Nafarroako osasun legearen aurreproiektuari zuzenketak aurkeztuko dizkio EH Bilduk, sistema publikoa «blindatzeko»

Osasunbidearen izaera juridikoa aldatzeko asmoa txarretsi du koalizio independentistak: «Eskumen historikoak galtzea ekarriko luke, gardentasuna eta kontrola murriztea».

Miren Zabaleta, Laura Aznal eta Adolfo Araiz, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Miren Zabaleta, Laura Aznal eta Adolfo Araiz, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko urtarrilaren 10a
13:00
Entzun

Nafarroako osasun sistemaren etorkizuna hizpide izan du gaur EH Bilduk, Iruñean egin dituen jardunaldietan. Zehazki, Nafarroako Gobernuak aurkeztutako osasun legeaz aritu dira koalizio independentistako ordezkariak. Osasuna «herritarren kezka handienetako bat eta legealdiko erronka nagusienetako bat» dela azpimarratu du Laura Aznal parlamentariak, eta iragarri du EH Bilduk zenbait zuzenketa aurkeztuko dizkiola legearen aurreproiektuari.

EH Bilduren aburuz, legea «aukera egokia» da «gizartearen beharrei erantzunen dien sistema publiko baterantz» jotzeko. Egungo sistema eraldatzeko borondatea berretsi du koalizioak, eta bide horretan kokatu ditu legeari aurkeztu asmo dizkion zuzenketak: «Espero dugu kontuan hartzea eta aurreproiektua hobetu ahal izatea», adierazi du Aznalek.

Nafarroako Gobernuak aurkeztutako zirriborroari «alde positiboak» antzeman dizkio koalizioak, baina baita «hobetzeko tarte handia» ere. Testuaren alde txarren artean aipatu dute, besteak beste, Osasunbidearen eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren izaera juridikoa aldatzeko asmoa, aurrerantzean «enpresa-erakunde publiko» izan daitezen. Puntu hori txarretsi du EH Bilduk: Aznalen esanetan, aldaketa horrek eraginen luke «Nafarroako eskumen historikoak galtzea» eta «gardentasuna eta kontrola murriztea»: «Ez lituzke konponduko osasun sistemaren egungo arazoak», laburbildu du parlamentuko eledunak.

Horiek horrela, Nafarroako osasun sistemaren izaera publikoa indartzeko neurriak proposatu ditu EH Bilduk, «osasun departamentuaren eskuduntzak baliatuz». Bost puntutan laburbildu dituzte legearen aurreproiektuari aurkeztuko dizkioten zuzenketak.

  1. «Osasun sistema publiko unibertsala bermatzea, lehen mailako arretan, prebentzio orientazioan eta osasunaren sustapenean oinarrituta. Legearen xedea izanen da Nafarroan bizi diren pertsona guztien osasuna babesteko eta osasun arreta jasotzeko eskubidea. Beraz, ezinbestekoa da gizarte eta lan baldintzatzaileak osasunerako arriskuen artean sartzea, zeharkako genero ikuspegia ezartzea edo hizkuntza eskubideak bermatzea».

  2. «Sistema publikoa blindatzea korronte pribatizatzaile gero eta handiagoen aurrean, sistema kapitalista neoliberalak bultzatuta. Aurreproiektuak blindatu eta dibertsifikatu egiten du lankidetza publiko-pribatua osasun laguntzaren eta ikerketaren arloan, eta bere gain hartzen du hirugarren sektorearen pribatizazio orokorra».

  3. «Osasun mapa berrantolatzearen aurrean (osasun eremu bakarra, barrutiak eta zentroak), legean bertan zehaztea oinarrizko egitura organikoa eta gobernantza eredu bat definitzea, zuzendaritza, kudeaketa, kontrol eta partaidetza organoak izendatzeko».

  4. «Langileen kudeaketa eredu autonomo eta arina ezartzea Nafarroako araudiaren bidez, betiere sindikatuekin negoziatuta».

  5. «Gizarte partaidetza sustatzea osasun politiken definizioan, sindikatu erakundeen eta tokiko erakundeen ordezkaritza handituz».

Zuzenketak lantzeko bidean, koalizio subiranistak bilerak egin ditu Nafarroako zenbait eragile sozial eta profesionalekin, besteak beste sindikatuetako ordezkariekin, osasunaren aldeko plataformekin eta Nafarroako osasun sistemaren arduradunekin. «Gure lehentasuna da lege berri hau tresna eraginkorra izatea osasun sistema publikoaren egungo gabeziak konpontzeko, herritarren eskubideak bermatzeko, sistema blindatzeko pribatizazioen aurka, eta etorkizuneko erronka sozioekonomikoetarako prestatzeko», laburbildu du Aznalek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.