Nafarroako Kontserbatorioko ikasleek bi irakasle salatu dituzte, indarkeria matxista leporatuta

Sare sozialen bidez jazartzea eta sexu proposamenak egitea leporatu diote bati; besteari, berriz, ikasgelan iruzkin sexista eta desegokiak egitea.

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa, gaur goizean. JOXERRA SENAR
Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa, gaur goizean. JOXERRA SENAR
Joxerra Senar - Mikel Elkoroberezibar Beloki
2024ko azaroaren 26a
10:25
Entzun

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleek bi irakasle salatu dituzte, indarkeria matxista leporatuta. Sare sozialen bidez jazartzea eta sexu proposamenak egitea leporatu diote bati; besteari, berriz, ikasgelan iruzkin sexista eta desegokiak egitea. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko ikuskaritzak diziplina espedientea zabaldu die biei, eta lehena jardunetik kendu zuten ostiralean, behin-behinean.

Ikasle batek, gainera, salaketa bat aurkeztu du gizon horren aurka Espainiako Poliziaren aurrean, sexu delitu bat leporatuta. Bestea ez da lanean ari egun hauetan, gaixo baimena hartuta duelako.

Alaiz Barrena kontserbatorioko ikaslea da, eta ikaskideen izenean nabarmendu du salatzeko prozesua «zaila» izan dela: «Urteetako arazoa da, ez da bat-bateko kontua. Ikasleak isilik egon gara urteetan, eta zuzendaritzak konfiantza eman digunean ausartu gara. Orduan sentitu gara ingurune libre eta seguru batean, gertatutakoa kontatu ahal izateko».

Arantza Lorenzo de Reizabal martxoan izendatu zuten Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko zuzendari, eta, azaldu duenez, berehala eman zioten jazarpen kasu horietako baten berri; zehazki, sare sozialen bidez jazartzea eta sexu proposamenak egitea leporatu dioten irakaslearen berri. Orduan jo zuten Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko ikuskaritzara: «Egia da prozesuak motelak direla, baina elkarrizketak egin dira ikasleekin, irakasleekin... Kasu hauetarako prozedura bat dago, eta azkenik lortu dugu kautelazko neurri bat hartzea: behin-behinean eskolak emateari utziko dio irakasleetako batek».

Eserialdia

Ikasleek eserialdi bat egin dute goizean kontserbatorioaren aurrean, ikasgeletan jasaten duten matxismoa eta jazarpena salatzeko. «Eraso egiten digunarekin giltzapetuta gaude ikasgelan», dioen kartel bat itsatsi dute kontserbatorioko atean. «Hori da errealitatea. Biktima [Espainiako Poliziaren aurrean salaketa jarri duen ikaslea] urtebetez egon da klaseak hartzen indibidualki irakasle horrekin, eta kurtso honetan klase kolektiboa hartu behar izan du. Irakasleak bazekien salaketa bat zegoela, eta egoera oso deserosoa zen».

Barrenak aditzera eman duenez, ikasle batzuek kontserbatoriora joateari utzi diote, gizon horren jazarpenaren ondorioz: «Buruko osasunari asko eragiten dio, eta ez zeuden eskolak hartzeko egoeran». Gaineratu duenez, beste batzuei balio izan die hitz egiteko, eta, gehienei, elkarren artean batzeko ere bai.

«Gu ausartu gara hitz egitera, baina Arantzak hitz egiten utzi digulako. Horregatik atera da beste kasua, ikasleek ikusi dutelako neurriak hartzen direla»

ALAIZ BARRENANafarroako Kontserbatorioko ikaslea

Ikuskaritza prozesu bete-betean zebiltzanean izan zuten beste irakaslearen aurkako salaketen berri. «Ez dira kasu berak, baina funtsean gauza bera da: elkarbizitza arazoak, jarrera desegokia, aipu matxistak...», kontatu du Lorenzok. «Gu ausartu gara hitz egitera, baina Arantzak hitz egiten utzi digulako. Hark bilatu gintuen: 'Norbaitek kontatuko al dit zer gertatzen den?'. Apur bat horrela hasi zen. Horregatik ausartu ginen hitz egitera, eta horregatik atera da beste kasua, ikasleek ikusi dutelako neurriak hartzen direla eta balio duela hitz egiteak. Inork ez zuen hitz egin nahi ordura arte; azkenean, guri eragiten digulako, eta ikusten genuelako jazarleek eskolak ematen jarraitzen zutela», erantsi du Barrenak.

Kontserbatorioaren misioa zera da, ikasleek musika gaitasun profesionalak garatzea. «Hori ezin da lortu elkarbizitza girorik ez badago, giroa ez bada inklusiboa, tolerantea, ez bada nagusi askatasun giro bat, non eta mundu guztia egongo den gustura, lasai, indarkeriarik gabe, mehatxurik gabe», azaldu du zuzendariak. Horregatik, nabarmendu du jazarpen matxistarik ez dutela ametituko.

«Horrelako jarrerak izatea erabat gaitzesgarria da, baina alde ona da gure zentroak ez duela beste aldera begiratzen. Ez dela zaborra alfonbra azpian ezkutatzen»

ARANTZA LORENZO DE REIZABALNafarroako Kontserbatorioko zuzendaria

Irakasleen, zuzendaritzaren eta ikasleen artean izandako elkarlana azpimarratu du Lorenzok: «Elkarrekin lan egiteak eramaten gaitu arrakastara. Kasu honetan eta kasu guztietan». Ildo horretatik, dei egin die beste eskolei tankera horretako neurriak hartzera: «Horrelako jarrerak izatea erabat gaitzesgarria da, baina alde ona da gure zentroak ez duela beste aldera begiratzen. Ez dela zaborra alfonbra azpian ezkutatzen».

Barrenak ere laguntza bilatzera egin die dei beste ikasle batzuei: «Beste zentro batek ez badu laguntzen, bila dezatela laguntzeko prest dauden irakasleen artean». Ikaskideei, zera esan die: «Neskei zein mutilei eskatzen diegu ez daitezela isilik geratu desberdintasun egoerak gertatzen direnean». Indarkeria matxistaren aurkako protokoloak garatzeko ere galdegin du, arretagunea jazartzaileengan jarrita: «Zentrotik urrun nahi ditugu, haiek baitira arazoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.