Nafarroako aurrekontuak

Nafarroako Parlamentuak 2021eko aurrekontuak onartu ditu

PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak alde bozkatu dute, eta EH Bilduk abstentzio bidez ahalbidetu du. Navarra Sumak kontra egin du.

Elma Saiz Ekonoia eta Ogasun kontseilaria, Jose Maria Aierdi Lurralde Antolaketa kontseilaria eta Maria Txibite Nafarroako lehendakaria, gaur goizean Legebiltzarrean. JESUS DIGES, EFE
joxerra senar
2020ko abenduaren 23a
09:57
Entzun

Bete beharreko tramitea izan da gaurkoa, baina partida erabakita zegoen aldez aurretik. Alderdi bakoitzak bere ikuspegia defenditu du 09:15ean hasi den eztabaidan, eta ia hiru ordu geroago gauzatu da emaitza: PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak alde bozkatu dute, eta EH Bilduk abstentzio bidez ahalbidetu du. Navarra Sumak berriz kontra egin du. Ondorioz, bigarren urtez jarraian, aurrekontuak izango ditu Maria Txibiteren gobernuak.

Iragan astean batzordeetan zuzenketa partzialak onartu ondotik, ezustekorik ez da egon. Izan ere, aurretik hitzartutako akordioak bete dituzte alde guztiek. Alde batetik, azaroaren 14an, gobernuak eta EH Bilduk akordioa erdietsi zuten. Koalizioak egindako proposamenetan, 9 milioi euroren aurrekontu sailak gehitu zituen gobernuak parlamentuan aurkeztutako lege proiektuan.

Bestetik, azaroaren amaieran, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak beste akordio bat lortu zuten: 10 milioi euroren zuzenketak elkarren artean babesteko konpromisoa hartu zuten. Ezusteei aurre egiteko kontingentzia planaren bidez finantzatu dituzte diru sail horiek. Azkenean, iragan astean egindako eztabaidan, orotara 274 zuzenketa partzial onartu zituzten bost taldeek: guztira 13,7 milioi eurorenak, hasieran hitzartu baino gehiago.

Orotara, gobernuak 4.870 milioi euroren aurrekontuak izango ditu 2021ean —berez, finantza gastuak kenduta, gastu sabaia 4.481 milioi euro izango da—. Hona hemen nondik norako nagusiak:

Hezkuntza: Nafarroako Gobernuak aurten baino 56 milioi euro gehiago bideratuko ditu Hezkuntzara. Guztira, 785,9 milioi euroko aurrekontua izango du, eta igoera %8,2koa izango da. Hazkunde horren ia erdia,26,4 milioi euro, COVID-19ak eragindako gastuei aurre egiteko erabiliko ditu. Irakasleen soldatetara 479 milioi euro bideratuko du, aurten baino %6,5 gehiago: 9 milioi euro pandemiaren ondorioz izandako kontratazioengatik izan da, eta beste 9,5 milioi euroko aurten ezarritako soldataren %2ko igoeragatik. Ikastetxeen zaharberritze lanetan 24 milioi euro pasa inbertituko ditu.

Egun departamentu horretatik kanpo badago ere, NUPen lau urteko finantzaketa planak 72,5 milioi euroko aurrekontua izango du, lau milioi euro handitu ostean. Gainera, pandemiaren ondorioei aurre egiteko 500.000 euroko aurrekontua jaso da. Medikuntzako fakultatea egiteko 2,5 milioi euroko inbertsioa jasotzen da halaber.

Osasuna: 2021ean, gobernuak aurten egin behar izan duen esfortzuari eusteko asmoa du. Aurten, COVID-19aren ondorioz, ezohiko gastuetan %8 handitu behar izan du aurrekontua, 96 milioi euro gehiago bideratuz osasun zerbitzuetara (1.259 milioi guztira); 2021ean, berriz, 1.255 milioi euro bideratuko ditu. Dena den, gobernuak proiektuan zehazten du mekanismoak dituztela aurrekontua moldatzeko pandemiaren zein osasun arretaren beharretara. Datu deigarrien artean, lehen arretako aurrekontua %13 handituko da, eta osasun materialen erosketa %28. Halaber, inbertsioak %15,7 handituko dira, 41 milioi euroraino.

Gizarte Eskubideak: Gizarte eskubideen departamentura 39,6 milioi euro gehiago bideratuko ditu gobernuak: guztira, 478 milioi euro. Horietatik, 111,2 milioi euro errenta bermatua finantzatzeko izango dira. COVID-19ak bete-betean eragin die zahar etxe eta mendekotasun zentroei, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Agentziak 234 milioi izango ditu, aurten baino 20 milioi gehiago. Igoera horrekin zerbitzua hobetzeko asmoa agertu du gobernuak.

Euskara: Zatikako zuzenketak onartuta, Euskarabideak 9,2 milioi euroko aurrekontua izango du, aurten baino %9,9 gehiago. Euskararen sustapenerako hainbat laguntza deialdi jasotzen ditu: helduen alfabetatzerako 1,2 milioi euro, komunikabideei 920.000 euro, udalei 825.000 euro, irabazi asmorik gabeko erakundeei 390.000 euro. Horri hainbat erakunderekin izenpetutako itunak gehitu behar zaizkio.

Lurralde kohesioa: Udalek tokiko ogasunaren funtsetik 256 milioi euro izango dituzte euren artean banatzeko eta gastu arruntak finantzatzeko, aurten baino 20 milioi gehiago. Gainera, behin zuzenketak onartuta, udalen inbertsioetarako 20,3 milioi euro izango dira. Nafarroako errepide sarearen mantentze lanetarako, berriz, 47,7 milioi euro, aurreikusten dira -adibidez, N-121 errepidea 2+1 bidera egokitzeko 4 milioi euro-.

Garapen ekonomikoa: 94,2 milioi euro bideratuko dira departamendu horretara, aurten baino 10 milioi gehiago.

Finantza publikoak: Espainiako Gobernuarekin hala hitzartu ondoren, BPGren %2,2ko defizit helburua izango du Nafarroako Gobernuak; zorpetze bidez, 461 milioi euro finantzatzea espero du. Hartara, amortizatuko duen zatia gehituta, zor publikoa 3.711 milioi eurora iristea espero du, BPGren %19,9ra, alegia. Gainera, Madrilekin 2020tik 2024ra bitarteko ekarpenaren kalkulua hitzartu zain, estatuari 2021ean 560 milioi euro pagatzea du aurreikusita, aurten baino 25 milioi gutxiago.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.