Nafarroako lehendakariordetza bat bere esku izan nahi du EH Bilduk

Adolfo Araizek esan du «garrantzizko» parte hartzea izan nahi dutela gobernuan, koalizioak daukan ordezkaritza dela eta.Uxue Barkosek bi presidentetzaorde eta bederatzi sail proposatu ditu

Adolfo Araiz eta Uxue Barkos, ekainaren 17an, Nafarroako Parlamentuan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2015eko uztailaren 11
00:00
Entzun
Nafarroako gobernu berrikolehendakaritzaorde bat beretzat izatea eskatu du EH Bilduk. Hala esan zuen atzo Adolfo Araiz koalizioko parlamentariak Euskadi Irratiko elkarrizketa batean. «Dugun ordezkaritzagatik, uste dugu logikoa dela garrantzizko presentetza izatea gobernuan». Zortzi parlamentari ditu EH Bilduk, bederatzi Geroa Baik, zazpi Ahal Dugu-k, eta bi Ezkerrak.

Gobernu osaeraz, Uxue Barkos Geroa Bairen presidentegaiak bi baldintza jarri zituen: batetik, kontseilariek alderdietan kargu organikorik ez izatea; bestetik, parlamentari izatekotan, gobernuko kargua hartzeko dimisioa aurkeztea. Kontseilariek arreta osoa gobernuko egitekoetan izatea nahi du Barkosek. «Gu bi baldintza haiekin lanean ari gara», esan du Araizek, eta gaineratu du EH Bilduk izendatuko dituen pertsona batzuek gobernuko karguetan «parte hartu» beharko luketela.

Horrez gain, koalizioko kideak iragarri du ez dutela onartuko «inolako betorik». Haren ustez, «PSN zeharka ari da gobernua baldintzatu nahian»; baina, akordio programatikoarekin gertatu den bezala, iritzi dio ez duela lortuko. Gobernuaren osaketan ere lau indarrak ados jartzea lortuko dutela uste du Araizek.

Bi presidentetzaordez eta bederatzi sailez eraturiko gobernua proposatu du Barkosek. Lehendakaritzaorde bat ekonomia gaiez arduratuko litzateke; gai sozialez bestea.Aurreko legealdiarekin alderatuz, ekonomia presidentetzaordea bitan zatituko litzateke —aurrekontuak eta ogasuna—. Barkosek dio gobernuko karguak ez direla banatu «kuotak» balira bezala. Gainera, baldintzatzat jarri du kontseilarien izendapenek bere onespena izatea, lehendakaria bera izango baita.

EH Bildu ez dator guztiz bat Barkosek gobernu osaeraz egindako proposamenekin. Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak joan den larunbatean esan zuenez, ez dute bat egiten «gobernuaren ikuspegi presidentzialista batekin». Halaber, Barrenakesan zuen ez daudela ados «teknikariek gidatutako gobernuaren» planteamenduarekin ere.

Inbestidura, hilaren 20an

Hilaren 20an hasiko da Nafarroako Gobernuko lehendakaria izendatzeko inbestidura saioa, eta Araizek jakinarazi du Geroa Bairekin, Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin ordurako adostu nahi dutela gobernuaren osaera. EH Bilduko parlamentariak esan duenez, lehendakari berria izendatzean gobernu berria eratzeko adostasunik ez bada, gobernuburuak beste hamar egun izango lituzke taldea osatzeko.

Uztailaren 1ean aurkeztu zuten lau indar politikoek akordio programatikoa. UPNk ezarritako politikak aldatzeko asmoz osatutako 74 orrialdeko dokumentuan, neurri sozialek dute garrantzi handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.