AETk salatu du Nafarroako Kontseiluak merezimenduen dekretuaz emaniko irizpena «konstituzioaren aurkakoa» dela

Administrazioan Euskaraz Taldeak Iruñean egindako elkarretaratzea, artxiboko irudi batean. BERRIA
Euskararen ofizialtasunaren aldeko elkarretaratze bat, Iruñean, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ion Orzaiz.
2024ko martxoaren 14a
11:00
Entzun

Nafarroako Gobernuak aurki onartuko du merezimenduen dekretua. Tramitazioaren azken-aurreko urratsa egin zuen proiektuak otsailean, Nafarroako Kontseiluak hari buruzko irizpena emanda, eta, orduko hartan, erakunde aholku-emaileak «legez kontrakotzat» jo zuen euskara meritu izatea Osasunbideak eremu mistoan egiten dituen lan deialdi guztietan. Irizpenari erantzuna eman dio orain AET Administrazioan Euskaraz Taldeak: uste du «konstituzioaren aurkakoa» dela eta, besteak beste, ez duela aintzat hartzen Euskararen Legea.

«Irizpenak ez du ia aipatzen Nafarroako Euskararen Legea, zeinak zehazten baitu eremu mistoan administrazioek aukera dutela euskaraz jakitea nahitaezkoa duten lanpostuak jartzeko eta lan deialdietan euskara meritu moduan baloratzeko», azaldu du Joseba Otano AETko kideak, ohar batean. «Oso kontuan hartzen du, ordea, Espainiako Konstituzioaren 23. artikulua, zeinaren arabera herritarrek eskubidea duten berdintasunez funtzio eta kargu publikoetara heltzeko». Hala ere, Otanok gaineratu du Espainiako Konstituzioan jasotako berdintasun printzipio hori «legeek ezartzen dituzten baldintzen arabera aplikatu behar dela»: «Konstituziotik zuzenbideko printzipioak atera nahi badira, osotasunean eta modu harmoniko eta integralean atera behar dira».

«Euskara meritu gisa baloratzea guztiz legezkoa da, eta, hori egiteko orduan, ez dute inongo murrizketarik ezartzen ez Konstituzioak, ez Nafarroako Euskararen Legeak».

JOSEBA OTANOAdministrazioan Euskaraz Taldeko kidea

Zehazki, euskararen izaera ofiziala Espainiako Konstituzioan ere jasoa dagoela gogorarazi du AETk: «3. artikuluan ezarria dago gaztelania dela Espainiako Estatuaren hizkuntza ofiziala, eta beste hizkuntzak ere ofizialak izanen direla haiei dagozkien erkidego autonomoetan, beren estatutuei dagozkien eran. Nafarroako Parlamentuak Euskararen Legea onartu zuenean, ahalmen hori erabili zuen. Beraz, berdintasun printzipioa irizpide absolutu gisa erabiltzea, meritu eta gaitasun printzipioak alde batera uztea, eta Euskararen Legea ahaztea ez dira printzipio konstituzionalak ateratzeko modurik onena».

Euskararen Legeaz harago, baina, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna ere aipagai du Otanok, berdintasun printzipio hori aplikatzeko tenorean «pista batzuk» ematen dituelakoan: «Hizkuntza gutxituen hiztunen eta gainerakoen arteko berdintasuna lortu asmoz aplikatutako neurri bereziak ez dira hartuko indar handiagoko hizkuntzetako hiztunen kaltetan eginiko bereizkeriatzat». Are, euskara «modu proportzionalean» baloratzeko eskaera «epaileek eraiki duten agertoki euskarafobikoaren ondoriotzat» jo du AETk, «berdintasun printzipioa sakralizatu eta legeek beste hizkuntzei ematen dieten ofizialtasuna ahaztuta».

«Euskararen balorazioa modu proportzionalean egiteko eskaera da epaileek eraiki duten agertoki euskarafobikoaren ondorio bat, berdintasun printzipioa sakralizatu eta legeek beste hizkuntzei ematen dieten ofizialtasuna ahaztuta».
JOSEBA OTANO Administrazioan Euskaraz Taldeko kidea

Nafarroako Kontseiluaren irizpenean polemikarik biziena sortu duen puntuaz —Osasunbideko deialdietan euskara «modu orokorrean» baloratzea «legearen aurkakotzat» jotzen duenaz—, Otanok adierazi du «erabat antikonstituzionala» dela: «Ahazten du konstituzioak propio aipatzen dituela gaitasuna, meritua eta hizkuntzen ofizialtasuna». Horregatik guztiagatik, AETk uste du euskara meritu gisa baloratzea «guztiz legezkoa» dela, eta, hori egiteko orduan, Espainiako Konstituzioak eta Euskararen Legeak «ez dutela inolako murrizketarik ezartzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.