Nafarroako Kontserbatorioko ikasleek salatu dute «jazarpena eta mehatxuzko mezuak» pairatzen ari direla

Bi irakasle salatu zituzten iaz, indarkeria matxista leporatuta. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eskatu diote irakasle horien kontrako auzia «bizkortzeko».

 Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa, azaroan. BERRIA
Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa, azaroan. BERRIA
Isabel Jaurena.
2025eko apirilaren 8a
21:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleek bi irakasle salatu zituzten iaz, indarkeria matxista leporatuta. Bada, gaur, elkarretaratzea egin dute lau hilabeteotan jasan behar izan duten egoera salatzeko, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eskatu diote irakasle horien kontrako auzia «bizkortzeko»: «Ezin gara lasai egon, noiznahi itzul baitaitezke ikasgeletara».

Hain zuzen, sare sozialen bidez jazartzea eta sexu proposamenak egitea leporatu diote bati; bertzeari, berriz, ikasgelan iruzkin sexista eta desegokiak egitea. Gertatutakoa salatu zutenean, Hezkuntza Departamentuko ikuskaritzak diziplina espedientea zabaldu zien bi irakasleei, eta lehenbizikoa lan jardunetik kanpo utzi zuten behin-behinean. Orain, ikasleek salatu dute «jazarpena eta mehatxuzko mezuak» pairatzen ari direla: «Badakigu hainbat irakasleri ezinegona sortu diela gu mobilizatu izanak, eta gure testigantzei zilegitasuna kendu nahi zaiela. Ez dugu onartuko gu kriminalizatzea salaketa publiko bat egiteagatik eta haien ekintzen harira isilik ez geratzeagatik».

Eskatu dute gisa horretako egoerei aurre egiteko prozesuak «azkarrak eta eraginkorrak» izan daitezela, eta biktimak ez ditzatela utzi «ziurgabe, zer gertatuko den jakin gabe». «Hemen gauden guztiok erakutsi nahi dugu ez garela besoak gurutzatuta geratuko ezein erasoren harira, ezta eraso horiek egiten dituztenen inpunitatearen harira ere», azaldu dute. Horrekin batera, funtsezkotzat jo dute hezkuntza zentroak seguruak izan daitezen lan egitea, eta nabarmendu hori ikasleen antolaketaren bidez egiten dela: «Matxismoa ez dadila geratu zigorrik gabe».

Eserialdia

Salaketak plazaratu zirenean, ikasleek eserialdi bat egin zuten kontserbatorioaren aitzinean, ikasgeletan jasaten duten matxismoa eta jazarpena gaitzesteko. «Eraso egiten digunarekin giltzapetuta gaude ikasgelan», dioen kartel bat itsatsi zuten kontserbatorioko atean. «Hori da errealitatea. Biktima [Espainiako Poliziaren aurrean salaketa jarri duen ikaslea] urtebetez egon da irakasle horrekin banakako klaseak hartzen, eta ikasturte honetan klase kolektiboa hartu behar izan du. Irakasleak bazekien salaketa bat zegoela, eta egoera oso deserosoa zen», erran zuten ikasleek.

Adierazi zutenez, ikasle batzuek kontserbatoriora joateari utzi zioten, gizon horren jazarpenaren ondorioz: «Buruko osasunari asko eragiten dio horrek, eta ez zeuden eskolak hartzeko moduan». Gaineratu zutenez, hitz egiteko balio izan die bertze batzuei, eta, gehienei, elkarren artean batzeko ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.