Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak esan duenez, azken astean koronabirusaren inzidentzia eta transmisioa «gelditzen» ari da. Izan ere, kasuak %20 gutxitu dira joan den astetik, eta, Remirezek azaldu duenez, beheranzko joera dago oraindik ere. Hala ere, kasu positiboen igoera eta ospitaleetako egoera ikusita ospitaleetan «egun zailak» espero dituztela adierazi du: «Kasuak ugaritzen ari direla ikusten ari gara ospitaleetan, atzoko datuek geldialdi bat erakusten badute ere».
Oraintxe, 276 pertsona daude Nafarroako ospitaleetan, horietatik 37 ZIUetan. Remirezek adierazi du ospitaleetako okupazioa gora badoa ere bertan behera utzi dituzten ebakuntzak «gutxienekoak» direla. Hala ere, gehitu du orain gobernuaren lehentasuna «ospitaleetako arreta» dela: «Hala ere, onkologiako kontsultek eta lehentasunezko kasuek martxan jarraitzen dute». Gaineratu du gobernuaren asmoa dela ospitaleak ohiko egoerara bueltatzea «ahalik eta arinen».