Nafarroako osasun etxe guztiek zentralita adimendunak izanen dituzte urriaren 10etik aurrera

Fernando Dominguezen esanetan, lehen arretako telefono linearen «kolapsoa eragotzi» nahi dute neurri horrekin. Osasun kontseilariak zera esan du mediku faltari buruz: «Urteetan egin ez zena ez dugu konponduko hilabete gutxi batzuetan».

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko urriaren 1a
15:45
Entzun

Familia medikuarekin edo erizainarekin hitzordua eskatzea konplikatua izan daiteke sarritan. Osasun etxeetako telefono lineak kolapsatuta egon ohi dira eguneko ordu jakin batzuetan —08:00etatik 10:00etara, batez ere—, eta horrek are gehiago trabatzen du lehen arretarako sarbidea. Arazo hori aspaldi identifikatu zuen Osasunbideak, eta Nafarroako Kontuen Ganberak ere horren berri emana du, oinarrizko arretaren egoerari buruzko azken txostenean. Hori dela eta, zentralita adimendunen proiektu pilotu bat abiatu zuten maiatzean, Iruñeko osasun etxe batzuetan. Egitasmoak emaitza onak eman dituela iritzita, Nafarroako osoko zentroetara zabalduko dute urriaren 10etik aurrera.

Osasun kontseilari Fernando Dominguezek eman du neurriaren berri, gaur, Nafarroako Parlamentuan. Azaldu duenez, zentralita adimendunak instalatu dituzte jada herrialdeko osasun etxe gehienetan, eta datozen egunetan jarriko dituzte azkenak: Vianan, Villatuertan eta Allon urriaren 8an, eta Antzinen eta Los Arcosen urriaren 10ean. Ordutik aurrera, Nafarroako lehen arretako sare osoan izanen dute erabilgai.

Zentralita adimendunei esker, erabiltzaileek ez dute zertan telefonoari lotuta egon: osasun etxera deituta linea okupatuta badago, erantzungailu automatiko batek aukera emanen die, 8 zenbakia sakatuta, deia erregistratu eta txanda gordetzeko: erabiltzaile bakoitzaren deiari zenbaki bat esleituko zaio ilaran, eta, lineak libratzen diren unean, osasun etxeko langileek banan-banan itzuliko dituzte dei guztiak, ordenan. Horri esker, herritarrek ez dute osasun etxera behin eta berriro deitu beharko kontsulta bat egiteko edo hitzordua eskatzeko.

«Sistema honek emaitza onak eman ditu ezarri den zentro guztietan», esan du Dominguezek. «Irisgarritasuna, herritarren pertzepzioa eta administrarien lana hobetu du». Datu zehatzak ere eman ditu: sistema hau Iruñeko osasun etxeetan jarri zenetik, 41.318 dei automatiko egin dituzte, eta horietatik, 39.602tan lortu dute erabiltzaileekin hitz egitea. %95,85etan, alegia. Osasun Departamentuak uste du, gainera, sistema berriari esker alferrikako 77.000 telefono dei eragotzi dituztela 08:00 eta 10:00 arteko tartean, eta 26.000 dei, berriz, 10:00 eta 12:00 artekoan. 103.000 telefono dei, guztira.

Mediku falta

UPNren taldeak eskatuta egin du agerraldia Osasun kontseilariak, Kontuen Ganberaren txostenari buruz hitz egiteko. 2018-2023 urteen artean Nafarroako lehen arretak izandako bilakaera aztertu du erakunde horrek, eta, talde erregionalistaren irudiko, «argi geratu da lehen arretak okerrera egin duela denbora horretan». «Mediku kontsultak murriztu egin dira bost urteotan, gaur egun 2018an baino mediku gutxiago daudelako», adierazi du Leticia San Martin parlamentariak.

Horri erantzunez, Dominguezek esan du «ongi» hartu dituztela Kontuen Ganberak eginiko gomendioak eta ohartarazpenak: «Horietako batzuk landuak ditugu jada; beste batzuk ez dira gure eskumenekoak, beste organismo batzuen menpe daudelako; eta gainerakoek kostu handia dute eta oraintxe ezin diegu behar bezala heldu». Hala ere, iragarri du «egungo giza baliabideekin, indarrean den araudiarekin eta baliabide ekonomikoekin egin daitekeen guztia» eginen dutela.

Kontseilariaren irudiko, faktore garrantzitsu bat «azaletik» aztertu du Kontuen Ganberak: COVID-19aren izurria. «Txostenean aztertutako bost urte horietatik hirutan gutxienez, bete-betean jo gintuen COVID-19aren pandemiak, eta horrek zeharo baldintzatu du gerora etorri den guztia. Hala ere, txostenaren 107 orrietan, lau aldiz soilik aipatzen da COVID-19a».

Kontuen Ganberaren txostenean irakur daitekeenez, «medikuak falta dira» oinarrizko arretan, eta horrek «jardunaren murrizketa» eragin du. Dominguezek azpimarratu du, hala ere, medikuen eta herritarren arteko ratioa «[Espainiako] Estatuko handienetako bat» dela Nafarroan. Onartu du giza baliabideak «era egokian banatu» beharko dituztela, eta lanean ari direla beste erkidego batzuetako osasun profesionalak «erakartzeko» eta bertoko mediku egoiliarrak egonkortzeko, baina denbora eskatu du horretarako: «Urteetan egin ez zena ez dugu hilabete gutxi batzuetan konponduko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.