Nafarroako medikuek akordioa berretsi dute, eta greba alboratu

Sindikatu Medikoak lanuztera deituko du martxoaren 15erako, akordioa betetzen ez bada

Medikuen sindikatuaren agerraldi bat, egunotan. AITOR KARASATORRE / FOKU.
xabier martin
2023ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
SMN Sindikatu Medikoak berretsi du Nafarroako Gobernuak eskainitako 400 euroko soldata igoera onartzen duela, haren batzarreko kideen hiru laurdenen babesari esker. Beraz, balekoa da greba bertan behera gelditu den aurreko asteko iragarpena, batzarraren oniritzia lortu eta gero. Baina Sindikatu Medikoa ez da askorik fio Osasun Departamentuaz batzar horretan hartu duten beste erabaki bati erreparatzen bazaio: martxoaren 15erako berriro lanuztera deitzea deliberatu dute, adostutakoa betetzeko «presio neurri gisa».

Nafarroako zenbait sendagile otsailaren 1etik ari ziren lanuztea egiten, lan baldintza hobeak exijitzeko. Harik eta Osasun Departamentuak Sindikatu Medikoarekin lortutako akordio baten berri eman zuen arte, joan den astean. Funtzio Publikoko mahai orokorraren bilera bukatu eta gero iritsi zen albistea, baina mahai horretan ordezkaritza duten sindikatuek —LAB, CCOO, ELA, UGT eta Afapnak— salatu zuten gobernuak ez dizkiela akordio horren xehetasunak eman, eta ezin izan dutela eztabaidatu. Hori zen, hain zuzen, Sindikatu Medikoaren eskaera nagusietako bat: medikuei buruzko akordioak ez zitezela mahai orokorrean eztabaidatu—sindikatu horrek ez du ordezkaririk mahai horretan—. Gobernuak esan arren lan kontuekin zerikusia duten aferak mahaira eramango zituela, Sindikatu Medikoaren nahiari men egin dio, azkenerako.

Hala, lan gatazka bideraturik dagoela ematen du, baina medikuek atzoko batzarrean hartutako zenbait erabakik islatzen dute itunak ez duela egonkortasun handirik. Izan ere, mobilizazio gehiago iragarri ditu Sindikatu Medikoak akordioan jasotako edukiak ez badira gauzatzen aste gutxiren buruan. «Martxoaren 15eraino doan tartean ez badugu ikusten akordioa betetzen dutela, beste greba mugagabe bat abiaraziko dugu», esan du Alberto Perez SMNko idazkari nagusiak.

Donostiako ESIa

Erizainak eta fisioterapeutak ere mobilizazioetara deitu dituzte Nafarroan. SATSEk otsailaren 28rako deitu ditu haiek lanuztera, eta Nafarroako lehendakari Maria Txibitek esan du «prest» dagoela «hitz egiteko» haiekin ere, greba albora dezaten. Esplikatu du badirela eduki batzuk Mahai Orokorrean negoziatu beharrekoak, «soldatekin lotutako guztia», eta beste batzuk Osasunaren Mahaian hitz egin beharrekoak. Edonola ere,Txibite negoziatzeko prest azaldu da profesional horien greba egin ez dadin.

Osasunaren arloak eragindako gatazka, dena den, orokorra da Euskal Herrian, eta haren isla argi bat Donostiako ESIaren egoera da. Atzo berriro elkarretaratu ziren hango sendagileak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin dituzten negoziazioen tentsioari bere horretan eutsi nahi diotelako. Izan ere, aurreko asteko astelehenean, ezohiko irudia eskaini zuten Donostia ospitalearen parean. ESIko langileak ez ziren elkartu, Osakidetzako buruek haien eskakizunei emandako erantzunak aztertzeko. Azkar iritsi zen erantzuna: «zehaztasuna» falta zaie Osakidetzaren proposamenei.

Hala, protestarekin hasi dira berriro medikuak. Eskatzen dute lortutako aurrerapausoak idatziz jaso ditzatela. Izan ere, eskaerei «zehaztasuna» kentzen dieten eranskin batzuk daude bueltan jasotako erantzunean. «Ahal bada», «borondatea» eta antzekoak erabilita, langileak ez dira fio.

Abenduaren 2tik dago krisian Donostialdeko ESIa: Osakidetzak kargutik kendu zituenetik Itziar Perez erakunde sanitario horretako zuzendari kudeatzailea eta Idoia Gurrutxaga Donostia ospitaleko zuzendari medikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.