00
Entzun

Nafarroako Parlamentuak atzera bota ditu UPNk, PPk eta Voxek Nafarroako Gobernuaren 2025erako aurrekontu proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak. Gobernua osatzen duten alderdien ─PSN, Geroa Bai eta Zurekin─ eta EH Bilduren botoekin egin du. Hala, proiektuak aurrera egiteko lehen pausoa eman du gobernuak. Hark xede du aurrekontuak abenduaren 19an onartzea.

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk urriaren amaieran adostu zuten aurrekontu proiektua aurrera ateratzeko ituna. Beraz, parlamentuan gehiengoa bermatuta, ez zen eskuinaren osoko zuzenketak atzera botatzea beste erabakirik espero gaurko bilkuran. Eta ez da ezustekorik izan.

Jose Luis Arasti Ogasun kontseilariak defendatu du aurrekontu proiektua, eta nabarmendu du hura aurtengo aurrekontuak baino «sendoagoa» dela. Denera, 6.431,3 milioi euroko balioa dute; 2024koak baino %1,2 gehiago. Eta hori Nafarroako Gobernuak ezarri nahi duen «egonkortasunaren irudi» dela defendatu du.

Halere, eskuineko alderdiak ez dute bat egin azterketa horrekin, nahiz eta horien kritika nagusiek EH Bildurekin egindako akordioari egin dioten erreferentzia. Hala nola UPNko eledun Javier Esparzak argudiatu du gobernuak koalizio subiranistaren «baimena» behar duela hura aurrera ateratzeko: «[EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo] Otegik eta bere lagunek zein [Espainiako gobernuburu Pedro] Sanchezek eta bere taldeak erabakiko dituzte aurrekontu hauek».

Bide beretik PPko bozeramaile Javier Garcia ere. Hark argudiatu du aurrekontu proiektuak ez diela erantzunik ematen Nafarroaren egiturazko arazoei, eta «helburu ideologikoak» dituela, zehazki, «alderdi abertzaleen bide orria» betetzeko: «Gure asmoek ez dute zerikusirik bere burua aurrerakoitzat jo duen gobernuaren planekin». Eta Voxeko Maite Nostik gobernuari leporatu dio bere «bazkideen» interesen alde egitea, herritarren alde egin beharrean. Hark gaineratu du proiektuak «gaitasun falta» erakusten duela, eta txarretsi egin du «inoizko gastu publiko handiena» egin nahi izatea.

Alternatibarik ez

Aurrekontu proiektuaren alde azaldu diren indarrek jarrera hori txarretsi dute; batez ere, UPNrena. Arasti sailburuak berak proiektuaren azterketa sakonik ez egitea kritikatu die hiru alderdiei: «Ez dago diru sailen azterketarik, ez alderaketarik, ezta irizpide teknikorik ere. Eta garrantzitsuena, ez dago proposamen alternatiborik».

PSNko parlamentari Ainhoa Unzuk ere kritikatu die edukiari erreparatu beharrean zuzenketak gobernuari kontra egiteko aitzakiatzat erabili izana. Izan ere, defendatu du aurrekontuek herritarren eskaera guztiei aurre egiteko gai izango ez diren arren, xede dutela nafarren erronkei erantzutea, besteak beste, etxebizitza, osasungintza, despopulatze eta produkzio ereduaren eraldaketa arloetan.

EH Bilduko bozeramaile Laura Aznalek ontzat jo du «gehiengo aurrerakoiaren» akordioari esker eskuina aurrekontu akordiotik kanpo geratu izana, eta gogoratu du hamargarren urtez jarraian hala izango dela: «Erakusten ari gara ezberdinen artean akordioak egiteko gai garela, eta posible dela aurrera egitea pertsonak erdigunean jartzen direnean».

Hamar urteko ibilbideari erreparatu dio Geroa Baiko Mikel Asiainek ere, esanez aldaketa «lasaia baina tinkoa» izan dela. Era berean, UPNren «ikuspegi apokaliptikoa» salatu du, eta erantzun dio akordioa lortu duten indarrak «nafar gizartearen erronkei» erantzuteko politika publikoak garatzea dutela xede, «ez boterea mantentzea».

Miguel Garrido Zurekin-eko kideak ere UPN izan du hizpide, eta Esparzari adierazi dio ez direla bateragarriak «anbizio handiagoko» aurrekontuak nahi izatea eta zergak murriztea: «UPNren proposamena atzerakada handi eta orokor bat da zerbitzu publikoei eta eskubide sozialei dagokienez».

Osoko zuzenketen azterketa oztoporik gabe igaro ostean, zuzenketa partzialen txanda iritsiko da. Orduan, bai egingo dute aurrera hainbat proposamenek. Izan ere, gobernuko alderdiek eta EH Bilduk adostutako ituna betetzeko asmoz, koalizio subiranistak aste hasieran iragarri zuen 89 zuzenketa aurkeztuko dituztela, eta horietatik 24 PSNrekin, Geroa Bairekin eta Zurekin-ekin batera egin dituztela. Horiek 4,42 milioi euroren balioa dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.