Nafarroako Kontu Ganberak fidelizazio planak proposatu ditu familia medikuak erakartzeko

Arazo nagusia mediku falta dela azpimarratu du erakundeko presidente Ignacio Cabezak, eta irtenbidea zaila izanen dela esan du. Beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatu dio Nafarroako Parlamentuari.

Nafarroako Kontu Ganberako presidente Ignacio Cabeza, iaz, Nafarroako Parlamentuan. NAFARROAKO KONTU GANBERA
Nafarroako Kontu Ganberako presidente Ignacio Cabeza, iaz, Nafarroako Parlamentuan. NAFARROAKO KONTU GANBERA
inaki rubio
Iruñea
2024ko irailaren 24a
16:16
Entzun

Nafarroako Kontu Ganberak lehen arretaren egoera aztertu zuen iragan ekainean kaleratutako txosten batean, eta, besteak beste, ondorioztatu zuen 2018tik 2023ra herritarrei zailagoa bilakatu zaiela osasun etxeetan artatuak izatea. Urte politikoa hasi eta berehala, Kontu Ganberako presidente Ignacio Cabezari azalpenak eskatu zizkioten UPNk eta EH Bilduk, eta gaur goizean mintzatu da parlamentuan.

Kontu Ganberako presidenteak azpimarratu du lehen arretan artatua izateko zerbitzuak okerrera egin duela, eta esan du arazo konplexua dela, konponbide zailekoa. Beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatu die talde parlamentarioei, eta arazoari irtenbidea bilatzea gizarte osoari dagokiola esan du: «Guztiona da erantzukizuna: kudeatzaileena, profesionalena eta herritarrena». 

Cabezaren aburuz, medikuen falta orokorra da, eta egoera okerragoa da lehen arretan. Egoera gordinagoa izango da datozen hamar urteetan Nafarroan: 787 langilek erretiroa hartuko dute, eta horietatik 269 dira medikuak (239 familiako medikuak, eta 30 pediatrak), 311 erizainak, eta 207 administrazioko langileak. 

Osotara, Cabezak esan du Osasunbideak 61 milioi euro inbertitu dituela kontratazioak osatzeko, baita profesionalen aparteko orduak ordaintzeko beste 19 milioi euro ere: «Osasunean inbertitutako %15a lehen arretara bideratzen da». Halere, familia medikuntzan izan diren hutsuneen erdiak baino ez direla bete aitortu du; lautik bat pediatrian. 

Mediku falta erantzule

Arazo nagusia mediku falta dela azpimarratu du Cabezak, eta ikasleak eta profesionalak familiako medikuntzara erakarri behar direla ondorioztatu: «Medikuak erakarri behar ditugu, fidelizazio planak eginez edo beste modu batean: lan eskaintza publikoetara deitu eta onartutakoak itxi, NUPeko medikuntzako lanpostuak ugaritzea posible ote den aztertu….».

Halaber, Cabezaren irudiko, hainbat dira lehen arretak okerrera egin izanaren arrazoiak: «Lehen arretak okerrera egin du eguneko kontsultak murriztu direlako, absentismoak gora egin duelako, lanpostuak betetzeko medikuak falta direlako, biztanleria zahartu delako eta gaixotasunak luzatu direlako, eta gizarteak zerbitzu gehiago eta kalitate handiagokoak exijitzen dituelako». Era berean, lehen arretan egiten den esfortzu ekonomikoa eta profesionalen prestutasuna azpimarratu ditu. 

Soluzio «konplexua»

Egoerari buelta ematea, ordea, zaila dela esan du Cabezak, biztanleria zahartzeak lan handiagoa emanen baitio Osasunbideari. Horretarako, hezkuntzaren eta familia medikuntzaren beharrak ikuspegi global batetik antolatu behar direla azpimarratu du, azken hori estatuarekin koordinatuz. «Halaber, baliabideen kudeaketa hobetzeko eta etorkizunean medikuen hornikuntza planifikatzeko ahal ditugun neurri estrategikoak ezarri behar ditugu». Prebentzioaren sustapenaren, beharrezkotzat jo du autozaintzaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egitea ere.

EH Bilduko parlamentari Txomin Gonzalezen aburuz, Nafarroak Osasunbidea kudeatzeko duen eskumen falta agerian uzten du txostenak, eta osasun arloko profesionalen lanpostuak bermatzeko eskatu du: «Ordainsariak eman behar dizkiegu langileei, gera daitezen; izan ere, hori bermatzen ez bada zaila izanen da kalitatezko lehen arretako osasun sistema bat izatea». Hartu daitezkeen neurriak aztertzeko osasun sailburuarekin hitz eginen dutela esan du Gonzalezek.

Herritarren ondoeza agerikoa dela salatu du UPNko parlamentari Leticia San Martinek. «Lehen arretan artatua izateko bidea ematen ez duen sistema bat ontzat hartzea zaila da». Izan ere, egoerak okerrera egin duela adierazi du: «Ohikoa bilakatu da osasun zentroetako ateetan ilarak ikustea 07:00etan, baita 08:00etan osasun etxera deitu eta erantzunik ez jasotzea ere». San Martinen aburuz, lehen arreta erakargarriagoa bilakatzea da gakoa, eta hark merezi duen aitortza jasotzea. 

PSNko kide Maite Esporrinek, berriz, lehen arreta on baten beharra azpimarratu du, espezializazioetako pazienteek zerbitzu horretako kontsultak bete ez ditzaten. Halaber, azaldu du soluzioak ez direla errazak: «Medikuen gabezia ez da gauetik goizera konponduko; garrantzitsua litzateke parlamentuko talde guztiek osasun arloko itun bat eginen balute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.