Administrazioan Euskaraz taldeak elkarretaratzea egin zuen atzo Nafarroako Kontseiluaren egoitzaren aurrean, erakunde horrek merezimenduen dekretuaren auzian jokatu duen rola salatzeko. Zehazki, kontseilu aholku-emailearen «jardun euskarafobikoa» kritikatu du elkarteak. Nafarroako Gobernuak abenduan onetsi zuen dekretua, baina, araua indarrean sartu aurretik, txosten juridikoa eskatu zion Nafarroako Kontseiluari. Agiri horretan, kontseiluak ez zuen ontzat jo dekretua, eta argudiatu zuen ez dela legezkoa euskarari meritu izaera aitortzea eta puntuatzea lan deialdi guztietan. Argudio horri zentzugabe deritzo AETk: «Osasunbidean, merezimendu guztiak baloratzen dira modu orokorrean: puntu bat doktoretzagatik; 0,75 puntu nazioartean artikulu bat argitaratzeagatik; bi puntu alemana jakiteagatik... Zergatik ezin da modu orokorrean baloratu euskara?», galdetu dute ohar batean.
Irizpen berean, gainera, Nafarroako Kontseiluak «funtsezkotzat» jo zuen lan deialdi publikoetan meritutzat hartzea ingelesa, frantsesa eta alemana, «Europako Batasuneko hizkuntzak diren aldetik». Hori dela, AETk uste du kontseiluaren txostena ez dela juridikoa, «erabat ideologikoa» baizik: «Ia ez du aipatzen Nafarroako Euskararen Legea, ez du kontuan hartzen Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna, eta ahaztu egiten ditu konstituzioan jasotako gaitasuna, merezimendua eta hizkuntzen ofizialtasuna».
Egoera «oso larria» dela uste du AETk, azken bost urteotan euskara jakiteak ez baitu punturik eman lan deialdi askotan —batik bat Osasunbideko deialdietan puntuatzen dira merezimenduak—, Uxue Barkosen gobernuak onartutako Euskararen Dekretua epaileek kamustu zutenetik. Merezimenduen dekretu berriak, baina, ez du egoera onbideratuko: «Onetsi nahi den dekretua txarra da: alemana, adibidez, Nafarroa osoan baloratuko da, eta euskara eremu euskaldunean eta mistoan bakarrik. Baina okerrena da dekretu txar hori onesten ez den bitartean jarraituko dutela eremu mistoan euskara baloratu gabe. Etsigarria da».