Nafarroako lan deialdietan euskarari puntuazio hobea ematea proposatu dute

Kontseiluaren eta Behatokiaren ustez, euskarari balorazio «duinagoa» egin behar zaio atzerriko hizkuntzen balorazioen baturari baino

IDOIA ZABALETA / @FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Uztailaren 6an, sanferminak hasieta ondorioz Iruñea geratu egin zen egunean bertan, Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoko Departamentuak merezimenduen dekretua aurkeztu zuen, eta gaur arteko epemuga jarri zuen eragileek ekarpenak egin ditzaten. «Gogor deitoratzen dugu uztailaren 6an kaleratzeak asmo politiko argia duela eta herritarren arteko eztabaida saihestu nahi dela horrela», kritikatu zuen, atzo, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak. Dena den, Kontseiluari eta Behatokiari denbora eman die ekarpenak egiteko, eta dekretuak araututako deialdietan euskarari puntuazio hobea ematea proposatu dute.

Atzo, zuzenketak erregistroan sartu aurretik, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak salatu zuen gobernuaren azken dokumentuak ez duela aldaketa nabarmenik urtarrilean aurkeztutako zirriborroarekin alderatuta. «Atzerapausoak ekarriko ditu, eta ez dago benetako borondaterik dekretu berdinzale bat egiteko. Gobernuak aukera bat galdu du», gaitzetsi zuen.

Gaur egun, funtzio publikoko lanpostuen %3k baino ez dute euskararen derrigorrezko ezagutza, Hezkuntza Departamentuko irakasleen postuak alde batera utzita. Errealitate hori aldatzeko bidean, merezimenduen dekretuak ez dio eragiten funtzio publiko osoari, eta, horregatik, mugak ditu; hau da, hiru deialdi motatako hizkuntzen jakintza arautzen du —hala nola oposizio lehiaketena, lekualdatze lehiaketena eta mailaz igotzeko lehiaketena—.

Muga gorria

Euren proposamenetan, Kontseiluak eta Behatokiak «muga gorri bat» ezarri dute: euskararen jakintza gutxienez atzerriko beste hizkuntzen azpitik ez baloratzea lan deialdi horietan. «Artikulu horren arabera, euskararen ezagutza ez da inoiz beste hizkuntzen ezagutzaren batura baino apalagoa izango, eta hori lanpostu guztiei aplikatu beharko zaie». Lege artikulu horren arabera, eremu ez-euskaldunean euskara ez bada baloratzen, gainerako hizkuntzarik ere ez da baloratuko. Era berean, «gainerako hizkuntzak baloratu nahi baditu, euskara baloratuko du gainerako hizkuntzenaren batura baino balorazio duinagoa emanez».

Gainera, dekretuak araututako deialdietako lanpostu guztietan euskararen jakintza «gehiago» balioestea proposatu dute. Bilbaoren arabera, jabetzen dira Euskararen Legeak zehaztutako lege esparruak zaildu egiten duela eremu ez-euskaldunean euskararen ezagutza baloratzea. Hala, zuzenketa guztietan bi aukera eskaintzen dizkiote gobernuari: bata hiru zonei zuzendua, eta bestea eremu misto eta euskaldunari zuzendua. «Eremu mistoan eta euskaldunean beste portzentaje batzuk eskaintzen ditugu, eta hor ikusiko da gobernuaren benetako borondatea. Askotan argudio juridikoa aitzakia gisa erabiltzen duela uste dugu».

Dekretua Euskararen Nafar Kontseiluak aztertuko du irailean. Loteslea izango ez den ebazpen bat emango du. Ondoren, parlamentuan aztertuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.